Izenbururik gabea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea – 87/2

Torres García, Joaquín

Montevideo, 1874/07/28-Montevideo, 1949/08/08

Xilografia paperean

34,7 x 25,5 x 0,5 cm

1931

87/2

1987an eskuratua

Bere karreran zehar, Torres Garciaren arte ekoizpenaren bereizgarri nagusia izan zen hainbat ideia plastiko gauzatu, ondu eta ahitu egin zituela, eta bere lan teoriko handian ere islatu zen bilakaera hori. Horren harira, bere herrikide Rafael Barradasen bibrazionismoa ezagutu ondoren, eta noucentismeren kontzeptu klasizisten desengainuaren ondoren, Torres Garziak krisi artistiko bat izan zuen eta egungoa izanda bakarrik izan zitekeela klasikoa pentsatzea eraman zuen hark. 1917. urtean "Descubrimiento de sí mismo" liburuan eta Art-Evolució adierazpen eragingarrian islatu zuen kontzepzio hori. Hori zela eta, arian-arian abstrakziorantz egin zuen bere pinturak, eta alor horretan kubismoari eta futurismoari buruz zituen ezagutzak elkartu zituen hasiera batean.

1926. urtean Parisen jarri zen bizitzen, eta han Salon des Indépendants (1928, 1929 eta 1930) eta Salon des Supérindépendants (1929, 1930, 1931 eta 1932) aretoetan erakutsi zituen aldizka bere lanak. 1929. urtetik aurrera konstruktibismoa landu zuen Torres Garciak. Sorreran, Cercle et Carré (Zirkulua eta Karratua) abangoardiako taldea bultzatzen lagundu zuen Parisen Michel Seuphor-ekin batera, eta Arp, Mondrian eta Vantongerlooren laguntzaz. Laurogei artista baino gehiago -Van Doesburg, Gropius, Kandinsky eta Moholy-Nagy, besteak beste- bildu zituen talde hark erakusketa egin zuen 1930. urtean eta izen bereko aldizkari baten hiru zenbaki argitaratu zituen. Ordu hartan, neoplastizismoaren eta supremantismoaren eraginak lagundu egin zuen Torres Garciaren arte konstruktiboak izaera abstraktua izan zezan, batik bat 1930. urteko hamarkadaren erdialdean. Nolanahi ere, bere obrek ez zituzten inoiz galdu antzemateko moduko ikus-erreferentzia haiek, Izenik gabea xilografian egiazta daitekeen bezala.

1932 eta 1934 artean margolaria Madrilen jarri zen bizitzen, eta han hitzaldiak eman zituen, erakusketak antolatu zituen eta Arte Konstruktiboko Talde bat sortu zuen -1933. urtean sortu zuten eta Benjamín Palencia, Maruja Mallo, José Moreno Villa bezalako margolariak edo Ángel Ferrant eskultorea elkartu zituen-. 1934. urtean Montevideora itzuli zen, eta han konstruktibismoa sakontzen jarraitu zuen, Natura hila izeneko marrazkian ikus daitekeen bezala. Hartan, espazioa hainbat gunetan banatu eta haietan egokitu zituen objektuak, normalean gardenak, espazio sentsazioa ezeztatuz. Gainera, Montevideon, Arte Konstruktiboko Elkartea sortu zuen 1935. urtean eta Torres Garcia Tailerra 1943. urtean. Hantxe egin zuen halaber, bere lan teorikoaren atal handi bat, "Universalismo Constructivo" (1944) liburua eta "La Regla Abstracta" (1946) entsegua aipagarrienak; 1967. urtean berrinprimatu zenean, Izenik gabea xilografía sartu zuten entsegu horretan. (Javier Novo González, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Torres García, Joaquín. La regla abstracta. Rosario, Ellena, 1967. [ Ed. facs. del ensayo original: TORRES GARCÍA, Joaquín, Nueva escuela de arte de UruguayMontevideo, Asociación de Arte Constructivo, 1946].
  • Ellena, Emilio ; Valenzuela, Pedro. "Nota preliminar sobre tres xilografías constructivas de Torres-García", Memorandún técnico de circulación restringida. 12/1999.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 146-148, n° cat. 57.