Hutsaren inguruan I - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hutsaren inguruan I

Chillida, Eduardo

Donostia, 10/01/1924 - Donostia, 19/08/2002

Altzairua

31,5 x 46,5 x 36 cm

Monograma: EC inizialak elkartuta (atzealdea)

1964

XX. mendearen hirugarren laurdena

82/236

1981ean eskuratua

Eduardo Chillida donostiar eskultoreak 1943an hasi zituen Arkitektura ikasketak, Madrilen, nahiz eta berehala utzi zituen eskulturan jarduteko. Edonola ere, arkitekturak bere karrera osoan jarraitu zuen etengabeko erreferentzia gisa. 1948. urtea eta gero Parisen egonaldi bat egin ondoren, non Pablo Palazuelo madrildar margolari eta eskultorea ezagutu zuen (adiskide handiak izan ziren eta eragin handia izan zuen beragan), 1951n jaioterrira itzuli zen, eta bertan egin zuen bere obraren zatirik handiena. 1958an Veneziako Bienalan Eskulturako Sari Nagusia lortu zuen; horrez gainera, bere bizitzan ugari izan ziren sari nazionalak zein nazioartekoak, zeinak berretsi egin zuten XX. mendeko bigarren erdialdeko artista aitortuenetako bat zela. Bere sorkuntzaren izaera esentzialista dela eta, garrantzizko pentsalariekin jardun zuen lankidetzan, hala nola, Martin Heidegger eta Emil Cioran, edo Max Hölzer eta Jorge Guillénen mailako poetak, eta hainbat idazlek ere landu zuten, besteak beste Gaston Bachelard eta Octavio Pazek.

Picassok, Julio Gonzálezek eta Pablo Gargallok abian jarritako burdinazko tradizio eskultorikoaren jarraitzaile, burdinazko bere lehen lana, Gaston Bachelardek 1956an iruzkindua «Le cosmos du fer» testuan, hizkuntza oldarkorraz agertu zen, adierazkortasun gogorrez, eta olagizonen, sutegien eta suaren artisau mundua, herrikoa, ekartzen zuen gogora, eta bazirudien nekazaritzako lanabesen edo torturako antzinako objektuen formak hartzen zituela. Haren sormenak, ordea, izaera poetikoko eta metafisikoko objektu bihurtzen zituen. Materiaren zentzu sakona, Bachelardek aipatzen zuena, bere lanaren ezaugarri izan zen, eta hark balio izan zion unibertso formal moldakorra eta konplexua osatzeko, nahiz eta burdina izan zen haren sorkuntzaren lehenengo garaia modu erabakigarrian definitu zuena; eta ondoren erantsi zitzaizkion altzairua, egurra, alabastroa, hormigoia, terrakota edo granitoa, materialen, formen eta esperientzia espazialen benetako polifonia bat eratuz.

Chillidaren burdinazko lehenengo lanek, 1951n agertu zirenek, harreman estua erakutsi zuten sorkuntza espazialistekin, eta Chillidak geometriaren oroitzapena gorde zuen, zeinak egituratu zuen bere lana etengabe, benetako egitura nahia bezala, baita informalismo gestualetik hurbil egon zen uneetan ere. Bere bilakaera goiztiarraren eraginez, berrogeita hamarreko hamarraldian jada ezaugarri kaligrafikoko marrazkiak eta eskulturak egin zituen, garapen hautsiak eta linealak egin zituen espazioan; eskulturen kasuan, lingote estu batean egindako ebaki eta bihurdura prozedura baten bitartez egin zituen, eta materiaren, haren modulatzeko aukeren eta balio plastikoaren ezagutza izugarria erakutsi zuen haietan. Hori bera antzeman daiteke itsasertzeko zurginek edo baserrien eraikitzaileek artisautza zaharraren arabera landutako egurrean, Abesti gogorra saileko habe zaharren moduan, 1960an hasi zen erabiltzen egurra modu horretara, nahiz eta aurreko multzo batean ere, Amets ingudea, erabili zuen egurra modu berean burdinazko osagaiak iltzatzen zituen idulkia egiteko, zeina piezen funtsezko atala zen. Chillidaren obra antzeko motiboei buruzko hainbat hurbilpen eta esperientzia aurkezten zituen multzo zenbakituen bitartez agertu ohi zen. Egurraren presentzia ez hain oldarkorrarekin handiagotzen ziren metalezko lingoteak, eta, horren ondorioz, espazioa hartu nahi zuen eskultura agertu zen, espazioan tronuratu nahi zuena, eta ez hura zalantzan jarri edo eraso egin nahi ziona. 1963an egindako sail labur bat, edertasun handikoa, Espazioaren modulazioa izan zen, hutsa modu dramatikoan besarkatzen zuten bihurdura kurboen bitartez ebatzia; aurreko maisulan baten tipologiaren zenbait alderdi garatzen zituen bertan, Amets ingudea X, hain zuzen ere (1962).

