Idi-probak Elgetan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Idi-probak Elgetan

Uranga, Pablo

Vitoria-Gasteiz, 26/06/1861 - Donostia, 06/11/1934

Olioa mihisean

66,5 x 96 cm

P Uranga (eskuineko beheko angelua)

1903

82/98

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1913an

Uranga familia katoliko eta tradizional batean jaio zen, eta, txiki-txikitan, umezurtz geratu zen. 1878. urtetik 1880. urtera, lehenengo ikasketa artistikoak egin zituen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, Emilio Soubrierren eskutik. Ondoren, Jerez de la Fronterako (Cádiz) Arte Ederretako Eskolan ikasi ostean, Madrilera joan zen, eta San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademian hasi zen ikasten. Bertan, Francisco Durrio eskulturagilearen lagun handia egin zen, eta Pradoko Museora joan zen sarritan. Museoan, hain zuzen ere, maisu handien kopiak egin zituen, eta Grecoren lanak aztertu zituen.

1890eko hamarkadan, Parisera joan zen bizitzera. Hasiera batean, bere egoera ekonomikoa oso txarra izan zen, eta, arlo artistikoari dagokionez, gai kostunbristak, zezenei buruzko gaiak eta paisaiak landu zituen. Era berean, Rusiñolen, Jordáren eta, batez ere, Durrioren nahiz Zuloagaren adiskide egin zen. 1893. urteaz geroztik, Société des Artistes Indépendants elkarteko kidea izan zen, eta, 1897an, banan-banako erakusketa egin zuen Le Barc de Bouttevillen. 1903. urtearen hasieran itzuli zenean, ezkondu egin zen eta Gipuzkoako Elgetako udalerrira joan zen bizitzera. Herri horretan, kostunbrismo nabariko lanak garatu zituen; esate baterako, Idi-probak Elgetan. Margolan horretan, artistaren tonalitate soil bereizgarria agertzen da, eta, horrez gain, irudikatutako jarduerako mugimendu handira behar den moduan egokitzen den egikera zirraragarria ere azaltzen da. Izan ere, herri-kirolak eta apustu-jokoak nahasten dituen ohiko euskal eszena da. Alboan, argi-efektuen modulatua, plazako zeharkako kale batean azaldutako eguzki-distira eta itzalen kontraste leunak nabarmentzen dira. Hori guztiori, gainera, oso ondo aztertu duen konposizio-enkoadraketaren barruan garatzen da.

1906an, Uranga Gasteizera joan zen, eta hiri horretan bizi izan zen 1918. urtera arte. Epealdi horretako sorkuntza-jarduera handia izan zen, eta, horrez gain, Euskal Artisten Elkarte bilbotarrean hasi zen lanean. 1924an, bidaia garrantzitsua egin zuen Zuloagarekin Estatu Batue -tara, eta Palm Beachen egin zuen erakusketa. Urangak era guztietako lanak sortu zituen -gai ugari landu zituen, formatu handietan lan egin zuen, horma-irudiak apaindu zituen...-, batzuetan azkar eta presaka lan egiten zuen eta Ignacio Zuloaga lagun min-minaren itzalpean bizi izan zen beti. Hori dela eta, bere lanak irregularrak eta berezko estilorik gabekoak direla uste dute askok, baina erratuta daude. [Javier Novo González]

Bibliografia hautatuta

  • Flores Kaperotxipi, Mauricio. Vida, obra y anécdotas del pintor Pablo Uranga. San Sebastián, Auñamendi, 1963. pp. 36, 100, il.
  • "Cuales fueron los dieciseis cuadros enviados por los rojos al Extranjero, otros trece han sido encontrados en el Carlton", Hierro. 28 de septiembre de 1937. p. 3.
  • Mur Pastor, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahoros Vizcaína, 1985. p. 37, il.
  • Pablo Uranga, 1861-1934 [Cat. exp.]. San Sebastián, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, Obra Cultural de Kutxa-Caja Gipuzkoa, 1992. p. 227. N° cat. 34
  • Pablo Uranga, 1861-1934 [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Diputación Foral de Álava, Museo de Bellas Artes de Alava, 1992. p. 227. N° cat. 34
  • 5 pintores vascos en Segovia [Cat. exp.]. Segovia, Caja Segovia, 1993. p. 48.
  • Encina, Juan de la. La trama del arte vasco. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. s. p.
  • González de Durana, Javier. Las Exposiciones de Arte Moderno de Bilbao, 1900-1910 : un intento modernizador pagado con espinas de indiferencia. Vitoria-Gasteiz, Bassarai, 2007. p. 146.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. p. 44.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. p. 44.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. p. 44, n° cat. 19.
  • Pablo Uranga : Elgetako bohemioa = el bohemio de Elgeta [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Diputación Foral de Alava, 2012.