Izenbururik gabea [Uwaki no sô (Emakume aldabera)] - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea [Uwaki no sô (Emakume aldabera)]

Utamaro, Kitagawa

Japonia, 1753-1806

Xilografia

38,6 x 25,3 cm

Somi Utamaro ga

c. 1792-1793

XVIII. Mende amaiera

82/778

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Jarraitutasungabea edo Hedonista izenez ezagutzen den estanpa hau Kitagawa Utamaroren maisulan bat da, ukiyo-e arte motan japoniar emakumea erretratatu zuen artista handienaren maisulana. Utamaroren arteak emakume ederren (bijin-ga) generoan eskaini zituen laginik onenak, okubi-e moldeko erretratuetan, hau da, ez gorputz osoa irudikatzen duten eszenetan baizik eta gerritik gorakoa irudikatzen dutenetan, emakumearen nortasuna eta aldarte egoera islatu nahi baitzituen artista handi honek. Fujin sōgaku juttai izenburuko hau da serie onenetako bat, zortzi estanpa ezagutzen dira; amaituta egon baino lehen, argitaldariak aldaketa txiki bat sartu zuen izenean: Fujo ninso juppon. Palacio Bilduman serie bereko beste estanpa bat dago izenburu berriarekin. Ez da zehatz ezagutzen argitaldariak aldaketa hori egiteko arrazoia, baina segur asko merkataritzaren alorreko gorabeheraren bat egongo zen tarteko, edo fisiognomiaren (burua edo gogoa aurpegiaren irakurketaren bidez interpretatzean datza) sasi-zientzia praktikatzen zutenek bidegabe sartzeagatik aurkeztutako salaketaren bat tarteko. Egileak ad hoc adierazpide bat erabili zuen bere sinaduran, hitzez hitz, Utamaro fisonomistak marraztua dioena. Nolanahi ere den, japoniar emakumea irudikatzeko modu berria bezain deigarria hauteman daiteke estanpa hauetan, emakumearen psikologian gehiago sartzen da egilea, eta meheki islatzen ditu nortasun mota ezberdinak.

Arropen diseinuan arreta galtzen ez badu ere, egia esan emakumearen aurpegian kontzentratzen da konposizio osoa, aurpegia nabarmendu egiten da luxuzko hondo distiratsuak inguraturik, hondo distiratsu hori kirazuri teknikaz landua dela, mika hautsarekin. Estanpako kartutxoak hiru zerrenda bertikal ditu: batean seriearen izenda dago idatzita, erdikoan estanparen izenburua irakur daiteke eta hirugarrenean, sinadura, zentsorearen zigilua eta Tsutaya Jazaburo argitaldariarena, Utamaroren lagun handia ez ezik haren sustatzailea ere izan baitzen. Serieko estanpa askotan hutsik dago izenburuari dagokion erdiko zerrenda, ez dakigu zergatik. Halaxe gertatzen da Palacio Bildumako kopian, ez ordea beste museo batzuetako kopietan. Bainugelatik irteten ari den emakume sentsual horri uwaki izenaz ezagutzen zaio, gaur egun desleialtasun sexualaren konnotazioa du baina garai hartan arinkeriarekin lotzen zen. Utamaroren maisulan hau munduko ukiyo-e bilduma ezagunenetan dago jasota, esate baterako Londresko British Museoan. Tokioko Museo Nazionalean gordetzen den kopia Kultur Intereseko Ondasun gisa dago izendatuta. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 272-273, n° cat. 73.