Herakles erasoa jotzen, leontea lepoan duela - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles erasoa jotzen, leontea lepoan duela

Anonimoa, IV. mendea, K.a.

Brontzea

9,94 x 5,1 x 2,26 cm

82/880

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Heraklesen irudia, zutik. Eskuineko hankaren gainean hartzen du atseden, ezkerrekoa tolestuta du eta apur bat ezkerretara biratua, baina oin zolaren aurreko alde osoa ongi finkatua du zoruan. Soin laburra du, tutu formakoa, aldakak zabalduak eta iztarteko tolesak oso markatuak eta sendoak. Bularrezurra irudikatzen duen ildo sakonaren alde bietara egokitutako hiru muskulu masetan dago banatuta barrunbe torazikoa. Tolestuta du eskuineko besoa, goratuta, ukabila itxita, bertan bizkarraldera eroriko zen makilaren muturra kontserbatzen du. Sorbaldak leontearekin ditu estalita, klamide bat balitz bezala luzatzen da bizkarraldearen erdialderaino, eta eskuineko besoaren ingurura biltzen da, lehoiaren atzeko hankak eta isatsa irudikatu gabe dituela. Ezkerreko besoa ere tolestuta du, aurrerantz luzatuta, leonteak ukabila estaltzen dio, eta ez dago jakiterik armaren bati helduko zion ala ez. Leontea lepoan du lotuta, eta larruazalaren alboetako tolesak Heraklesen aurpegiaren bi aldeetan egokitzen dira, papar hegal bertikalen moduan. Heroiaren buru osoa estaltzen du lehoiaren larruazalak. Buruaren gainean animaliaren muturrari dagozkion bi konkor nabarmentzen dira, atzerantz luzatzen dira bi gailurren modura garondoaren mailatik behera. Txikia da Heraklesen burua, arrautza formakoa, hazpegiak oso handiak eta markatuak: sudurra zuzena eta lodia, ahoa erdi irekita eta begirada aurrera bideratuta.

Mugimendu eutsiaren keinua egiten du irudiak, gorputzak oraindik ez dio itxura batean ezkerreko hankarekin egiten hasi den urratsari erantzun, eta ezkerreko besoa tentsioan du, kolpea emateko prest.

Ikonografia mota hori bat dator Italiako giroetan sarritan landu zuten Herakles erasotzen aurkezten duten beste irudi batzuen ikonografiarekin, baina Nemeako lehoiaren larruazala eramateko modua, lepoan lotua, animaliaren larruazalaren atal bat buruari itsatsita kasko bat balitz bezala, Heraklesen aurpegiaren alde bietara papar hegal irekien gisara antolatuta, oso arrunta da erromatarren garaiko brontzeetan, oso zabalkunde handia izan zuten halakoek Europako beste lurralde batzuetan. Pieza horietan agerikoa da muskuluen modelatua landuagoa dela, antzinako Italiako aleetan muskuluak askoz ere modu laburragoan daudenean irudikatuta. Horregatik, hain zuzen ere, antzeko pieza italiar batzuk erromatarren garaian datatu dira, gehiago zehaztu gabe, aldaerak askotarikoak direlako eta brontze batzuetan betiko gustu italiarraren kutsuak nabari direlako. Campobassoko Samnitar Museoan bada oso ezaugarri antzekoak dituen ale bat, "Veronako Multzoa" delakoan sailkatua, lotura estua baitu lehendik azaldutako piezekin, baina estilo protohelenistikoan landua dela esaten da, Lisiporen ereduari jarraiki alegia. Serie bereko beste pieza bat dago Palermoko "Antonio Salinas" Eskualdeko Arkeologia Museoan. Gure piezaren eredu nagusia, nola estiloari hala egikerari dagokienez, Veronako Arkeologia Museoko piezetako batean dago, eta pieza hori guztiz bat dator Vulcin aurkitutako beste batekin, etruriar hiribilduko iparraldeko atetik gertu dagoen Ercoleren santutegi txiki batean aurkitu zuten azken hori. Vulciko hirian ugari ziren brontze txikiak lantzen zituzten artisauak. Segur asko tailer horietan eginak dira pieza horiek eta gurea, eta beraz, K.a. IV. mendearen azken hamarraldietan datatu behar ditugu. Hortaz, Lisiporen eragina nabari dakieke brontze horiei, baina etruriar gustuei jarraiki daude landuta. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 237-240, n° 34.