Hiltegia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hiltegia

Guiard, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Olioa mihisean

58 x 40 cm

Guiard (eskuineko beheko angelua)

1882

82/2210

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1923an

Guiardek Parisen egin zuen egonaldiaren (1878-86) erdialdean landu zuen hiltegi hau, eta ikaskuntza urteen eta inpresionismoranzko hautuaren arteko makurdura puntua irudikatzen du nolabait ere. Margolan heldua delako, baliabide guztiekin egina delako, berezko erreferentzia da margolariaren bilakaera eta haren kezka artistikoen izaera finkatzeko. Egile honek estilo naturalistan egindako aurreneko maisu lana dela esan genezake.

Barrunbeko instalazio handi baina ilun batzuk deskribatzen ditu margolanak, txerri hiltegia izateaz gain txerrikiak, erraiak eta odola manipulatzen dituzte bertan. Zeiharrean antolatutako konposizio honen lehen planoan, zoruan, atetik sartzen den argi gordinak marrazten duen angeluzuzena ikusten dugu. Bigarren planoan, esekitoki bat, bertan zintzilik goitik behera irekitako hiru txerriren gorpuak. Hondoan, hormako irekigune baten atzeko aldean, beste hutsune bat ikusten da, ikusten ez den gaineko argizulo batetik sartzen den argiak argitua; beste argizulo bat antzematen da gibelerago, eta han emakume bat ari da lanean tina baten inguruan. Ondoan, mahai bat, eta gainean itxura batean hestebeteak egiteko lana burura eramateko lanabesak. Guiardek ez ditu errealitate ezatsegina helarazteko xehetasunak baztertu. Hasteko, argiaren erabilera da aipatzekoa, perspektiba zehazten duen ilunantz dramatikoa, segur asko Velazquezi ikasitako baliabide bat (gogora datorkigu Iruleak izenburuko margolana, 1657koa, Pradoko Museo Nazionalean dagoena, Madrilen) erabili duelarik lanean ari den emakume gazteari leku egiten dion gibelalde argituaren eremuan, azken muturrean giza irudi bat txertatzeko. Konposizio honetan ere erreferentzia egiten zaie flandestar manieristen eta barrokoen natura hilei, argudioaren mamia hondora eramaten eta objektuen eta jatekoen deskripzio zehatza lehen planora ekartzen dituen generoari, eta horrek ere agerian uzten du gaztetandik eta oso gertutik jarraitu zuela Guiardek Velazquezekikoak (Mulata, c. 1617, The Art Institute of Chicago eta National Gallery of Ireland, Dublin). Guiardek islatutako eszena guztiz sinesgarria bada ere berehalako errealitatearen ikuspegitik, XVI. eta XVII. mendeetako aipatu natura hiletatik eratorritako motiboen banaketa hautematen da bertan. Margolan honi erreparatzean nagusitzen den irudi bat Rembrandten Idia (Idi larrutua, 1655 Louvre Museoa, Paris) da, gaiari buruzko aurrekari ezaguna, era berean argi tentsio handiarekin eta erabateko errealismoarekin landua. Baina bada formaren ikuspegitik Guiarden margolanarekin antz handiagoa duen besteren bat, esate baterako, Joachim Beuckelaerrek 1563an sinatu zuen Txerri larrutua izenburukoa (Wallraf-Richartz-Museum, Colonia), kasu honetan motiboaren aurreneko erreferentzia. Iluntasunak arindu egiten du leku higuingarriaren ikuspegia, eta argiak, aitzitik, agerian uzten du ikuspegi nazkagarri hori; argi hori abere hilen azalean isurtzen da, sigi-saga ibiltzen da lurzoru putzuz betean, eta argi horrek distiratu egiten ditu gertuen dagoen txerriaren lepotik edo emakumearen eskuetatik oraindik zintzilik dauden erraiak.

Postulatu naturalisten eragina, giro ilunak eta bazter jendea lehenesten baititu, lehen begiratuan hautematen da Guiarden obran. Émile Zola idazlearen irakurle porrokatua izan zen, baita haren laguna ere; eta sekula ere ez zuen baztertu bere obran eragin horien oroitzapena, oroitzapen urruna bada ere. Kolorearen iluntasunari esker da giroa iluna, gorrimina, marroia eta grisa dira nagusi. Hala eta guztiz ere, soltea eta bizia da egitura, pintzelkadak sarkorrak eta erritmo handikoak dira eta oihalean aplikatutako esku hartzeek iradoki egiten dute Guiardek, gerora, ekialdeko eszenen eta Degas bezalako marrazkilari inpresionisten irudien eraginpean landuko zituen lerro eta profil dotoreen aldeko gustua. Lehen planoaren ezkerraldeko orban zuri berezi batek, ekialdeko kaligrafia ikur baten edo xingola berezi baten itxurakoak, agerian uzten du egile honentzat edertasuna zertan zen.

[Javier Viar, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 447-449, n° cat. 96
  • Homenaje a Adolfo Guiard : exposición de sus obras [Folleto]. Bilbao, Asociación de Artistas Vascos, 1916. s. p., n° cat. 44. (Con el título Un matadero y propiedad de Pedro Sorrigueta)
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 61. (Con el título Matadero).
  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaina, 1984. pp. 29, 197, 198, n° cat. 36.