Bilduma online eta irudien salmenta
Gizona biluzik etzanda
Pinazo Camarlench, Ignacio
Valentzia, 11/01/1849 - Godella (Valentzia), 18/10/1916
Olioa oholean
21,5 x 40 cm
Y. Pinazo (eskuineko beheko angelua)
c. 1897
82/16
Juan Ángel Larrea jaunaren legatua 1975ean
Lehen begiratu batean Pinazok Valentzian, Colegio del Patriarca Ribera kolegioko Kristo etzana (1896) margotzeko aurrera eramandako prestakuntza lanekin lotu bagenezake ere pintura hau, eta 1895 data erabili bada ere Museoko inbentarioan, zalantza batzuk sortzen dira horri dagokionean. Aipaturiko Patriarkaren koadro horretarako, bi zirriborro interesgarri margotu zituen Pinazok, oso misteriotsuak eta hunkigarriak. Haietan argi uzten du une haietan zuen margotzeko trebetasuna, gorputzaren ikuspegi horizontala nabarmenduz, beso eroriekin. Bilboko koadro honetan konposizioa diagonala da, aurrez aurrekoagoa, Valentzian kontserbatu diren Kristo etzanaren beste margolanetan nagusi den siluetari kontrajarriaz. Bilboko gizonezko irudi biluzia maindire baten gainean dago eta kastitate oihala darama, baina ez zaio argi koroarik edo bestelako ezaugarririk nabari, ezagutzen diren beste bi zirriborroetan gertatzen den bezala. Gorputzak ez du inolako zauririk edo indarkeria aztarnarik ageri, aurpegia oso arrunta da, ezpain lodiekin eta sudur motzarekin, bizarrik gabe. Tentsio egoera islatzen duen ezer ere ez dago, ez dago inolako idealizaziorik, eta ezta lasaitasun edo emozio ideiarik ere: eragin naturalistako konposizioa da, eta erietxeko hildako bat ekartzen digu gogora, egiazko modelo baten aurreko zirriborroan.
Bilboko Museoko koadroaren eta Valentziako Patriarkarenaren artean, edo Godellako Pinazo Museo Etxean kontserbaturiko bi zirriborroen artean loturaren bat badago, modelo natural baten erretratu edo zirriborro gisa ikusi beharko genuke lehenengoa, eta haren azken helburua izango zen erlijio irudi baten irudikapena izatea. Pintzelkadaren estiloak, koloreak eta beste xehetasun batzuek Pinazoren estiloa gogorarazten badigute ere, 1896 baino une dezente lehenagokoa dela dirudi.
Koadroaren sinaduran ere badaude berezitasun batzuk, Pinazoren sinadurak halako gorabehera eta aldaera batzuk baditu ere, ez da oso ohikoa bi buztan irten dituen P bat erabiltzea. I letraren puntu biribilak ere ez du, z-tik abiatuta, haren sinadura guztietan ageri den sinaduraren ildoa. Horrek ez du esan nahi artistak egina dela ukatzen denik, baina segur aski oso gaztetan egindako obra izango da, margolariak geroago sinatu zuena. (Francisco Javier Pérez Rojas)
Bibliografia hautatuta
- Marín-Medina, José. La escultura española contemporánea, 1800-1978 : historia y evaluación crítica. Madrid, Edarcón, 1978. p.126.
- García Beneyto, Carmen. "Notas para un estudio sobre José Pinazo Martinez", Archivo de arte valenciano, n° 50. 1979. pp. 111-118.
- Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 96. (Con el título Hombre desnudo tendido).
- Calle, Ramón de la. "Los aforismos de Pinazo", Archivo de Arte Valenciano, n° 68. 1987. pp. 93-96.
- Un siglo de pintura valenciana, 1880-1980 : intuiciones y propuestas [Cat. exp.]. Valencia, Generalitat Valenciana, 1994. pp. 332-333.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 184-185, n° cat. 44.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 184-185, n° cat. 44.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 184-185, n° cat. 44.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 352-353, n° cat. 70