Gazteiz / 1934 / Aberi / Eguna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gazteiz / 1934 / Aberi / Eguna

Ga eta Goi

XIX. mendea. Lehen zatia

Koloretako litografia paperean

99 x 69 cm

Ga-eta-Goi (eskuineko beheko angelua)

1934

82/1910

1981ean eskuratua

Lehen bi Aberri Egunak Bilbon eta Donostian ospatu ondoren, hirugarrena Gasteizen izan zen 1934ko apirilaren 1ean. 1933ko azaroan onartu berri zen Euskal Autonomia Estatutua zela-eta, tentsio politiko handia bizi zen garai batean ospatu zen ekitaldi hura. Ugari izan ziren Gorteetatik Estatutuaren legezkotasunaren aurka ahotsa altxatu zutenak, eta hain zuzen ere, José Luis Oriol edo Ramiro de Maeztu gasteiztarrenak ziren haietako batzuk. Araba Estatutuen barnean sartzearen aurka agertu ziren biak, eta horrexegatik beharbada halako izaera estrategiko bat eman diezaiokegu euskal nazionalisten urteko ospakizuna egiteko leku gisa, logikoa zenez, Gasteiz aukeratu izanari.

Aberri Eguna egin aurreko giroa neurri batean epeldu egin zen jai hura Araban egitearen aurkako kanpaina mediatikoagatik, probintzia horretan tradizioz pisu txikiagoa baitzuten nazionalistek. Argitara eman zituzten artikulu askotan, ekitaldiaren aurkako tesiak azaldu zituzten Pensamiento Alaves bezalako egunkariek, eta esaten zuten Eusko Alderdi Jeltzaleak Araba bereganatzea zela haren helburu nagusia. Hori zela-eta, jai ekitaldiak egiten ziren bitartean gatazkaren bat sor zitekeela aurreikusiz, gobernadoreak, Ulacia jaunak, segurtasun indarrak areagotu zituen beste leku batzuetatik, Burgostik eta Palentziatik, esate baterako, etorritako tokiko indarrekin.

Ga eta Goi izenaz sinaturiko kartel honetan, garai haietan EAJn afiliaturiko artista arabarren baten izengoitia izango zen segur aski, hiru elementu ageri dira gainjarriak hondo zurian. Lehenengo ikurrina, goiko aldean airean dabilena ospakizun haren ezinsbeteko ikur gisa. XIX. mende amaieran diseinatu zuten ikurrina Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek Bizkaiko bandera gisa, baina XX. mendeko lehen hamarkadetan era guztietako ekitaldietan erabiltzen zenez, Euskal Herriko bandera gisa hartu zen. Haren azpian, hirian dagoen Erdi Aroko ondare elementu nabarmenetako bat, Santa Maria Katedrala ikus daiteke. Azkenik, lehen planoan, dantzariak; zeruak eta erlijio arkitekturak osaturiko hondoan islatua ageri da haien irudia.

Kontuan izanik Aberri Egunaren ospakizunean elkarrekin nahasten zirela izaera abertzalea, erlijio zeremoniak eta jai-kultur jarduerak, kartel honen ikonografiak ezin du adierazgarriagoa izan. Izan ere, ekitaldien programak berak garbi asko adierazten du liturgiak oso leku garrantzitsua izan zuela, hainbat meza eman baitziren Aita Karmeldarren elizan, San Migelen eta Katedralean. Gainera, ekitaldi garrantzitsuenetako bat izan zen Mendizorrotzako zelaian egindako euskal jaia, 15.000 lagun inguru bildu zituena. Programan, elebitan eta Obdulio López de Uraldek ilustratua, adierazten da Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako zenbait euskal dantzari taldek hartu zutela parte. Ezpata dantza eta arku dantza ziren lehen, eta baita gaur egun ere, euskal dantza ezagunenetako bi, eta biak ageri dira kartelean ezpata eskuan duen gizonaren eta hiru koloreko arkua daraman emakumearen irudiekin.

Ga eta Goi izengoitiaren atzean nor dagoen ez dakigunez, ezinezkoa da artistaren ibilbidearen barnean hari balioa ematea, baina egia da obra honetan nolabait ere nabari dela Nicolás Martínez Ortiz bezalako sortzaileen eragina. 1932ko Aberri Eguneko hainbat kartelen egilea zen hura. Era berean, elementuen tratamendu geometrikorako joera antzematen da, eta espazioaren kontzepzio berezia, irudien eta hondoaren artean harreman bitxia sortuz. Horrek guztiak, eta diagonalean egokituriko elementuak nagusi dituen konposizioa izateak, eta kolore kontrastatuak eta tipografia originala erabiltzeak kartel original eta moderno hau eman zuten fruitu, 1934ko Aberri Eguna iragartzeko egindako hiru karteletako bat izanik. (Mikel Bilbao)

Bibliografia hautatuta

  • Los nacionalistas : historia del nacionalismo vasco, 1876-1960 [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Fundación Sancho el Sabio, 1995. p. 309,
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 306-307, n° cat. 104.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 39.
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. p. 265, n° cat. 127.
  • Cava Mesa, Maria Jesús; Silvestre, María; Arranz, Javier. Memoria colectiva del bombardeo de Gernika. Gernika-Lumo, Gernika Gogoratuz, 1996. p. 308, il.