Handik gutxira, 1964an, garai hartako beste sail funtsezko bat hasi zuen: Hutsaren inguruan, altzairuz egina guztiz, baina tamaina askotako piezekin osatua. Sail hori osatzen duten bost zenbakien artetik bi -IV eta V- monumentalak dira, eta kokaleku publikoa dute. Hutsaren inguruan I lanean, aldiz, izenburu bereko beste zenbakietan bezala, egurrezko eskulturen eragina hautematen da, izan ere, I eta IV zenbakiek (1968) eta V (1969) zenbakiak ez dute kurbarik lingoteen manipulazioan; horrek adieraz lezake egurrezko eskultura lerrozuzena eraginkortasunez sartu zela burdinaren eta altzairuaren munduan, Espazioaren modulazioa lanari, kurbak goresten dituena, kontrajarririk. Edonola ere, eskultura horien mugimendu orokorra izenburuak adierazten duen huts horren inguruan gertatzen da, biribilean, eta biltzeko mugimendua ere adierazten du. Garro itxurako kurbak agertzen dira, ordea, II eta III zenbakietan berriro ere. Haien garapenetan, irmotasuna ageri da, eta materiaren presentzia trinkoak espazioan errotuta daude; era horretara, espazio artistikoaren izaerari buruz gogoeta lan goiztiarrek baino lasaiago egiten duten sorkuntzak dira, eta espazio horrek bere mugen barruan txertatzen ditu gorputz materialak, huts inguratzailea ainguratzen du eta leku metafisiko gisa ezartzen du. «Leku» hori zenbait izenburutan azaldu zuen Chillidak, eta bere poetikaren konstantetzat har liteke. Heideggerren pentsamendua, «Artea eta espazioa» testuan jasoa -filosofoak eskultorearen hainbat litocollagerekin batera argitaratu zuen 1969an-, eskultorearen sorkuntza interesen oso hurbilekoa izan zen [Javier Viar]

Bibliografia hautatuta

  • Eduardo Chillida : eine retrospektive [Cat. exp.]. Frankfurt, Schirm Kunshalle, 1993. p. 199, n° cat. 22.
  • Chillida, Balerdi, Larrea : Chillida, Balerdi, Larrea : três artistas em correlaçao [Cat. exp.]. Lisboa, Fundaçao Calouste Gulbenkian, Centro de Arte Moderna José de Azeredo Perdigao, 1995. p. 32.
  • Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan = Arte y Artistas Vascos en los años 60 [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Gipuzkoako Foru Aldundia = Diputación Foral de Gipuzkoa, 1995. p. 261.
  • Experiment en ruimte : 4 spaanse beeldhouwers, Picasso, González, Miró en Chillida [Cat. exp.]. Otterlo, Köller-Müller Museum, 1997. pp. 174-175.
  • De Picasso a Bacon : arte contemporáneo en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Segovia, Museo de Arte Contemporánea Esteban Vicente, 1999. pp. 124-125.
  • Chillida [Cat. exp.]. Paris, Galeri nationale du jeu de Paume, 2001. p. 96.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 188-189.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 188-189.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 188-189.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 130-132.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. pp. 130-131.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2011. pp. 188-189, n° cat. 134b.
  • Eduardo Chillida [Cat. exp.]. Saint-Paul de Vence, Fondation Maeght, 2011. pp. 94, 206, sin n° cat.
  • Jaio, Miren. Estanpa bilduma = Colección de estampas = A Collection of Prints. Donostia-San Sebastián, Etxepare Euskal Institutua, 2012. pp. 36, 78.
  • Bilboko Arte Ederren Museoa : gida. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 188-189, n° cat. 134b.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. pp. 129-130, n° cat. 71b.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 188-189.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 188-189.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 272-275, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 272-275, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 272-275, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 272-275, sin n° cat.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 128, 137, n° cat. 60.
  • Weibel, Peter. Negative Space : Trajectories of Sculpture in the 20th and 21st Centuries. London, The MIT Press, 2021. p. 637, il.