Bilduma online eta irudien salmenta
Eskalea – 85/14
Bon
Bartzelona, 1886-Bartzelona, 1967
Tinta txinatarra eta gouache
25,5 x 20,5 cm
BON. (ezkerreko behe-angeluan)
85/14
1985ean eskuratua
Gure Museoan dauden Bonen hiru karikatura hauek aitzakia ezin hobeak dira egileak 1910. eta 1920. urteetan Bilbon egin zituen egonaldiak hizpide hartzeko.
Kataluniako artistak eman zion hasiera Euskal Artisten Elkartean 1917ko erakusketa denboraldiari; hiriko jende ezagunari egindako hirurogeita hamarren bat karikatura aurkeztu zituen egileak, eta oso kritika onak jaso zituen. Gisa honetan aurkeztu zuen Pedro Mourlane Michelenak katalogoan: "kataluniar gazte honek (...)sumatzen du, ongi sumatu ere, honez gero ez dagoela eraitsi beharreko bastillarik. Horregatik erabiltzen ditu bere ikatz lan gaiztoak gure aurka. Jende xumea (...). Karikaturari buruzko alderdi batzuk labur-labur aztertu eta gero, ikusgai zeuden obrekin gozatzeko gonbita egin zien kritikariak ikusleei, lan horiek aipatu kritikariaren luma zorrotzaren xede izan baziren ere: "Eta orain zintzilik ez dagoenak egin diezaiola irribarre gure marrazkilariari esker ona adierazteko. Eta zintzilik dagoenak ere egin dezala irribarre". Ordurako hainbat hilabete zeramatzan Bon Bilbon bizitzen, estudio bat hartu zuen Gurutze kaleko 17. zenbakiko etxean. Anaia Enriquerekin batean, "era guztietako marrazkiak egiteko enkarguak onartzen zituen, batez ere industria munduko irudiak eskatzen zizkieten, halakoak baitziren arrakastatsuenak industria eta merkataritza izaera biziko hirian".
Bilboko hiriak hiru urte itxaron behar izan zituen Bonen hurrengo erakusketarekin gozatu ahal izateko. ¡Hampa! izenburupean, 1920an egin zen On Diego Lopez Haroko kale nagusiko Majestic Hallen --urte haietan Romero de Torres, Verdugo Landi eta Vázquez Díaz egileen obrak ikusi ahal izan ziren bertan--. Erakusketa hori prestatzeko Bilboko goi auzoetako gaizkilearen itxurak egingo zituen, alprojekin batera bizi izan zen, eta taberna zuloak eta liskarren bat tarteko, ezin konta ahala apunte eta marrazki egin zituen. Baina proiektu berri horri begira alde batera utzi zuen karikatura hertsia benetako gizartera gehiago hurbiltzeko. Aldaketa horrek zer esan ez zekitela utzi zituen kritikariak. Aitzitik, honela zioen Crisanto Lasterrak: "Gaueko Bilboko alde horri berezkoa zaion pianola, kuple abeslari eta parrandazaleek eragindako zarataz harago, taupada berezi sakon eta zorrotz bat irudikatu du Bonek, bere bidetik ateratako bulkada jakin batzuk, airean isil-isilik kurba tragiko bat marrazten ari direla ematen duela, talde maltzur, geldo eta isil horien bidez, taberna zuloetako laino kutsatuak inguraturik lasai erretzen, edaten eta berba egiten duten irudi motel horien bidez".
José Francés kritikariak goraipatu egin zuen 1922an egileak eraldatzeko zuen gaitasun aparta, eta honela gogorarazten zuen: "Bilboko gauetako silueta apatxesko hori, txano biseraduna sudurretik haratago luzatzen dela, jertsea ahoaren pareraino goratuta eta belaunetaraino beheratuta, arlotearen makila eta adierazi gabeko gaizkileen arteko bizimodua, gizona harrituko zuten lazeriaren eta bizioaren artean". Gonbita orrietan eta katalogoaren azalean Bonek karikaturagile-gaiztaginaren silueta marraztu zuen, marrazkiak biltzen dituen karpeta hartuta gauez Bilboko goi auzoetan barrena dabilen karikaturagilearen silueta. Izan ere, gisa horretan jantzita azaldu zen Bon inaugurazio ekitaldira, eta haren familiak gogoan duenez, gonbidatuek ongi lotu zituzten jakak, eta emakumeek tinko heldu zioten nork bere poltsari.
1921eko otsail eta martxo artean berriz ere erabiliko zuen agertoki bera bere lanak erakusteko. Aitzitik, beste gai bat landu zuen, berriz ere heldu zion 1917ko erakusketan aurkeztu zuen gai nagusiari, eta Bilboko pertsonei egindako 131 karikatura jarri zituen ikusgai eta salgai, hogeita bost eta mila pezeta bitartean; hiriari agur esateko modua izan zuen. Erakusketa horren harira eta luze gabe alde egitekoa zenez, omenaldi bat egiteko eta lagunari agur esateko oturuntza bat prestatu zuten hainbat mireslek, horien artean "Bilbo aldean bizi diren intelektual handienak" zeudela. Erakusketak alde batera utzirik, tokiko hainbat argitalpenentzako irudiak landuz atera zuen bizimodua aurrera Bilbon bizitzen eman zituen urte horietan. Horrenbestez, Aberri, Euzkadi, La Tarde eta El Liberal egunkarietan eta Amania Nueva eta Hermes aldizkarietan ikusi ahal izan ziren egile honen karikaturak eta marrazkiak. 1922an Bizkaiko hiriburura itzuli eta hainbat hilabete eman zituen hiri horretan Bilbao Gráfico astekariko zuzendaritza artistikoaren postua onartu eta gero, eta marrazki eta karikatura asko eta asko landu zituen argitalpen horretarako, azalen diseinuak egiteaz gain.
Museoko hiru karikatura hauek aipatutako argitalpenen batean argitaratzeko landuak izango ziren ziurrenik --horixe iradokitzen dute haietako batean irakur daitezkeen oharrak, arkatzaz idatziak, fotomekanikari begira. Aldi berean, egilearen aurreneko obretan nabari den jatorri modernistako joerak baztertzeko eta formak fintzeko prozesu baten ostean, artistaren marrazkian nagusituko zen norabide sintetikoaren adibide dira hiru karikatura hauek. (Mikel Lertxundi Galiana, 2009)
Bibliografia hautatuta
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 228-230, 233, n° cat. 95.