Generoko eszena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Generoko eszena

Anonimo japoniarra. XIX. mendea

Tinta

27 x 27,3 cm

82/729

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Paperean egindako obra txiki hau shikishi (色紙) formatuko pintura baterako diseinua izan liteke. Egilea zein den ez dakigu, baina estiloari erreparatzen badiogu, Katsushika Hokusai, ukiyo-e artearen maisu handiaren jarraitzaileengana eramango gintuzke. Obrak genero eszena bat ageri du, eta bertan tamaina handiko ehunezko objektu bat tolesten ari da gizon bat; batzuek futon gisa (koltxoi japoniar meharra) interpretatu dute, baina jantziren bat ere izan liteke. Gizona irribarretsu dago, eta yukata koadronun soil bat darama jantzia. Era horretako eguneroko eszenak oso ohikoak izan ziren ukiyo-e arteko margolarien artean, jarrera informaletan eta bat batekoetan, pose artifizialik gabe, xehetasun guztiak freskotasun handiz jasotzen jakin izan baitzuten. Margolanean tanka moduko poema japoniar bat ere badago, baina haren letra etzaneko eskriturak ez digu transkripzioa egiten uzten. Nolanahi ere, badakigu lehen hitza haru (春) dela, eta hitz horrek udaberria esan nahi duela. Horrenbestez, baliteke obrak lotura izatea urtaro aldaketak bere duen ekintzaren batekin.

Pinturak poema idatziekin konbinatzea oso ohikoa zen luxuzko surimono grabatuetan, Hokusai eskolako berezitasun bat, hain zuzen ere, XIX. mendearen lehen erdialdean. Margolan honen neurri txikia ikusita, pentsa genezake surimono baterako zirriborroarekin loturik egon daitekeela, baina koloreek eta xehetasunek ez dute luxu garestiko grabatu haien itxurarik nabari. Berezkotasun handia transmititzen du, hala konposizioan nola gauzatze lanean. Marrazkia, tinta beltzez egina, bizkorra eta segurua da, eskematiko samarra, eta ingurua markatu besterik ez du egin. Kolorea, berriz, soila da, berdea erabili du yukatarako eta laranja gainerakorako. Laranja koloreko pintzelkadaz indartu ditu marrazkiaren zati batzuk, gizonaren jantziaren dekorazio patroia egituratuz. Ez margolana ez poema ez daude sinatuak, ohikoa izaten den bezala. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 244-245, n° cat. 57.