Bilduma online eta irudien salmenta
Kafe-etxe bat Direktorioaren garaian
Palmaroli y González, Vicente
Zarzalejo (Madril), 1834/09/05-Madril, 1896/01/25
Olioa oholean
37,5 x 44 cm
V. Palmaroli (eskuineko beheko angelua)
1873
69/187
Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an
Eszena galaia gertatzen ari da kafetegi batean. Gizonezko prestu bat, bere karmesi koloreko zetazko kapan galanki bildua, dama bati gorte egiten ari zaio. Hark, buruko oihal argiz eta brodatuz apaindutako jantzi dotorez jantzia, kasu egiten dio elkarrizketa limurtzaileari, bere abanikoarekin maite jolasetan erantzuten diola ematen du. Eszena nagusitik hurbil, eszenatokiaren izaera kastizoa nabarmentzen du zezenketa bat iragartzen duen kartelak. Giroak, oro har, XVIII. mendearen azken urteei erantzuten diela dirudi.
Izan ere, taularen atzealdean ageri den eskuz egindako inskripzioak ematen du, pinturaren egileak berak egina, garrantzirik gabeko ekintza honen izenburu zehatza ezagutzeko aukera. Kronologiari dagokionean, 1794ko thermidor hilabetearen eta 1799ko brumaire hilabetearen artean kokatuko genuke, Frantziako eta Europako aldi ospetsua, Direktorio gisa ezagutzen dena. Horrela, eszenaren giroa kastizoa izan arren, egileak kronologia frantsesa ematen dio nahita bere obrari.
Palmarolik pintura masa handirik gabe egin zuen obra hau, pintzelkada trebearekin, egite kartsu eta geldigaitza erakutsiz, baina betiere marrazkiarekiko leial, Mariano Fortuny-ren (1838-1874) arteari jarraiki; hark, garai haietan, arrakasta handia lortua baitzuen jada Parisen. Ez da harritzekoa bere karrerako une hartan margolari madrildarra maisu kataluniarrean inspiratu izana; izan ere, Palmaroli, pintura hura Madrilen sinatu zuen urte berean jarri zen Frantziako hiriburuan bizitzen denboraldi luze baterako, eta hain zuzen ere estilo hori izan zen arrakasta ziurtatu ziona. Hain zuzen, obra hau Palmaroli Parisera joan baino hilabete bat lehenago saldu zitzaion lehen jabeari, Goupil-i margolan sorta ederra eskaini ahal izateko; arte salerosle ospetsu hark hamabi mila franko ordaindu omen zizkion. Palmaroli luze gabe Madrilera itzuli bazen ere, bere gauzak konpontzeko bakarrik etorri zen, eta urte horren amaieran, bere lagun min Eduardo Rosales (1836-1873) egoera tragikoan desagertu ondoren, Parisera joan zen betiko, eta urte asko eman zituen han.
Ziur aski koadroaren egite azkar eta seguru hori justifikatua dago Bilboko Arte Ederren Museoko pintura lehenagoko beste obra baten erreplika guztiz autografoa izateagatik, Jean Laurent-en argazki zaharretako baten bidez bakarrik ezagutzen zena, haren katalogoko 1.594 klixearekin. Esaten denaren arabera, Direktorioaren garaiko kafetegi bat irudikatzen zuen, eta horrek baieztatu egiten du Palmarolik atzealdean obraren jatorrizko gisa idatzitako izenburua. Lehen konposizioaren arrakasta, pintzelkada estuagoaz egina hura, eta laster egin behar zuen bidaiarako diru beharra izango ziren Madrilen berehala saltzeko erreplika hura egiteko arrazoiak. Izan ere, oso ohikoa zen egileek berek beren konposizio hoberenen erreplika mekanismo haiek erabiltzea, eta Fortuny bezalako batzuek kalko orriak ere erabiltzen zituzten erreprodukzioak azkar eta zehatz egiteko. Horregatik, kasu honetan oso txikiak dira erreplikaren eta jatorrizko koadroaren artean dauden aldeak. Bilboko koadroan Palmarolik orraztu egin zuen bere lehen konposizioa, elementu osagarri batzuk kenduta, neurri txikiagoak izango zituen euskarri batera erosoago egokitzeko beharbada. Nabarmena da ispilu ondoan dagoen zezenketa iragartzeko kartelaren gaineko argiaren falta, jatorrizko obran erreplikan baino askoz ere argiago ikus baitaiteke publizitate hori. Museoko bertsioan ez da ageri konposizioaren hondoan, eskuinaldean, dagoen billar mahai frantsesaren gaineko lanpara astuna ere. Era berean, ez dira ageri, lehen margolanean hondoan, leihotik gertu, zeuden billar makilen altzaria eta mahaitxo txikia ere. Azkenik, aipatzekoa da, Museoko obran ez dela agertzen eguzkitakoaren eta adar biko kapelaren ondoan, konposizioaren lehen mailan dagoen aulkiaren gainean, mahaiaren azpian, zegoen zaharo edo bastoi txikia. [Carlos G. Navarro]
Bibliografia hautatuta
- Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 56, n° cat. 227. (Con el título Un Café en tiempos del Directorio, y atribuido a Vicente Palmaroli)
- Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 87, n° cat. 187. (Con el título Un café del siglo XVIII, y atribuido a Vicente Palmaroli)
- Pérez y Morandeira, Rosa. Vicente Palmaroli. Madrid, Instituto Diego Velázquez del Consejo Superior de Investigaciones Científicas, 1971. lám. 31.
- Bengoechea, Javier de. Museo de Bellas Artes, Bilbao. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1978. p. 229.
- Luna, Juan José. "La Botillería, de Vicente Palmaroli, en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Urtekaria 1990 : asterlanak, albistak = Anuario 1990 : estudios, crónicas. 1991. pp. 67-70.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 112-113, n° cat. 22. (Con el título Un café en tiempos del Directorio)
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 112-113, n° cat. 22. (Con el título Un café en tiempos del Directorio)
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 112-113, n° 22. (Con el título Un café en tiempos del Directorio)
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 235-237, n° cat. 36.