Itsasadarra Erandio Behekoan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Itsasadarra Erandio Behekoan

Guiard Larrauri, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Olioa oholean

27 x 35 cm

ad. Guiard ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

1897

82/30

Emiliano Uruñuela jaunaren dohaintza 1924an

Margolan hau 1897. urtean egin zuen artistak Bilbora itzuli zenetako batean. Berriz ere itsasadarraren ikuspegi heroikoa eskaintzen du, izan ere, laurogeigarren hamarraldiko bigarren erdialdean eta bereziki Sociedad Bilbaína elkartearentzat landu zituen margolanetan behin eta berriz azpimarratu zuen hiriko garapen ekonomikoaren ama dela itsasadar hau.

Margolan honetan aipagarria da egileak oihalaren beheko eta goiko aldeak bezala erdialdea ere objektu mota orotatik libre utzi izana, egileak ez baitzuen oihalaren azalean kolorea banatzeko helburu bakarrarekin pintatzeko pribilegioa kenduko zion ezertxo ere nahi. Behe ezkerreko lur zatia, alderik alde iristen den ur azalera handia eta zeru zabala (fabriketako tximiniei darizkien keak tartekatzen dira zeruko hodeien artean) kromatismoaren lurralde pribilegiatu dira, ez dago arreta desbideratuko duen beste ezer. Margolanaren bazterretan eta erdiko parea alderik alde igarotzen duen zerrenda mehean daude barreiatuta gai zehatzagoak, espazioa liberatzen dute eta argia igarotzen uzten dute, bero handiko eguerdi batean, ikuspegia lausotzen duen eta ageriko objektuen soslaiak desitxuratzen dituen bero hezeko eguerdian, atmosfera urdinari leku eginez.

Kadagua ibaiak, ezkerraldetik, Nerbioi ibaiarekin bat egiten duen lur zatiaren muturrean (Zorrotza) egokitzen da eszena hau. Nerbioi ibaiak aurrera egiten du eskuinaldetik Zorrotzan, eta ezkerraldean pabiloi batzuk zeuzkaten margolariaren lagun industria gizon batzuek; sarrera mugatua bazen ere, Guiardi margotzen uzten zioten inguruetan. Izan ere, lagun horietako batek egindako argazki batean margolaria ikusten da zumezko saski batean jarrita, eskuetan pintzela eta paleta dauzkala, asto baten aurrean olio pintura bat lantzen ari dela: aztergai dugun honakoa da, hain zuzen ere.

Uraz beheitiko ikuspegia da, ikusten ez den baina bost kilometro aurrerago hautematen den bokaleranzko begirada. Ezkerretara dago Lutxanako erribera, bertako kaietan daude ontzi asko burdinarekin zamalanak egiteko. Eskuinetara Elorrieta auzoa, beharginen eta burdinbideetako langileen etxe pilatuekin. Kurioski, 1903ko Krabelin gorriko neskatxa izenburuko obran erabili zuen hondoko paisaia bera da, beste leku batetik begiratuta baina, eskuinaldetik, margolan honetako hondoko paisaia hau.

Bitxia da Guiard gidatzen zuen kontraesana. Alde batetik, gorroto zuen industriaren mundu zikina eta tentsioz betea, ingeniarien (arimarik gabeko marraluma esaten zien) emaitza, hiri geometrikoak eta hotzak diseinatzen zituztenen emaitza; baina, bestetik, izugarri maite zuen fabriken munduari erreparatzea (hori bai, urrundik beti), bere jarduera biziarekin, baita bizimodua hobetzen zuten teknologiaren emanari erreparatzea ere, esate baterako, trenbideei; eta Claude Moneten ereduari jarraiki, gustuko zuen hodeien eta tximiniei, fabriketako nahiz lokomotorretako tximiniei, darizkien isurien arteko nahasketatik etorritako zeru gorri eta moreari erreparatzea, kolore lurruntsuetan murgiltzeko aukera ematen baitzion horrek.

Eskuinetara, beltzez eta gorriz pintatutako metalezko egitura erakusten du uretan ainguratutako ontzi handi baten popak, egitura hori hautsi egiten da uretako bibrazio urdin eta berdeen artean. Guiardek sarri askotan erabili zuen argazkiaren erabilerarekin estu lotuta dagoen baliabide hau; objektuak ziren batzuetan, pertsonak besteetan, baina ertzetik moztuta dagoen zerbait agertzeak ausaz eta bat-batean egindako irudiaren itxura ematen du, "berez interesatzen ez zitzaidan arren ezin izan dut zati hori irudian sartzerik saihestu" esango balu bezala; baina egiazki oso aitzakia sendoa zuen lehen plano guztiz deigarriak lantzeko paisaia irekien eta urrunekoen aurrean, margolan honetan bezala. Eguzkiak goxo-goxo argitzen ditu zirgarien bide ondoko etxeen gibelaldean dauden muinoak.

Ezkerretara, tximinietatik kea darien ontziak daude kaiaren kontra lotuta, ilara luze batean, masta biluziak gora; ontzietako tximiniei darien lurruna nahasi egiten da hondoko fabriketako tximiniei darien kearekin, dena nahasi egiten da hodei multzo antzeko bat sorrarazteko. Beste eremu batzuetan garbi dago zerua, oskarbi dago. Urak lasai doaz, han-hemen buiak eta ontziak. Aireak dar-dar egiten du. Bizitzak pilpiratzen du. Paisaiak lan egiten du. [Javier González de Durana, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 62. (Con el título La ría en Desierto).
  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaina, 1984. p. 204, n° cat. 99.
  • Arana Martija, José Antonio. Eresoinka : embajada cultural vasca, 1937-1939. Vitoria-Gasteiz, Gobierno Vasco = Eusko Jaurlaritza, 1986.
  • Itsasadarra : merkatal pasaia baten irudia eta ikuspena = La ría : imagen y vision de un paisaje mercantil [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1993.
  • García Díez, José Antonio ; Arcediano, Santiago. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan II = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros II. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa ; Gipuzkoa Donostia Kutxa ; Vital Kutxa, 1993. p. 15.
  • Los cuadros del Kurding Club : en el centenario de la Sociedad Filarmónica [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1996. p. 16
  • Tradition and modernity in basque painting, 1880-1939 = Tradición y modernidad en la pintura vasca, 1880-1939 [Cat. exp.]. Southampton ; Bilbao, Southampton City Art Gallery ; Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1997. pp. 25, 110, n° cat. 10.
  • La ría : una razón de ser [Cat. exp.]. Bilbao, Banco Bilbao Vizcaya, 1998. pp. 10, 143.
  • Tradición y modernidad en la pintura vasca : en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Autoridad Portuaria de Valencia, 1999. pp. 54-55.
  • Regeneración y reforma : España a comienzos del siglo XX [Cat. exp.]. Madrid, Fundación BBVA, 2002. pp. 20, 324-325, 334-335.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 463-465, n° cat. 101.