Bilduma online eta irudien salmenta
Estalitako eskaintzailea
Anonimoa, II. mendea, K.a.
Brontzea
6,62 x 2,22 x 2,17 cm
82/896
Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an
Emakume baten irudia, zutik. Hanka bereizi eta zuzenen gainean finko hartzen du atseden gorputzak. Tunikaren gainean mantu handi bat du, buru gainean belo baten modura du jarrita eta besoak inguratzen ditu. Ezkerreko besoa eskuak sorrarazten duen hanpadurari esker antzematen zaio, eta eskuineko eskua mantuaren ertzetik irteten da masa esferiko batera murriztuta geratu den objektu bati heltzeko. Mantuaren muturra eskuinaldetik ezkerreko sorbaldara luzatzen da bizkarraldetik puntan erortzeko. Mantuaren behe aldeko tolesak hotzean eta trakets egindako ildoen bidez daude irudikatuta, baina zehatz deskribatzen dituzte kalitate handiagoko obretan erakusten duten egokieraren ildo orokorrak. Ez zaio ongi hautematen aurpegia moldea higatuta egongo zelako eta irudiaren gainazalean kare metaketak gertatu direlako. Aitzitik, punta lodiko sudur luzea eta begi zuloak nabari zaizkio.
Kontuan harturik alearen ezaugarri orokorrak, helenismo aurreratu baten barruko irudi eskaintzaileen artean kokatu behar dugu, horietan formak errepikatu egiten baitira tipologia jakin batekin lotu behar ez diren eredu estereotipatuak balira bezala, izan ere, aldean eraman zitzaketen objektuak eta eskuen keinuak elkarren artean aldatzeko modukoak dira. Gure alearen egitura zabalegia eta trinkoegia da, bazterreko produkzio baten baitan gutxi zaindutako kopia bat balitz bezala; agian Italiako penintsularen erdialdean egina da, gure irudiko tolesek antz handia baitute alde horretan itxura batean eredu gisa erabili zituzten terrakoten mantuen tolesekin.
Milango Museo Zibiko Arkeologikoko bilduman bada mantu batez jantzita dagoen eskaintzaile bat: ezkerreko eskuko pixidea era berean higatutako esfera baten antzekoa da, baina eskuineko besoa mantutik kanpora du; halaz ere, antz handia du proportzioetan gure alearekin. Buru gaineko beloak, guztiz ezohikoa Italiako gisa honetako irudi eskaintzaileetan, Carsoliko beste bi brontzerekin lotzera eramaten gaitu, baliteke horiek ere bazter artearen emaitza izatea. (Ramón Corzo, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 390-392, n° 76.