Jesus Pilatosen aurrean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Jesus Pilatosen aurrean

Anonimoa. XVI. mendearen amaiera eta XVII. mendearen hasiera

Sangina paperean

32,4 x 22,1 cm

82/810

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Sangina teknikarekin landutako marrazki hau Boussacen bilduman egon zen, eta 1926an jendaurreko enkantean jarri ziren egile horren lanen artean zegoen, XVI. mendeko Holandako eskolako obra zelakoan. Jose Palaciok erosi eta 1954an Museoan zen. Lasterraren katalogoan, 1959an argitaratuan, XVI. mendeko italiar artista bati esleitzen zaio lan hau. Hala eta guztiz ere, konposizioa alemaniar jatorriko Hendrick Goltzius (Mühlberecht, 1558 - Haarlem, 1617) artista holandarrak 1596an grabatutako irudi batean, Pasioaren inguruan landu zuen zikloaren baitan, oinarritu dela ematen du. Goltzius, bere aldetik, Dureroren Pasio Txikiko bi xilografia lanetan oinarritu zen, Kristo Herodesen aurrean eta Kristo Pilatoren aurrean izenburuko xilografia lanetan, eta hainbat pertsonaia eta elementu arkitektoniko hartu zituen batetik eta bestetik. Grabatua eta grabatua prestatzeko aurreko marrazkia neurri berekoak izan ohi baziren ere, lan honetan ez da hori gertatzen, handiagoa baita sangina, eta horrek Goltziusen grabatuan oinarritutako kopia bat delako ideia sendotzen du. Kontuan izanik artista horrek 1596an egin zuela grabaturako plantxa, geroagokoa behar du izan marrazkiak. Hortaz, XVI. mende bukaeraren eta XVII. mende hasieraren artean datatu behar dugu lan hau.

Zaila da egilearen herritartasuna zehaztea, kontuan eduki behar baita XVI. mendeko europar artistek grabatuak erabili ohi baitzituzten gerora landuko zituzten marrazkiak edo margolanak lantzeko. Estiloa zehatza eta apur bat lehorra baita, birtuosismo handiko lana baita, guk uste dugu Lucas de Leyden (1494-1533) holandarraren estetikatik oso gertu dagoen iparraldeko artista batena dela, 1955. urtean Edgar Peters Bowronek jada iradoki zuen bezala.

Atari errenazentista batean gertatzen da eszena. Garaiko modaren arabera daude jantzita irudi asko eta asko, denak Jesus izan ezik, pertsonaia sakratuak irudikatzeko ohiturei jarraiki alla antica jantzita baitago. Ia erabatekoa da Goltziusen grabatuarekiko leialtasuna, pertsonaia batzuk eta hondoko elementu batzuk baizik ez zaizkio falta. Harrigarria da maisu honek sangina deritzon teknikan iritsi zuen trebetasun maila. Teknika horretan hematite edo burdin oxidoa duen arkatza erabiltzen da, horrexek ematen dio teknika honi berezkoa zaion kolore gorrixka. Marra ezin meheagoek markatzen dituzte profilak, ileak eta ingerada batzuk, eta lausotu meheak forma ematen die bolumenei. (Ana sánchez-Lassa)

Bibliografia hautatuta

  • Collection M. J. Boussac. Catalogue des dessins et aquarelles des ecoles francaises & etrangeres du XV au XIX siecle. Enluminures. Galeries Georges Petit, Vente 10 et 11 mai 1926. Paris. p. 18, n° cat. 29.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 174, n° cat. 36-a. (Con el título Jesús ante Pilatos, y como Anónimo Italiano del siglo XVI)
  • Dibujos y grabados, siglos XV-XVIII : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2005. pp. 36-39. (Como Anónimo de fines del siglo XVI y principios del siglo XVII)