Echebarriko paisaia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Echebarriko paisaia

Guiard Larrauri, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Olioa oholean

48,2 x 96 x 31,8 cm

1886

91/487

Jesús Alejandre Guiard jaunaren dohaintza 1991n

Familiaren memoriaren arabera, Parisera iritsi berritan landu zuen pintura berezi hau Guiardek. Memoria horren beraren arabera, Nerbioi ibaiaren tarte bat irudikatzen du Etxebarriko (Bizkaia) udalerrian. Begien bistakoa denez, erabilitako euskarri ezohikoa da lan honetan deigarriena. Objektu txikiak gordetzeko armairu txikia da, apain mahai baten antzekoa, alboetara irekitzen diren ateekin aurreko aldean. Ate horiek barrura eramandako angeluzuzen bana dute, eta horietan landu zuen bere irudia egileak xehetasun handiarekin. Halaz ere, altzariaren aurreko beste atalak ere margotu zituen artistak, hots, ateetako markoak eta oro har armazoia, hori bai itxura arinagoarekin eta sintetizatuagoarekin.

Ateetako bi oholek antzeko gaia irudikatzen dute: ibai bat erriberatik ikusia, ibaiaren ertzean bertan eta ibaiaren urek inguratutako lurrezko uharte txikietan sortzen diren zuhaitz meheak han eta hemen. Altzariaren aurreko aurpegiaren gainerakoan, alboetako muturretan, ateetako gontzen gainean, zuhaitz txiki batzuk adar eta hosto txikiekin, loredun zuhaixkak izan daitezke, eta, erdian, ateak elkartzen diren zerrendan, zuhaitz baten enbor sendo eta bihurgunetsua; enborraren abiapuntua eta zuhaitzaren adaburua iruditik kanpora geratzen dira, adar pare bat baizik ez zaio ikusten. Erdiko enborrak nabarmen zehazten du lehen planoa, eta halako sakontasuna ematen die ibaiko eszenei. Eta halako ausardia eransten dio obrari, ateetako angeluzuzenetara mugatu izan balitz besterik gabe arrunta izango litzatekeelako azken emaitza.

Lan honek asko zor die artistak aurreko urteetan Parisen eta Sena ibaiaren ertzean margotu zituen paisaiei. Erriberak, parkeak, ibaiaren gaineko plataformak, urmaelak eta gisakoak dira Guiardek erabili ohi zituen tematika sailetatik bat osatzen dutenak, beste sailak, aldirietako eraikinak eta kafetegiko eszenak baitira, azken sail horretako margolan bat aztertu dugunean jada azaldu bezala.

Lan honetan, Parisen egin zituen antzeko beste obra batzuetan bezala, Frantziako hiriburuan miretsi zituen artistek eraginda ageri da Guiard, esate baterako, 1860. hamarraldian Sena ibaiaren bokalean pintatzen ari zen eta "Sena zabalduak ostertza leuna ematen die berdetasun boladei" esatera eraman zuen Pissarrok eraginda (izan ere, hori bat dator Guiardek, ostertzari sarrera handiagoa emateko erabili ohi zuen formatu guztiz etzanarekin), edo azken garaiko Corotek eraginda, urte gutxi batzuk lehenago lan egin baitzuen Auvers-sur-Oiseko ibai erriberetan, edo hirurogeita hamarreko urteetan Lena zubi ondoan Sena ibaiaren erribera elurtua margotzen zuen Gauguinek eraginda.

Kolorearen tratamendua ere aurreko urteetan landu zituen okre eta berde marguleranzko joera garbiari jarraiki zaio, Cézannek 1885-1887 urteetan, esate baterako Lallée des marronniers au Jas de Bouffan margolanean aplikatu zuen kromatismotik eta zuhaitzei eman zien tratamendutik oso gertu. Distirarik gabeko koloreak dira, baina ongi uztartzen dira harmonietan eta ukiera askorik gabe. Margolan zuhurra eta mehea da, oihalean baino oholean lantzeko egokia, mehea eta eskasa baita itsasteko materialtasuna; halakoek buruhauste handiak eragiten dizkiete margolan horiek zaharberritzen dituztenei.

Urte batzuk geroago, ordurako beste egoera pertsonal eta artistiko bat bizi baitzuen, etekin handia aterako zien Guiardek zuhaitz enborrei eta adarrei, bai enbor lodi, idor eta zurkarak margotzen zituenean bai loretan zeuden sagarrondo lirain eta gazteak (tradizio handikoak dira halako irudiak Japonian) lantzen zituenean ere; izan ere, harritzeko moduko plastikotasunak lortu zituen oso biziak zirelako lan horiek, abstrakziotik eta lirismotik oso gertu zebiltzalako. Esan gabe doa, Parisko eta Etxebarriko basa erriberek oso ordezko ona topatu zuten Nerbio ibaiaren behe ibilguko erriberetan, ez ordea erribera horietan zuhaitzak hazten ikusteko, baizik eta egoiliar berriei erreparatzeko, mastei, tximiniei eta ontzi handiei alegia. (Javier González de Durana)

Bibliografia hautatuta

  • Anselmo Guinea y Adolfo Guiard [Cat. exp.]. Bilbao, Banco de Bilbao, 1980. p. 50, n° cat. 7.
  • Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1982. p. 189.
  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaina, 1984. pp. 36, 125, 199, n° cat. 55.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 453-455, n° cat. 98.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 84, il.