Erbi-txakurdun dama - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Erbi-txakurdun dama

Stevens, Alfred

Brusela, 11/05/1823 - Paris, 24/08/1906

Olioa mihisean

90,2 x 59,5 cm

AStevens (ezkerreko beheko angelua)

82/415

Quintoko baroiaren dohaintza 1915ean

1855eko Anberesko Aretoan aurkeztutako Bere etxean izenburuko margolanean du abiapuntua emakume modernoaren eguneroko bizitzaren pasarte garrantzirik gabeak irudikatzeko Alfred Stevensen interesak. Ospe handia ekarri zion obra horrek eta arte genero berri horretan aurrera egiteko eta urte horietan aldi berean lantzen zituen izaera historiko eta sozialeko obrak alde batera uzteko hautua egin zuen egileak.

Bigarren Inperioko emakumearen irudiari asmatzeko gabezia eta, berau lantzeko aitzakia gisa, ekintza hutsalenaren bilaketa egozten zitzaion. Hala eta guztiz ere, Stevensek ez zuen etsi, eta uko egin zien arrakasta handiagoa ekarriko zioten eskaintzei. Stevens artista handitzat zuen Joseph-Nicolas Robert-Fleury (1797-1890) margolariak berak iradoki zion beste gai batzuk landu zitzala ohorezko domina lortu nahi bazuen. Arrakasta lortuko zuela segur baitzegoen, laburra izan zen Stevensen erantzuna: Gorde zuretzat zure domina, niretzat gordeko dut nik neure generoa.

Alfred Stevensek Bigarren Inperioko dama zoragarriari, bere gutiziekin, pentsaerarekin, oroitzapenekin, graziekin, gustuekin eta izaerarekin, egindako interpretazioari esker, XIX. mendearen erdialdeko emakume burgesaren ordezkari onena bihurtu zen. Bere obren bidez, egileak emakumeen mundu txikia deskribatu zuen, eskuarki eremu pribatuetan ageri dira, irudikatuak ekonomiak eta kulturak bizi zuten oparoaldiari dagokion eran jantzita . Alderdi horiek bat zetozen Alfred de Musseten zabalkunde handiko literatura lanetan, esate baterako Emakumea eta erbi txakurra nobelan, adierazten direnekin. Margolan honetan irudiaren presentzia nabarmendu nahi du artistak, eta horretarako hondoko irudiarena betetzen duen bionboa ekarri du oihalera. Egile honen lanetan sarri ikus daitekeen bionbo horrek emakumearen intimitateari egiten dio erreferentzia, betiere haragizko kontu guztiak bazter uzten dituen emakumeari. Gainera, bionboa estu lotuta dago, jantziko txori brodatuak eta haizemailea bezala, Parisen barrena hedatzen ari zen fenomeno berri batekin, japonismoa deritzonarekin.

Konposizioaren ikuspegitik, gai berari heldu zioten bere garaiko beste artista batzuek, esate baterako Léon Bonnat (1833-1922), Carolus-Duran (1838-1917) eta Alexandre Cabanel (1823-89) artistek baliatu zituzten arau akademikoak aintzat hartu gabe landu zituen Stevensek bere obrak, horregatik da emakumea irudikatzeko modu berri baten sortzailea, eta ikusirik izan zuen arrakasta, sekula ere ez zuen modu hori berrituko. Hala eta guztiz ere, bere garaiko artistek bezala, Stevensek XVII. mendean zehar baliatu zituzten konposizio formulak erabili zituen bere lanetan. Izan ere, Emakumea eta erbi txakurra margolanean agerikoa da Karlos V.a Tizianoren txakurrarekin erretratuak (Pradoko Museo Nazionala, Madril) XVII. mendetik aurrera Europa osoan izan zuen eragina. Korronte horretan ere sartu behar da van Dycken James Stewart Richmond eta Lennoxko dukearen Erretratua (The Metropolitan Museum of Art, New York), Emakumea eta erbi txakurra izenburuko lanean ongi asko antzematen da aipatu lanaren konposizioa. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 30, n° cat. 87. (Con el título Retrato de señora con un lebrel, y atribuido a Alfred Stevens (?))
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 102-103, n° cat. 19.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 102-103, n° cat. 19.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 102-103, n° cat. 1.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 194-196, n° cat. 26.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 205, 226, 248-249, n° cat. 60.
  • Castañer López, Xesqui. Pinturas y pintores flamencos, holandeses y alemanes en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa, 1995. pp. 226-228, n° cat. 84. (Con el título La dama del lebrel)