Bilduma online eta irudien salmenta
Eszena mitologikoak
Anonimo japoniarra. XVIII. mendea
Tinta
26,4 x 50,6 cm
82/782
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Arthur Kay (1861-1939) enpresari eskoziarraren funtsetan zegoen bost margolanek osatutako multzo hau, enpresari hark bilduma handia osatu baitzuen bere bizitzan zehar, zati handi bat arte japoniarrari eskainia. Parisen Drouot Hotelean atera zen enkantera dekorazio arteen saila 1913. urtean, eta Jose Palaciok erosi zuen. Margolanen jatorria jakin ahal izan da guztiek atzealdean duten etiketari esker, bildumazalearen zigilua ageri baita hartan. Hauxe jartzen du: COLLECTION OF ARTHUR KAY F. S. A. Gainera, aurrealdean beste zigilu bat ageri da, irakurtezina, kolore gorriz. Pinturak sinatu gabe daude eta tinta hutsez eginak dira, kolorerik gabe, eta interes handia dute mitologiaren gaia lantzen dutelako, parodia gisa azalduta. Estiloak Edo Aroko Kanō eskola ofizialistaren estiloari jarraitzen dio, XVIII. mendekoa segur aski. Margolan bakoitzak bere neurriak ditu, baina altuerak ia berdinak dira. Horrenbestez, jatorrian emaki-mono bilkari moduko unitatea izango zenetik moztutako eszena bereiziak direla uste dugu.
Tintaz eginiko margolan multzo honek ez du kolorerik behar irudikatutako pertsonaia mitiko bakoitzaren adierazkortasuna trebetasun handiz azaltzeko. Guztietan egin dira umorezko aldaketak protagonisten ohiko ikonografiari dagokionean, pintura japoniarrak bere lehen adierazpenetatik, hauxe da, XI. mendean, Heian Aroan egindako emaki-monoetatik bereizgarri duen umore aldartearen erakusgarri. Ukiyo-e grabatuetan ere loratu zen parodiei edo mitate-e zirelakoei eskainitako genero bat. Artista opetsuek landu zuten genero hura, eta japoniarrek zuten hitz jokoekiko, konparazio gatzdunekiko eta gai klasikoen umorezko aldaketekiko interesa baieztatzen du. (David Almazán, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 233, 239-243, n° cat. 52-56.