Hermes egaldun petasoarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hermes egaldun petasoarekin

Anonimoa, I. mendea, K.o.

Brontzea

8,36 x 3,47 x 2,54 cm

82/888

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Irudia osorik dago, eskuineko eskua eta ezkerrekoak eutsi behar lukeen kaduzeoa baizik ez ditu galdu. Hermes dugu, idulki angeluzuzen biribildu baten gainean zutik dagoen mutil gazte gisa irudikatua. Eskuineko zangoaren gainean pausatuta dago, eta ezkerrekoa arindua eta atzerantz tolestua du, nahiz eta ez duen oinez ibiltzeko jarrerarik; izan ere, ezkerreko oina lurrean tinko pausatuta dago, eta zango kontrajarriek irudiari aldaken eta gorputz enborraren arteko orekatze mugimenduaren itxura emateko baino ez du balio, muskuluen deskripzioa are adierazkorragoa egiteko. Anatomiaren modelatua oso egokia da, baina forma bigunak ditu. Ezkerreko sorbaldaren gainean klamide edo penula txiki bat darama, besaurrean aurrerantz biltzen dena, eta ezkerreko eskua gorantz begira zabalduta agertzen da, non sorbaldaren gainean pausatuko litzatekeen kaduzeoaren heldulekuaren aztarna ikusten baita. Eskuineko eskuan txanpon zorroa edo marsupiuma edukiko luke. Aurpegiera adierazkorra du; aurrera zuzentzen du begirada, eta ezpainak erdi zabalik ditu. Hegal laburreko petasoa darama, eta haren azpitik ile kiribilak agertzen dira; erremate gisa bi hegal ireki.

Espainiako paraleloen artean, tamainaz geurea halako bi den eta bikain kontserbatu den ale bat aipa daiteke. 1809an, Independentziaren gerra betean, Saguntoko gazteluaren harresien hondarretan aurkitu zuten Hermesen irudi bat da. Lehenbizi, sir Francis Cook Monserrateko bizkondeak Portugalen sortutako bildumara igaro zen, eta handik haren seme Wyndham Cooken bildumara, Londresera; ondoren, antigoaleko gauzakien merkatura eta, hortik, Danimarkako Museo Nazionalera, 1939an (10.115. Inb. zk.). Idulki zilindriko landu baten gainean dago, eta fustean gaztelaniazko errotulu bat dago letra etzan zainduz idatzia, aurkikuntzaren data eta egoera azaltzen dituena. Saguntoko Hermesak Polikletok K.a. V. mendean sortutako prototipo baten ezaugarri guztiak ditu; prototipo hori Olinpian izan zen, eta hura eredu hartuta egin ziren hizpide ditugun brontze txikien sorkuntza helenistikoak.

Portugalgo bildumetatik, aipatzekoa da Lisboako Museo Arkeologiko Nazionaleko pieza, Monte Moliãotik (Lagos) iritsia, klamiderik ez duena. Ezaugarri berberetako beste pieza bat dago Sofiako Museoan. New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoko bilduman dauden Hermesen brontzezko irudien artean, badago Erroman erositako bat, klamidearen behealdean zintzilik gelditzen den muturra ezin hobe gorde duena; izan ere, pieza gehienetan zatituta egon ohi da atal hori.

Bestalde, Frantziako Liburutegi Nazionaleko pieza batek oso ondo kontserbatu du eredua, eskuineko eskua baino ez baitzaio hautsi; klamideak toles handiak ditu ezkerreko sorbaldaren gainean, gure alean bezala. Avignoneko Calvet Museoan oso paralelo hurbila dago, zango laburxeagoak eta lodiagoak izan arren klamidearen eta petasoaren aurrealdeko xehetasun formal berberak baititu. Marsupium lodi eta angelutsua darama, eta, horregatik, artelan galiar-erromatartzat hartu behar da. Hala ere, baliteke haren jatorria gure alea landu zuen Italiako tailer berberean egotea. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 135-138, n° 11.