Bilduma online eta irudien salmenta
Herakles atseden hartzen
Anonimoa, III. mendea, K.o.
Brontzea
5,92 x 2,87 x 1,28 cm
82/848
Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an
Herakles dugu, zutik. Apur bat tolesturik eta aurreraturik duen ezkerreko hankaren gainean dago bermatuta gorputzaren pisurik handienak ezkerreko galtzarbearen azpian duen makilaren gainean har dezan atseden. Atzera eramana du eskuineko hanka, ezkerrekoarekin ia erabat lerrokaturik, eta ondorioz, soina nabarmen biratuta du, profilean geratzen zaio, eta beraz, beste aldera begira geratu behar du buruak ikuslearen aurrean egokitzeko. Zehatz landuta dauzka muskuluak, ez ordea gisa honetako irudiei berezkoa zaien indarrarekin, eta ondorioz antz handiagoa du atleta batekin. Eskuineko besoa bizkarraldera du eramana Hesperideen Lorategiko fruituei heltzeko ohiko keinuarekin, baina irudi honek hautsita du besoa ukondotik aurrera, eta ez dago jakiterik zehazki zer jarreratan izango zuen. Ezkerreko besoa arku bat marraztuta du beherantz jarrita galtzarbean makila bertikalari leku egiteko; makila aski mehea da, eta leonteak estalita dago, leonte horretan zehaztasun osoz adierazita daudela lehoiaren burua eta kimaren ile xerloak. Makilaren azpian berau jartzeko harria egongo zen, baina irudiaren idulkiari itsatsita galduko zen betikoz. Baina baliteke harriaren ordez bertan idi burezur bat egon izana, Gerionen idien eginkizuna gogorarazten duena. Burua handia da, eta ilea kopetatik garondoraino inguratzen duen eraztun batean bildua du burezurraren azala liso uzteko. Proportzio egokiak ditu aurpegiak, hazpegiak lasaiak. Aitzitik, lausotuta daude bizarraren xehetasunak, higatuta daude. Begiak handiegiak dira, ertz zorrotzagoen bidez daude zabalduta, eta horregatik uste dugu guk hazpegi horiek nabarmentzeko xedean egindako ukiera baten emaitza direla.
Lasai ageri den Herkules mota honek tradizio handia du Lisipok sortutako prototipoarekin hasiko zen estatua klasikoetan. Estatua horiek Herakles Arkadian irudikatzen duen Apelesen margolan ospetsu bat dute eredu, margolan horretan lasai eta bere gogoetetan murgildurik ageri baita heroia. Heraklesen bizitzaren azken etapa dago irudikatuta pieza honetan, behin Lan guztiak amaituta dituelarik jada badakienean amaitzear duela lurreko bizitza jainko olinpikoen aintza partekatzera igarotzeko. Azken garaipen horri esker Hesperideek Zutabeetatik harago zegoen lorategi batean zaintzen zituzten urre koloreko fruituak eskuratu zituen Heraklesek, hain zuzen ere hilezkortasuna bermatzen zuten fruituak. Pasarte horren inguruan eta Heraklesek bere xedea lortu zuen moduaren inguruan hainbat bertsio literario daude; bertsio baten arabera, Heraklesek Atenari eman zizkion fruituak beren lekura eraman zitzan, eta Atena izan zen Zeusek Herakles Olinpoan sartzeari onespena ematea lortu zuena. K.a. V. mendera arte hainbat formatan irudikatu zuen arte grekoak kontu hori, baina Herakles beti ageri zen zutik edo eserita, fruituak aurrerantz luzatutako ezkerreko eskuan zituela, bere garaipena agerian utzirik. Apelesen Herakles Arkadian obraren egokitzapen formala izan zen Lisipok eredu ikonografikoari egin zion ekarpena, Herakles "hesperiatarra" aurkezten baitigu, fruituak bizkarraldean ezkutatzen dituena gertatutako guztiak bere etorkizunean izango dituen ondorioei buruzko gogoetetan murgilduta dagoen unean. Ideia horrek aukera ematen zion eskultoreari soilik aurrez aurreko ikuspegiarekin ezin uler daitekeen irudi bat lantzeko; izan ere, ikusleak irudia inguratu beharra du Heraklesek eskuineko eskuarekin bizkarraldean zer ezkutatzen duen jakiteko eta gizonaren jarrera ulertzeko.
