Ispilurako kutxa, landare igokari eta elurrarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ispilurako kutxa, landare igokari eta elurrarekin

Anonimo japoniarra. XVII-XVIII. mendeak

Laca urushi, makie, nashiji-e, kirigane y nashiji sobre madera

3,8 x 12,1 x 12,1 cm

82/965

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Kaxa zirkularra, kyōsō deitua, eskuko ispilu txiki bat gordetzekoa. Apain mahai bateko objektua da, eta emaztegaiaren ostilamendua osatu ohi du. Tantotu urrekara mehe batez estalita du gainazala, eta gainean tsuta deritzon landarea du irudikatuta itxura naturalista batean. Aihen belar hori elur kristaldua irudikatzen duten ingerada bitxiko elementu zirkularrekin nahasita ageri da. Motibo hori familia baten armarriari dagokio, yukisusuki izenaz ezagutzen da; Date familiarena da, Sendaiko (Tohokuko lurraldearen ekialdea) jaun feudalarena. Hosto eta elur maluta bakoitza modu berezi batean landuta daude: batzuk urre kolore betean, beste batzuk urre eta zilar hautsarekin (egun belztua), bestetzuk urrezko laukitxoekin. Barneko aldea guztiz tantotuta dago urre hautsarekin (nashiji). Makie teknika bikain menderatzen zuen maisu handi baten obra ezin finagoa da. Obraren kalitateari eta aipatu armarriaren irudiari erreparatuz gero, huts egiteko beldurrik ia batere gabe esan dezakegu pieza hau Date familiarena izan zela Edo Aro feudalaren azkenera arte.

Bada Date familiari lotutako bilduma pribatu batean kontserbatzen diren azpil eta gopor batzuk motibo eta lan ia berdin-berdinak dituztenak. Ustez familia horren XVII. edo XVIII. mendeko alaba batentzako ostilamendua osatuko zuten pieza horiek. Gainera bada sorta horretatik bereizitako azpil bat Casal Bilduman (Osakako Udal Museoa). Horrek adierazten digu ostilamendu hori XIX. mende amaieran edo XX. mende hasieran barreiatu zela eta piezetako bat aipatu bildumara iritsi zela. Ez litzateke harritzekoa ostilamendu horren baitan apain mahai baterako tresnak egotea eta kaxa hau sorta horretan beste elementu bat izatea. (Yayoi Kawamura, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 352, 354, 398-399, 528, 531, 533, 534, 553, n° cat. 124.