Bilduma online eta irudien salmenta
Fûryû kitsune ken (Azeriaren joko dotorea)
Eizan, Kikukawa
Japonia, 1787-1867
Egur grabatua paperean
36,2 x 25,9 cm
Kikugawa Eizan hitsu
1824
82/742
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
XIX. mendeko lehen hereneko bijin-ga generoko artista garrantzitsuenetako bat da Kikugawa Eizan. Emakume eredu idealizatua, dotorea eta sofistikatua irudikatu zuen, 1806. urtean hil zen Utamaroren artearen eragin handiarekin. Hala ere, Eizan ez zen Utamaroren ikaslea izan, baizik eta Kano eskola ofizialistako margolari familia batetik zetorren eta bere maisu Totoya Hokkeirekin (1780-1850) sartu zen ukiyo-e grabatuaren artean. Bizitza luzea izan bazuen ere, 1830. urte aldera utzi zion estanpak egiteari. Hauxe da bere irudi ezagunenetako bat, eta baita bere lanik hoberenetakoa ere. Triptiko baten barnean dago, eta haren erdialdeko estanpa da. Egia esan, 1824. urtean egindako bigarren edizioa da, lehenagoko bertsio bat baitago; hartan, artistaren sinadura Eizan hitsu da Kikudama zigiluarekin. 1802ko lehen edizioa Londresko British Museum museoan kontserbatu da, eta haren jatorrizko izena Furyu sake zen, eta ez towamure san bijin. Data haietan beste bertsio batzuk ere argitaratu ziren, eta horrek esan nahi du egiaz arrakasta handia izan zuela. 1824koan Furyu kitsune ken du izenburua, gaztearen jarrera dotoreari erreferentzia eginez, azeriaren jarrera egiten ari baita ken jokoan, gure harria, papera, guraizeak jokoaren antzeko jolasa, eskuekin jarrera desberdinak egitean datzana.
Folklore japoniarrean oso animalia garrantzitsua da azeria, eta bere itxura giza itxura bilakatzeko berezitasuna du hartan. Joko honetan berekin lehian diharduten beste pertsonaiak dira ehiztaria, hark disparatuta irabazten dio, eta alkatea edo nanushi, hau baino boteretsuagoa dena, baina animaliaren sorginkeriaren aurrean galtzaile ateratzen dena. Eizanek lortzen du dibertsio alderdi jostagarria helaraztea, gelak bereizten dituen paperezko panelaren edo shojiaren atzean dantzarien itzalak margotzeko baliabidea erabilita. Teontziaren ondoan kiwame zentsura zigilu biribila ageri da, eta beherago, Yamadaya Shobeiren Yamasho zigilua, Eizanen argitaratzaile garrantzitsuenetako bat XIX. mendeko bigarren hamarkadan, 1789tik 1851ra luzatu baitzen haren jarduera, batik bat bijin-ga sailak argitaratzen. Triptiko honen eskuineko aldea ere kontserbatu da Palacio bilduman eta obra osoa du Londresko Victoria & Albert Museum museoak. (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 32, n° cat. 11.
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 296-297, n° cat. 85.