Lisipok sortutako Herakles, fruituak bizkarraldean dituela, Antzinaro klasikoan gehien miretsi eta kopiatu ziren eskulturetako bat bihurtu zen, eta bertsiorik ezagunena Erromako Karakalaren termetan zegoena zen. XVI. mendean aurkitu zuten, eta farnesiotarren bildumara bildu zen; geroago orduko Napoliko erregeak eskuratu zuen, eta geroago espainiar errege Karlos III.ak, eta berak sortutako museora eraman zuen. Gaur egun ere bertan dago, eta Espainiara iritsi zenetik Herkules Farnesio izenaz ezagutzen da. Aro Modernoan ere oso obra miretsia izan zen, eta Winckelmannek esan zuen estatua klasiko guztietan hori zela bikainena.
Lisipok eskulturaren bertsio batzuk egin zituen, aldaketa txiki batzuekin, eta horregatik bereizten dira gaur egun hiru eredu: Argosena, Sulmonarena eta Farnesiorena, hurrenkera kronologiko horretan sortuak. Horien guztien kopia ugari daude brontze txikietan landuak, eta sailkatzeko aukera ugari eskaintzen dituzten aldaerak eta ezaugarri nahasketak ageri dituzte. Herakles lasai dagoela erakusten duten aldaera guztien zerrenda luzeago batean, gure irudia Rennesko Arte Ederren Museoan dagoen brontzearekin batera agertuko litzateke, horrek ere aurrerantz begira baitu burua eta makila mehe bat besapean. Makila jartzeko idi burezur baten balizko presentziak Hispanian aurkitutako eskultura batzuekin erlazionatzeko aukera ematen du, eskultura horiek itxura batean gogoan baitute Gerionen idien lapurreta lana tokiko sinbolo gisa; Casertako Herkules deitua da marmolean landutako prototipo kolosala. Herkules hori Karlos III.ak Napoli hiritik oso gertu dagoen Casertan eraikitako jauregian dago une honetan, baina Karakalaren termetan ere egon zen Farnesio deituarekin bikotea osatuz; gero Farnesio familiak Erroman zuen jauregira eraman zituzten bi estatuak eta han Espainiako etorkizuneko erregeak erosi zituen, estimu handian sekula ere izan ez bazituen ere. Italiar adituek nahiago dute Casertako Herkules baino Italiar Herkules esan, horien aburuz zezenaren buruak Kakoren aurkako borrokaren pasarteari egiten baitio erreferentzia; baina gogoan baldin badugu bi pertsonaiek eskuratu nahi zituzten zezenak Gerion tartessostarrarenak zirela, egokiagoa ematen du irudi honetan Herkulesen bi balentriari dagozkion sinboloak (idiena eta fruituena) gainjarrita daudela aitortzea, izan ere, balentria horiek Herkulesen Zutabeak atzean utzita Mediterraneo itsasotik harago zeuden urruneko paraje berak izan zituzten agertoki.
Lasai ageri zaigun Herkules hau kalitate handikoa da bere osaeran, baina gorputzaren xehetasun batzuk galdu ditu molde eta kopia askoren xede izan ondoren. Nolanahi ere den, muskuluak inolaz ere ez dira Herkules Farnesioren muskuluen indar ikaragarrira iristen, proportzio atletikoagoak ageri ditu gure piezak, eta horrek ere giza itxura handiagoa ematen dio pertsonaiari. Jarrerari dagokionez, kontuan harturik ezkerreko hankak atseden hartzeko duen era, ongi finkatuta bera eta gorputzak lerrokadura gainditzen ez duelarik hankaren eta makilaren arteko orekari eusteko, Herkules Farnesio sortu aurreko pieza bat izan daitekeela esan behar dugu, gorputzaren pisu handiena makilaren gainera eramaten baitu, irudia areago makurtzera eta inklinatzera eramaten duena. Horregatik guztiagatik gure pieza Argosen ereduaren aldaera bat dela esango dugu, hau da, Lisipok sortutako aurreneko Herkulesen taldekoa, halakoetan oraindik V. mendeko egokiera klasikoari eusten baitiote Heraklesen aurreranzko begiradari dagokionez, ez dira Sulmonaren eta Farnesioren ereduek eskaintzen duten beheranzko begiradaren kontzentrazio mailara iristen. Anatomia desitxuratu samar duen arren, kalitate handiko obra dela eta agian bilduma osoan artisau soil baten lanetik ez baizik eta eskultore on baten lanetik gertuen dagoen pieza dela azpimarratu behar dugu. (Ramón Corzo, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 209-214, n° 27.