Izenbururik gabea. (Bi emakume) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea. (Bi emakume)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria paperean

20,9 x 25,5 cm

c. 1913-1916

88/44

1988an eskuratua

Marrazki honetan emakume bat eta bera ikus dezakegu bi angelu edo perspektibatatik begira, mugitzen ari den anatomia irudikatzeko zirriborroa dela pentsa genezake. Emakume gorputz sendoak, halakoak baitira Iturrinoren gustukoenak, mugitzen ageri zaizkigu soinekoen gaza mehe eta sotilen azpian. Bi emakumeek dauzkate belaunetako artikulazioak tolestuta, eta besoak eta ukondoak geldirik ez baizik eta mugimendu alai batean murgilduta daude irudikatuta.

Emakumeen fisonomiak, hamaika tolesetan antolatutako soineko meheek, emakumeetako baten eskote limurtzaileak (bularrak erdizka ikusten uzten baitu), besoen egokierak eta soinen makurdurak artista honek landutako obren tipologia jakin batera garamatzate, zehazki, loreez eta paisaiez eraturiko hondoen aurrean ageri diren emakume taldeen tipologiara. Ederrak dira emakume horiek, soineko politak dauzkate, eta biribilean ari dira dantzan eskuetatik helduta; agian La Concepción lorategian (Malaga) eginak dira. Konposizio eta irudi horien harira, honako hau adierazi zuen L'Art Decorative aldizkariak: (...) "Soineko gardenen bidez erdizka ikusten dira atal suharrak, aldaka dardaratsuak, orban ilunak... Forma bat-batean ikusten da egilearen masa eta oreka legeetan, gehiegi landutako kolpe batez, analisirik egin gabe, eskema bat aurkezteko gaitasun apartarekin." (...). Hortaz, 1913-1916 bitartean landuko zuen Iturrinok obra hau.

1913an Arrasateko (Gipuzkoa) Santa Ageda ospitale psikiatrikoan sartu zuten bere emaztea, eta artistaren lagun Rafael Echevarriak Malagan zuen La Concepción etxaldera erretiratu zen Iturrino; han, etxe hura inguratzen zuten leku exotikoetan zelarik, landu zituen Iturrinok bere margolan onenak izango zirenak. Izan ere, behin bere emaztea ingresatu zutenean eta artistaren koinatak bikotearen seme-alabak hartu zituenean, Iturrinok bidaia asko egin zituen eta lan ugari burutu zituen urte horietan. Horrenbestez, 1914an, Bruselako Salon de La Libre Esthétique erakusketara eraman zituen bere lan batzuk, eta 1915ean lehenik Euskal Artisten Elkartearen erakusketara (Bilbo) eta geroago Bartzelonako Layetanas Galeriara. 1916an berriro ere itzuli zen Malagara, baina Madrildik igaro zen lehenik eta aurreneko aldiz jarri zituen bere lanak ikusgai Retiroko jauregian. Erakusketa horien harira asko izan ziren margolariaren estiloa eta obra goraipatu zuten kritikariak. Hamarraldi horretan heldutasunera iritsi ziren Iturrinoren estiloa eta forma, izan ere, behin artista belgikar, paristar eta espainiarren eraginak bere egin ondoren, estilo propioa eta pertsonala landu zuen artista honek. (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 218.
  • Cat. Francisco Iturrino. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa, 1996. p. 218.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 94-95, n° cat. 35.