Bilduma online eta irudien salmenta
Inko mizuka (Loroa eta dafnea)
Sugakudo, Nakayama
Japonia, aktibo 1850 eta 1870 bitartean
Xilografia
35,7 x 23,9 cm
Sugakudo Shunin
1859
XIX. Mendearen hirugarren laurdena
82/772
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Ando Hiroshigeren jarraitzailea izan zen Nakayama Sugakudo artista, txoriak eta loreak marrazten espezializatu zen, kacho-ga deritzon generoan, hots, jatorria txinatar pinturan duen eta Asiako artean tematika jasotzat duten generoan. Kacho-ga arrakasta handiz garatu zen ukiyo-e artean XIX. mendeko bigarren herenetik aurrera. Palacio Bildumako japoniar ataleko gainerako egileekin alderatuta, Edo Aroaren azken hamarraldietan lan egin zuen artista berantiarra da Makayama Sugakudo. Egile horren obra ezagunena txoriei emandako berrogeita zortzi grabatuk osatutako serie hau izan zen, Sho utsushi shiju hattaka izenburuko seriea, eta Bilboko Arte Ederren Museoak haietatik bi estanpa ditu. Konposizioa oso antzekoa da seriea osatzen duten irudi guztietan, serie hori ia osorik kontserbatzen du Londresko British Museoak (1915,0823,0. 180 Inb. zk.). Eszena nagusia hegaztien eta landareen estudio naturalista zehatzari emana dago, marrazkiak zehaztasun maila handikoak dira botanikaren eta ornitologiaren ikuspegietatik, eta eskalan daude irudikatuta. Goi eskuineko ertzean elkarren gainean jarritako bi kartutxo ikus ditzakegu, seriearen izenburua adierazten du azpikoak eta txoriaren eta lorearen izenak gainekoak.
Obra honetan, Bigarren obran, seriean hamargarren zenbakia duen honetan, loro eta loretan dagoen dafne bana daude irudikatuta. Deigarrienetako bat da hegaztiaren luma ikusgarriei esker. Kolore horiko marko antzeko batek inguratzen du estanpa, eta haren behe ezkerreko ertzean, goitik behera, zentsorearen zigilua (aratame) ikus dezakegu, zodiakoko zeinuen zikloarekin lotutako data adierazten duela (hitsuji roku). Jarraian, seriearen baitan estanpa honek duen zenbakia dago adierazita, kasu honetan hamaseigarrena da (juroku). Azkenik argitaldariaren izena ageri da, Koeido. Argitaraldi hau oso zainduta dago, eta lehorrean landutako ehundura du hondoko azalera osoak. Nakayama Sugakudok marrazki guztiz zehatza landu zuen ñabardurez beteriko kolore meheak eta tonalitate mailaketa finak erabiliz, eta gero, estanpatzaileak grabatuko zuen bokashi deritzon teknikaren bidez tindatuta.
Lan hau argitaratu zuten datetan argitaldari Tsutaya Kichizo, XIX. mendeko argitaldari garrantzitsu eta oparoenetakoa, une horretako ukiyo-e arte motako artista handienekin ari zen lanean, esate baterako Hiroshigerekin eta Kunisadarekin, baita haien ondorengo Hiroshige II.arekin eta Kunisada II.arekin ere. (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 226, 332-333, 335, n° cat. 103.