Idilioa Arratian - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Idilioa Arratian

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18-Bilbao, 1906/06/10

Olioa mihisean

196 x 105,5 cm

A. Guinea ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

1889

82/2420

Antonio Plasencia jaunaren dohaintza 1914an

1887an Bizkaira itzuli eta Lekeitio hartu zuen bizileku. Lekeition, itsasoaren, baserrien eta kostaldeko herri atsegineko jendearen artean, berriz ere heldu zion euskal giroko ohiturak margotzeari, gai hori bazterrera utzia baitzuen Italiako bigarren egonaldian. Bilbon, hamarraldiaren hasieratik, Erroman zeuden euskal margolariek Euskal Herriko gaiak landu behar zituztela esaten zuten gero eta ozenkiago, atzerriko ohituren, paisaien, irudien eta gertaera historikoen kaltetan, alde honetan ez baitzuten halako erakarmenik, eta Espainiako gaiek eta areago Euskal Herrikoek obrak berenganatzeko gogoa piztuko baitzuten bertakoen artean. Korronte edo joera herrekin bat egin zuen Guineak laurogeigarren urteen amaieran landu zituen konposizioen bidez.

Nolanahi ere den, Guineak Italian generoari eman zion tratamenduaren zordun dira eszena hauek. Eragin hori begien bistakoa da Napoliko arrantzaleak zuzenean euskal arrantzale bihurtzeko erabili zituen bideetan, edo aurreko konposizioetan protagonista izandako gizakien erabileran, aurpegi obalatuko eta begi beltz handiko emakume idealaren erabileran, kasu honetan Capriko Oroitzapenak izenburuko margolanetik (1884) Idilioa Arratian honetara ekarria dela ematen baitu.

Antzekotasun horrek Miguel de Unamuno idazlearen kritika eragin zuen, Guineak obra sinatu zuen urte berean, hilabete berean ia, adierazi baitzuen Madrilen edo Erroman ikasitako margolarien obrak hizpide hartuta gure emakume baserritarrak ez direla margolan batzuetan italiar mozorrotu gisara azaltzeko errudun.

Baina ez zuten denek Unamunok bezala pentsatzen. Jendaurrean Idilioa Arratian aurkeztu zen egunean margolana epaitu zuen kritikari ezezagun baten arabera, zorioneko zegoen euskal pintura, beren azken eguna ikusten ari baitziren kartoizko baserritarrak. Kritikari horren hitzetan, "baserritar antzekoak ikusi ditugu orain arte, Inauterietako mozorroak, baserritar jantzitako panpinak; honek aldiz, agerian uzten ditu gure benetako baserritarrak eta beren espiritua" idatzi zuen sutsuki.

Oso xumea da margolanaren argudioa. Arratiako baserri arrunt baten aurrean, eskailera kanpoko aldean eta ogia egiteko labea hormari atxikita, lihoa jotzen ari da neska bat eta irribarre bat egiten ari zaio ezkerretara eserita dagoen gazteari, zigarreta bat prestatzen ari den bitartean hizketan ari dela. Egiazki Truebaren obrak eraginda dagoela ematen du eszenaren xalotasunak, Truebaren obretan ugari baitira euskal baserritarrak protagonista dituzten pasarte eztituak. Eta Guineak, hori islatzeko, baserritarren arteko maitasuna irudikatzeko garaian italiar pinturan ohikoa den konposizio bat baliatu zuen: beren jatortasuna bermatzeko elementuren batek bereizten ditu maitaleak (eskuarki hesi batek, kasu honetan eskailerako eskudelak).

Bestalde, protagonistak fisikoki bereizita daudela alde batera utzirik, Erromako Guinearen eta oraindik ezagutzen ez zuen Parisko Guinearen artean higitzen da margolan hau. Azken batean, trantsiziozko obra da, bere pintura berritzeko irrikan dagoen Guinea egongaitza sinbolizatzen duen paradoxa estetikoari leku egiten dion obra. Lehen planoa, ilunagoa, sendo marraztua eta argi-ilunaren bidez modelatua, Erromako Guinea da bete-betean, baina hondoan, mendietarantz irekitzen den perspektiba txikian, Guinea modernoa topatzen dugu. Adolfo Guiarden eragina, urte horietan sarritan margotzen baitzuten elkarren ondoan, agerikoa da berde garbietan eta malba koloreetan, baita modu soltean erabilitako pintzelkadetan ere.

Antonio Plasencia izan zen margolanaren jabea, Guinearen laguna zen eta haren obraren bildumagile handia. Harreman handia izan zuten beti, eta Plasencia behin baino gehiagotan izan zen margolariaren ordezkaria Hiritik kanpora zegoenean. 1914. urtean Bilboko Arte Ederren Museoari eman zion dohaintzan Idilioa Arratian margolana. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • "Dulce coloquio : cuadro del señor Guinea", La Unión Vasco-Navarra. 31/12/1889. p. 1.
  • "Un artista y una exposición : en honor del malogrado pintor bizkaino D. Anselmo de Guinea", Jel. 16/06/1911. pp. 321-352.
  • "Un artista y una exposición", Revista Euzkadi, n° 25. 1914. p. 58. (Con el título <b>Idilio</b>).
  • Madariaga, Luis de. Pintores vascos. San Sebastián, Auñamendi, 1971. vol. II, p. 29. (Con el título Idilio).
  • 50 años de pintura vasca, 1885-1935 [Cat. exp.]. Madrid, Ministerio de Educación y Ciencia, 1971. n° cat. 63. (Con el título 'Escena Rústica')
  • Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, vol. III, 1973. p. 257.
  • Llano Gorostiza, Manuel. Palacio Provincial [de Vizcaya]. [Bilbao], Diputación de Vizcaya, 1976. pp. 46, 62 y relación final de obras depositadas en el Palacio Provincial.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 64. (Con el título Idilio en Arratia).
  • Arrizabalaga, Bernardo de. Foru Jauregia = Palacio Foral. Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, 1991. p. 41.
  • Castañer López, Xesqui. La imagen de la mujer en la plástica vasca contemporánea, s. XVIII-XX : aproximación a una metodología del género. Bilbao, Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993. p. 48.
  • Galilea Antón, Ana María. "A propósito de las obras del Museo de Bellas Artes de Bilbao depositadas en otras Instituciones", Urtekaria 1992 : asterlanak, albistak = anuario 1992 : estudios, crónicas. 1993. pp. 19, 26, 30, 31, 59, il.
  • Zugaza Miranda, Miguel. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan I = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros I. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa; Gipuzkoa Donostia Kutxa; y Vital Kutxa, 1993. p. 34.
  • Artistas vascos en Roma : 1865-1915 [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa = Fundación Social y Cultural Kutxa, 1995. pp. 534-535, sin n° cat.
  • Plazaola, Juan. Historia del Arte Vasco. Lasarte-Oria, Etor-Ostoa, 2002-2003. vol. III, p. 711.
  • Emakumearen irudia : bestelako begiratu bat = La imagen de la mujer : otra mirada [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Diputación Foral de Álava, 2003. pp. 34-35. (Con el título Escena Rústica)
  • Arenaza Urrutia, José María. Anselmo Guinea, 1854-1906 : un pintor para la modernidad. Bilbao, Fundación BBK Fundazioa, 2006. p. 67.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 390-392, n° cat. 79.
  • Anselmo Guinea, 1855-1906 : los orígenes de la modernidad en la pintura vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 135-137, 139, n° cat. 31.