Bilduma online eta irudien salmenta

Eros gezia jaurtitzen
Anonimoa, II. mendea, K.o.
Brontze
5,44 x 2,69 x 1,44 cm
II. Mende
82/715
Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an
Haur baten irudia, zutik. Apur bat tolestuta duen ezkerreko zangoan oinarritzen da, oina kanpoko alderantz duela. Eskuineko hanka atzerantz biratuta du, zorua ukitu gabe. Biluzik dago, bularraldea eskuineko sorbaldatik ezkerreko aldakaraino gurutzatzen dion uhala baizik ez darama soinean, uhal horretatik zintzilikatuta egongo zen geziak eramateko zorroa. Goratuta du ezkerreko besoa, eskua itxita galdu den geziari, zorurantz bidertuko zuen geziari heltzeko. Eskuineko besoa soinetik apur bat bereizita du, beherantz, eta ezkerrekoarekin batean irudiari halako oreka formala eskaintzen dion diagonala eratzen du. Ezkerretarantz eta beherantz du burua, begirada geziaren muturra egon zitekeen puntuan jarrita. Ile kizkurrek osatutako hiru masetan du antolatuta orrazkera, erdiko masa garondoraino iristen zaiola. Egokia da aurpegia, apur bat higatuta badu ere.
Erosen hazpegiak dauzka, eta irudiaren keinutik ondorioztatutako ekintza bat dator Erosen geziaren edo azkonaren erabilerarekin; kasu honetan, baina, animalia bati zuzenduta egongo zen azkon hori, segur asko oinetan izango zuen sugeari zuzenduta. Beraz, interpretatzen erraza da gai hau, baina Greziako estatuetan Eros azkonarekin gazte eta hegodun agertzen zaigun bitartean, honetan haur baten itxurarekin azaltzen zaigu, eta beraz, garai greko berantiarrean edo erromatarren garaian egina behar du izan. Frantziako Liburutegi Nazionalean bada jarrera berean dagoen haur itxurako beste brontzezko estatua bat, hegoduna, baina ezkerreko besoa hautsita duenez ez dago egiaztatzerik eskuan azkonik zuen ala ez.
Avignongo Calvet Museoan bada neurri berbereko haur baten irudia, estiloaren ikuspegitik antz handia du honako irudiarekin; XVIII. mendean egina da segur asko. Hankak antzeko jarreran ditu, ezkerrekoa zuzen oinarriarena eginez, eta eskuinekoa apur bat tolestuta, aurrerantz baina, eta soina eskuinalderantz inklinatuta, irudiaren segurtasuna oso desorekatzen duelarik. Kontrako noranzkoan du soin uhala, eta eskuineko eskua du goratuta. Ukabila itxita du, eta beraz, aurrerantz eta eskuinerantz bideratuta edukiko zuen azkona, haurraren ikus eremutik kanpora geldituko zen lekurantz, haurra ezkerretarantz begira baitago. Horiek guztiek, egileak teknikaren inguruan ageri dituen zalantzekin eta aurpegiaren akabera oso naturalistarekin batean, eramaten gaituzte Calvet Museoan dagoen pieza egiazki obra moderno bat izan daitekeela esatera, ondo landua dela eta gure Erosen antzeko erromatar brontze bat izan zuela gogoan egileak honakoa egiteko, nahiz eta artista modernoak ez zuen irudiaren zentzua eta keinua zuzen interpretatzen jakin izan, irudiak berezko duen ikonografia osoa galdu egiten baitu apaingarri huts bihurtzeko.
Erromatar obrei emandako tratamendu anatomikotik eta itxura orokorretik oso gertu dago gure pieza, era berean bat dator brontzearen azalari emandako itxuran eta ageri duen kontserbazio egoeran. Era berean, aurpegiaren azal higatua, segur asko molde bat eta bera behin eta berriz erabiltzeagatik ageri du higadura maila hori, ez litzateke posible izango berriki egindako lan batean. Hortaz, antzeko obrak aurkitzen diren arte, erromatarren garaiko obra gisa sailkatu behar da honakoa, Frantziako piezaren inspirazio iturriarena egin zuen beste ale baten ereduaren arabera. Irudiaren mugimenduak eta itxurazko ezegonkortasunak eramaten gaituzte altzari bateko apaingarri bat dela ondorioztatzera. Argimutil baten oinarria dekoratzeko bada Myrinaren Eros gazte bat, soin uhala soinean gurutzatuta duena eta azkona oinetan duen zerbaitetan sartzeko ekintza bera eginez ari dela. (Ramón Corzo, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 160-163, n° 16.