Bilduma online eta irudien salmenta
Idazketarako eta paperak gordetzeko kutxa, kuatxoarekin
Anonimo japoniarra. XIX. mendearen amaiera-XX. mendearen hasiera
Egur lakatua
4,7 x 21,6 x 25,8 cm
Hanzan
82/962
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Kaxa angeluzuzen soila, azpiko gorputz osoa estaltzen duen taparekin. Ireki ahal izateko, arku zuzen-makotuaren formako ebaki batzuk dauzka alboetan estalki horrek. Laka beltzaz estalia da. Kuiatxo landare prosaiko batez apainduta dago estalkia, landarearen fruituaren gainean matxinsalto bat. Izaera naturalistako irudia inolaz ere. Erliebedunak dira landarea eta intsektua, zati batean makie deritzon teknikarekin daude landuta, eta beste batean zōgan deritzon teknikaren bidez txertatutako zeramikazko piezekin. Urre hautsez tantotuta du kaxak bere barneko aldea, dentsitate handiagoa gune batzuetan besteetan baino. Estalkiaren barneko aldea itxura soileko urrelili landarearekin eta tximeletekin dago apainduta. Urre eta zilar hautsak nahasteko makie teknikarekin landuta daude tonalitateak, baina gainera baditu nakarrezko pieza oso distiratsuak eta zeramikazko zati txertatuak ere.
Kaxaren barnean izen bat irakur daiteke, Hanzan, bi karakterez osatua. Bada laka lantzen maisu handia izandako Ogawa Haritsu (1663-1747) artista ezagunaren ikasle bat Mochizuki Hanzan izenekoa, segur asko XVIII. mendearen bigarren erdialdean bizi izan zena. Haritsuren eta haren ikasleen bereizgarrietako bat da zeramikazko piezen aplikazioa. Hala eta guztiz ere, artearen ikuspegitik ez da kalitate handikoa obra honakoa, ez dago oso landuta, eta horregatik uste dugu guk Meiji Aroko kaxa dela, aro horretan zabalkunde handia izan baitzuen laka mota horrek, batik bat Europako bildumagileen artean, Ernest Hartek 1889. urtean Parisen argitaratutako artikulu batek agerian utzi zuen bezala. Kaxaren forma angeluzuzenari erreparatuz gero, baliteke idazketarako kutxa bat ez baizik eta paperak gordetzeko kaxa bat izatea jatorrian. Hala balitz, sikisabako bat litzateke. (Yayoi Kawamura, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 419-420, 530, 536, 538, n° cat. 136.
- Torralba Soriano, Federico. Estudios sobre arte de Asia Oriental. Zaragoza, Prensas Universitarias de Zaragoza, 2008. pp. 85-86, il.