Izenbururik gabea (Emakumea zutik) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea (Emakumea zutik)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria paperean

26,6 x 20,2 cm

c. 1904-1906

88/51

Arantza Zabala andrearen dohaintza 1988an

Bi emakume dira marrazki honetan protagonista. Paperaren aurkian bere soinekoari bizkarraldetik eusten dio zutik dagoen emakumeak, eta ifrentzuan, askoz ere trazu sotilagoekin eta desitxuratuagoekin egina, beste emakume bat ageri zaigu bere gona handia biltzen ari dela, hanka gurutzatzen ari dela eta oinetakoa janzten ari dela.

Iturrinok 1904-1906 urte bitartean egingo zituen zirriborro hauek gerora oihalera eramango zuen obra bat prestatzeko; margolan hori (Landako eguna) Kataluniako Museu Nacional d'Art museoan dago gaur egun. Zelaian dauden emakume talde handien erretratuen tipologian sailkatzen da obra hori. Gisa horretako margolanetan irudiak pilatu egiten dira elkarren artean nahasten diren bolumen kubikoetan oinarritutako egitura morfologiko ia abstraktu batean, beti ere atzeko oihalarena eratzen duten paisaia berdeen aurrean. Planoan eta perspektiban emakume asko eta asko egituratu behar zituenez, Iturrinok zirriborro eta lehen marrazki asko eta asko egin behar izan zituen lortu nahi zituen mugimenduak, angeluak eta jarrerak erdietsi arte. Hortaz, aldaketa txiki batzuk egin eta eskala txikiagora murriztuta, gerora bere margolanetara eramango zituen saioen adibide ezin hobeak dira bi marrazki hauek.

Urte horietan aldaketa handia bizi izan zuen Iturrinoren obrak konposizioei dagokienez, baina batez ere koloreari dagokionez. Hainbat dira arrazoiak. Alde batetik, Sevillatik eta Kordobatik igaro ondoren, hegoaldeko argiak eraman zuen artista errealitatea bestela hautematera eta bere oihaletara ordura arteko ez bezalako argi efektu guztiz desberdinak eramatera. Eta bestetik, margolari fauvisten obrak eta Derain bezalako artistak ezagutu izanak halako aldaketa bat eragin zuten Iturrinoren koloreen paletan, ordutik aurrera gehiago erabiliko zituen gorria eta laranja bezalako kolore beroak. Aldi berean, segur asko kubismoak eta Cézanneren eta Picassoren obrak eraginda, Iturrinok sinplifikatu egin zituen garai hartan bere konposizioetako marra zehatzak, eta koloretako gune geometrikoetan egituratutako obra itxura batean amaitu gabeak landu zituen.

Horrenbestez, gorputzaren mugetan eta egiturazko moduluen bereizketan marra angelutsuak eta oso markatuak ageri ditu emakumearen irudiak. Emakumearen aurpegi era berean geometrikoak ekialdeko pertsonen moduko begiak ditu ezaugarri nagusia, eta horrek agerian uzten du ekialde urrunak Pariseko abangoardiako artisten artean izan zuen eragina, aldi berean Iturrinoren obretan ere islatu zena. Aurkiko emakume angelutsu horrek ez bezala, lerro biribilagoak dauzka ifrentzuko emakumeak bere gorputzean eta jantzietan, nahiz eta biek partekatzen duten bi irudiok artikulatzen dituzten bolumenen bakuntasuna. (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 84-85, n° cat. 30.