Impresión eléctrica / Nuevo / Procedimiento / Regal / ... / Discos / del Nuevo / Procedimiento / "Regal" / ... - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Impresión eléctrica / Nuevo / Procedimiento / Regal / … / Discos / del Nuevo / Procedimiento / “Regal” / …

Anonimoa. XX. mendea. Lehen zatia

Koloretako litografia paperean

74,4 x 50,5 cm

1926

XX. Mendearen bigarren laurden

82/1987

1981ean eskuratua

1896. urtean gramofonoa patentatu zuen Emile Berliner (1851-1929) asmatzaileak. Thomas Alva Edisonek (1847-1931) 1877an asmatutako fonografoa bezalako aurreko gailuek ez bezala, disko batetik abiatu eta kopia kopuru handi bat egiteko aukera ematen zuen soinuak grabatzeko eta birsortzeko sistema berri honek. Horrek zeharo irauli zuen musikari emandako industria, eta diskoa bihurtu zen XX. mendean zehar grabatutako musikari zabalkundea emateko euskarri nagusi.

1917an La Hispano Americana sortu zuten Pedro eta Juan Inurrieta enpresaburu donostiarrek. Donostiako Askatasun Ibilbideko 27. zenbakiko saltoki horretan [...] pianoak, auto-pianoentzako musika bobinak, makina hiztunak, makina horientzako diskoak, idazmakinak eta josteko makinak saltzen zituzten [...]. Baina Inurrietatarren izena ez zen soilik artikulu horien banaketara mugatzen, disko etxe batzuen sorreran ere esku hartu baitzuten. Horrenbestez, 1923an, Juan Inurrietak Columbia Graphophone Company, S. A. enpresa sortu zuen Donostian, hirurogeigarren urteak arte ari izan zen jardunean. Disko etxe iparramerikarraren eskumeneko enpresa horrek Columbia eta Regal zigilupean argitaratu zituen bere diskoak, arloko erreferentea izan zen hainbat hamarralditan.

Sortzaileak 1924. urtean erregistratu zuen Regal marka [...] makina hiztunak, diskoak, orratzak eta beste osagarri batzuk bereizteko [...]. Hastapenetatik marketin eta banaketa politika oso nabarmena izan zuen. Sukurtsalak izan zituen Madrilen, Bartzelonan, Bilbon, Valentzian eta Sevillan, eta egunkari eta aldizkari askotan argitaratu zuen publizitatea. Gainera, afixak, katalogoak eta gehigarriak argitaratu zituen aldiro-aldiro bere diskoak eta artistak promozionatzeko. Rafael de Penagos (1899-1954) bezalako sortzaile batzuek zuzenean esku hartu zuten Discos Regal markako gehigarrietako ilustrazio lanetan.

Gramofonoa asmatu zutenetik eta XX. mendeko aurreneko hamarraldietan zehar, tutu handi batzuen bidez jasotako soinua erregistratzeko sistema baliatzen zuten diskoak grabatzeko. Lehen prozedura akustiko horren lekua hartu zuen hogeigarren urteen erdialdera inpresio elektrikoaren bidezko grabazioak; Discos Regal etxeak eta beste etxe askok iragarri zuten makina horren aplikazioa era guztietako publizitate euskarrietan. Teknika horren arabera, mikrofono batek harrapatzen zuen soinua, bulkada elektriko bihurtzen zuen eta argizarizko disko batera eramaten zuen; matrize horretatik abiaturik egiten ziren kopiak.

Afixa honen eduki ikonografikoa guztiz justifikatuta dago kontuan baditugu inprimaketa elektrikoaren bidezko grabazio prozeduraren atal ziren funtsezko elementuak. Irudian, mikrofonotik irteten diren uhinek zuzenean jotzen dute diskoaren azala, metodo berri horren oinarrizko ezaugarrien irudikapen grafikoa osatu nahi dute. Era berean, prozedura berria eta prozedura horren aplikaziotik eratorritako onurak azpimarratzen ditu testuak. Izan ere, Columbia markak Viva-Tonal izenarekin bildu zuen sistema berriarekin kalitate handiagoko grabazioak lortu ziren, eta nabarmen murriztu zen orratzak diskoaren azala marruskatzean eragiten zuen hots ezatsegina. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. p. 182, n° cat. 83.
  • "Carteles en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Guía de Exposiciones, n° 86. 1987. n° cat. 32.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. "El cartel en el País Vasco en los años veinte y treinta, un acercamiento a través de los carteles impresos en Gráficas Laborde y Labayen de Tolosa", Modernos a pesar de todo. I simposio de historia del diseño. 2016. pp. 11-12, il.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 246-247, n° cat. 77.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 36.