Bilduma online eta irudien salmenta
Herakles, eskuak aldakan dituela
Anonimoa, III. mendea, K.a.
Brontzea
6,15 x 2,60 x 1,19 cm
82/897
Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an
Heraklesen irudia, zutik. Bi hanka zuzenen gainean hartzen du atseden, baina apur bat desorekatuta dago eskuinetarantz. Gorputzaren anatomia azaletik dago irudikatuta, zangoak eta besoak lodiak, soina txikia. Bi eskuak dauzka aldaketan jarriak, irekita, eta ezkerrekoarekin belauneraino iristen zaion oihal bati eusten dio, oihal hori toles bertikaletan antolatua dela. Egokiera horretan egon litekeen beste edozein arroparekin alderatzerik ez dagoenez, txikiegia baita mantu bat izateko, segur asko leonte baten sinplifikazioa izango da, aurreko irudiei begira deskribatutakoek daramaten leonteak dauden moduan egokituta dagoena. Buru handia du, eta kopetaren gainera erortzen diren eta garondoraino iristen diren kizkurrez eraturiko kiribildura antzeko batez ageri da orraztuta. Hazpegiek keinu atsegin bat irudikatzen dute beren bakuntasunean.
Vives bildumako brontze batek, gaur egun Hispanic Society of America erakundean dagoenak, berretsi egiten du jarrera hori Heraklesen irudiei dagokiela, gorputzaren ezker alboari itsatsita baitu galtzarbean sartzen den makila luzea, Herakles lasai aurkezten duten irudi klasikoetan bezalaxe.
Ikonografia hau guztiz berezia da desagertu egin delako Herakles lasai aurkezten duten irudietan lagungarri eraman ohi duen makila bertikala, agian brontzea lantzen zuten Italiako artisauek gaizki ulertu zuten elementua delako. Bestalde, Vives bildumako piezen marrazkiak biltzen dituen albumean honako iruzkin hau dago jasota gure piezari dagokionez: "1. Herkules, Menorcako Ramos bildumagilearen bildumatik iritsia, baina irlatik kanpokoa, nongoa den adierazi gabe". Obra hau Balear uharteekin lotzen bada oso litekeena da Despuig kardinalaren bildumarekin ere zerikusia izatea, kardinalak izan zituen irudietako bat izan baitaiteke, geroago, XIX. mendean zehar, haren oinordekoren batek Ramos bildumagilearen esku utziko zuena.
Antzeko ale bat dago Milango Museo Zibiko Arkeologikoan. Pieza hori zalantzagarrien artean dago sailkatuta, leontea oso antzekoa duen arren "solastatzen" ari delako jarreran baitu eskuineko besoa. Oraingoz Herakles erasoan irudikatzen duten piezak bezain dokumentatuta ez badago ere, Herakles lasai aurkezten duten irudietan iritsitako aldaeren beste adibide bat baizik ez da honakoa, eta itxura batean batik bat Italiako penintsularen iparraldean landu zituzten halakoak. Despuig kardinalak bildutako multzoaren zati baten jatorria azaldu lezake horrek, bilduma horretan presentzia handia baitute brontzeek. (Ramón Corzo, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 300-303, n° 53.