Emakumeak loreak biltzen - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Emakumeak loreak biltzen

Agrasot, Joaquín

Orihuela, Alacant, 23/12/1836 - Valentzia, 08/01/1919

Olioa mihisean

43 x 82,8 cm

J. Agrasot. (eskuineko beheko angelua)

c. 1895

82/620

Cuadradoren alargun, María de Elorrieta y Mugaburu andrearen legatua, 1936an

Orihuelako margolariaren oihal argitaratu gabea, bere lagunarena bezala, haren omenez antolatutako erakusketetan eta monografietan jaso gabe geratu zirenak, biak ala biak Cuadradoren alargun María de Elorrieta y Mugaburuk dohaintzan emanak, Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuak 1936ko abenduaren 23an egin zuen Batzarrari dagokion Agirietan jasotzen denaren arabera.

Erroman izan eta gero, bertan izan baitzen Alacanteko Probintziako Diputazioak 1863. urteaz geroztik eman zion pentsioari esker, eta 1874. urtean haren lagun min Mariano Fortuny zendu ondoren, Agrasot Alacantera itzuli zen, arin itzuli ere, segur asko emaztea haurdun zuelako; handik gutxira Valentzian jarri zen bizitzen betirako. Erroman izan zenean, erabat murgilduta orduko arte giroan, tamaina txikiko baina teknika zorrotzeko margolanak egin zituen, batik bat taulak landu zituen, erraz saldu baitzitzakeen prezio onean.

Baina ordutik aurrera, gutxi gorabehera 1876. urtetik aurrera, Orihuelako margolaria batez ere Valentziako ohiturak jasotzen zituzten eszenak landuko zituen formatu txikian eta ertainean, erraz saltzen zituen horrelakoak nazioko eta nazioarteko merkatuetan, orduko burgesia gero eta sendoagoak eskatzen zituen. 80. urte amaieratik aurrera eskuarki gisa horretako eszenak landu zituen, asko eta asko enkarguak izango ziren, baina erabaki horretan pisu handia izango zuen Erakusketa nazionaletan jasandako porroten batek.

Margolan honetan, Orihuelako artistak xehetasunetan jartzen duen interes berezia antzeman dezakegu, zehazki arroparen eta eskualdeko jantzia osatzen duten atal koloretsu guztien estudioan jartzen duen interesa. Emakumeen "lanerako" jantzia, gona luzea edo damasko itxurako "guardapeus" delakoa eta amantala, zapiak edo "mocaor" deritzenak, eta osagarriak, esate baterako belarritakoak eta beste apaingarri batzuk, tartean ilea mototsean biltzen duten orratzak edo "pintxoak". Emakumeen eskuetan eta margolanean han eta hemen era orekatuan banaturik, zumezko saski batzuk ikus ditzakegu loreekin, batez ere arrosekin, hori guzti hori xehetasun handiz margoturik. Álcahaliko baroiak berak esaten zuen bezala, "... leporatu dakiokeen gauza bakarra da garrantzi handiegia ematea gauzen xehetasunei bere margolan orotan...". Margolanaren hondoan, ezkerretara, artea dirudien zuhaitz batek, gisa honetako margolanetan ikusi ohi direnen antzekoak oso, hainbat planotan antolatzen du oihala, eta eskuinetara, konposizioa itxirik, alboetako baratzeak mugatzen dituen ohiko horma, oso elementu erabilia margolari honen lanetan.

Segur asko margolan hau prestatzeko zirriborro bat izango den marrazkia aurkitu dugu, baina ez dakigu une honetan non dagoen. Loreen uzta Valentzian du izenburua, 1895eko azaroaren 11ko La Ilustración Artística aldizkarian argitaratu zuten, eta L. Hernández Guardiolak jaso zuen Orihuelako margolariari buruzko ezinbesteko monografia osatzeko; argitalpen hura egin zen urtearen bueltan datatzen du obra hau L. Hernándezek. [Felipe Garín eta Vicente Samper, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 261-263, n° cat. 44.
  • Guillem Medina, Nicolau. Almería : de reino levantino a provincia con entidad regional : indumentaria, costumbres y habla de un pueblo. Almeria, Círculo Rojo, 2017. p. 316, il.
  • Joaquín Agrasot : un pintor internacional [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus, 2021. pp. 40, 45, il. (titulada ”Flores de Valencia”)