Fortuna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Fortuna – 82/911

Anonimoa, II-III. mendeak, K.o.

Brontzea

8,5 x 4,63 x 2,42 cm

82/911

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakumezko baten irudia, zutik. V formako lepoa eta ukondoetarainoko mahukak dituen tunikarekin dago jantzita, oinak ere estaltzen dizkio. Antza ezkerreko zangoaren gainean hartzen du atseden, eskuinekoak aurreratuta baitu oin punta. Nolanahi ere den, tinkoa eta zurruna da irudiaren itxura, eta hazpegi meheek areagotu baizik ez dute egiten zurruntasun hori. Peplo bat du jantzita gainetik, orratz batez darama lotuta eskuineko sorbaldaren gainean, eta ezkerreko sorbaldan behera erortzen zaion mantuak inguratuta dago. Luzeegiak ditu besoak. Eskuinekoa gorputzetik bereizita du oso modu laburrean irudikatuta dagoen ontzi bateko lemari eusteko. Ezkerrekoak bertikalean eusten dio ugaritasuna irudikatzen duen adar luzeari, adarraren goiko atalean fruituez eraturiko masa handi bat eta ilgora bereizten direla. Handia du burua, modius kapela luzeak estalita du, haren hegalen azpian ditu bilduta ileak. Azala higatuta duen arren, egokiak eta harmoniatsuak dirudite hazpegiek.

Bilduman dauden Fortunaren irudien artean honakoa da objektu kopuru handiena kontserbatu duena, izan ere, uzten jainkosa Zeresen modiusa, Abundantiaren ugaritasunaren adarra, Isis Astralen ilgora eta Isis Pelagiaren lema daramatza aldean. Estiloa bat dator Inperioaren lurralde osoan azaldu diren beste irudi askoren estiloarekin, esate baterako, Sofiako Museoko hiru piezaren estiloarekin (Tyche d'Opaka, Tyche de Almus eta Tyche de Vlcepl izena dute), nahiz eta kalitatearen ikuspegitik modu trauskilagoan eginak diren. Badira Alsaziatik eta Rodano ibaiaren eskualdetik iritsitako antzeko ale batzuk. Celeian aurkitutako bat, objektu berberak baitaramatza aldean, jarrera zurrunagoan ageri da, baina zehatzago du landua akabera.

Oso ugari dira ikonografia mota hau irudikatzen duten antzeko aleak. Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean antzeko dozena bat irudi daude, erantsi zaizkien objektu sinbolikoen kopuruan eta motan bereizten dira. Frantziako Liburutegi Nazionalean beste hamar ale daude, British Museum museoan bezainbeste. Nolanahi ere den, irudi mota hau oso arrunta denez eta horien artean gurea bezalako itxura trauskileko aleak gutxi ez direnez, zaila da eskola edo tailer jakin batekin lotzea, ikur horiek guztiz arruntak baitira leku guztietan ongi ezagutzen den errepertorio komunean.

Despuig kardinalaren bildumaren hemeretzigarren mendeko deskribapenean argi eta garbi identifikatzen diren brontzezko "idolo txiki" urrien artean Ugaritasunaren jainkosari dagozkion bi irudi daudela aipatzen da. Taramona-Basabe bilduman Fortunaren lau irudi daudenez, horietatik hiru Ugaritasunaren iruditzat hartzeko moduko ikonografiarekin lotzen direnez (fruituez beterik dute adarra), eta laugarrena berdin-berdina denez, adarra hautsita duen arren, lau irudi horietatik Despuig kardinalaren bildumakoak soilik bi direla ondorioztatu liteke, eta beste biak bereizirik eskuratu zituela Manuel Taramonak. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 180-183, n° 22.