Bilduma online eta irudien salmenta
Intsentsurako kutxa, hiru erretilurekin
Anonimo japoniarra, XVIII. mendearen amaiera
Egur lakatua
6,5 x 6,9 x 5,1 cm
XVIII. Mendea
82/1043
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Oso altuera txikiko hiru erretiluk edo elkarren gainean egokitutako kaxa txikik eta estalki batek osatutako multzo angeluzuzena. Lau piezak elkarren gainean egokituta daude ertzetan atzera eramandako oin batzuen gainean jarrita (inro-buta sistema). Alde luze bakoitzean, urreliliaren lorearen formako botoi baten gainean, metalezko uztaia, bertatik igaroko zen multzoa lotzeko lokarria. Jugoko deritzon kaxa mota hau, intsentsuak gordetzekoa, usainak asmatzeko kodo izeneko jolasean erabiltzen diren tresnetako bat da.
Zurean landua da pieza, dortokaren oskolaren xaflatxo meheak erantsi zaizkio. Xafla horien gainazal erdi gardenaren gainean makie teknikaren arabera landutako motiboak ageri dira, gereziondoaren loreak, urre kolorekoak batzuk eta zilar kolorekoak bestetzuk (azken horiek egun grisak herdoilduta daudelako). Estalkian enborraren atal bat eta adar loredun batzuk daude irudikatuta. Urre kolorearen tonalitate ezberdinak ditu aplikatuta, horretarako zilarraren hautsarekin nahasi ditu egileak urre hautsak. Era berean, urrezko zati karratu txikiak erabili ditu (kirigane) loreen itxura aldatzeko. Urre hautsaz tantotuta du piezak bere barnealdea (nashiji).
Kalitate handiko pieza da. Bada antzeko pieza bat Victoria & Albert Museum (Londres) museoan, George Salting (1835-1909) arte bildumagile ospetsuaren funtsetatik etorria. Museo horretan, etxe beretik iritsia ere, dortokaren oskolaren lakaz landutako armairu txiki bat dago, eta Casal Bilduman ere mota bereko armairu bat kontserbatzen da. (Yayoi Kawuamura, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 91, n° cat. 60.
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 381-382, 530, 535, 538, 551, n° cat. 115.