Bilduma online eta irudien salmenta
Izenbururik gabea (Lau emakume)
Iturrino González, Francisco
Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21
Ikatz-ziria paperean
20,5 x 29,3 cm
c. 1895-1898
88/47
1988an eskuratua
Erakusketa honetan aurkeztutako Francisco Iturrinoren marrazki gehienetan ez bezala, paperaren azalera osoa hartzen dute obra honen aurkiko eta ifrentzuko motiboek. Aurpegi bakoitzean ezberdinak dira eszenak. Aurkian hiru emakume ageri dira handiagoa den laugarren baten inguruan, azken hori lurrean datzala; ifrentzuan, emakume bat ageri da belauniko eta ikusleari bizkarra emanez, begirada garbitegi antzeko batean jarrita duela. Bi marrazkien arteko lotura gisa, antza errepikatu egiten da irudietako bat, hori bai, marrazki bakoitzean kontrako ikuspegitik hartuta.
Urmaeletako eta garbitegietako bainuak oso motibo errepikatuak izan ziren Iturrinoren obran. Voyeurra balitz bezala, Iturrinok sarritan margotu zituen bainu bat hartzeko prestatzen ari ziren emakume erdi biluziak, baita beren arropak ibaian eta garbitegietan garbitzen ari ziren emakume taldeak ere. Ifrentzuko marrazkiaren forma angeluzuzen zirriborrotsuek tematika honi emandako margolanak eta grabatu lanak ekartzen dizkigute gogora. Aitzitik, egileak txarretsi egingo zuen konposizio honekin aurrera egitea, amaitutako obra guztietan oso-oso gutxi baitira emakume bakarraz osatutako lanak.
Aitzitik, askoz ere landuago dago aurkiko marrazkia, lurrean jolasean ari den emakume talde batek osatutako pasarte tipikoa. Lurrean datzan emakumearen eta ondoan dituen beste hiruen arteko eskala alde horrek familia barruko eszenaren bati egin diezaioke erreferentzia, hots, alabez inguratutako amari. Hala eta guztiz ere, bere emazteari eta seme-alabei egindako erretraturen bat alde batera utzirik, haurrak eta familia barruko eszenak ez ziren egilearen obran motibo garrantzitsu izan. Bestalde, hiru irudi txikiagoek erdizka antzematen uzten dituzte beren bularrak eta aldaka garatuak; hortaz, eskala alde horrek agerian uzten du obra hau egilearen ibilbidearen lehen etapetako batean landua dela, segur asko Parisen egon baino lehen, agian Salamancan egindako aurreneko egonaldietako batean. (Helena López Camacho, 2009)
Bibliografia hautatuta
- Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 220.
- Cat. Francisco Iturrino. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa, 1996. p. 220.
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 78-81, n° cat. 28.