Bilduma online eta irudien salmenta
Donostia, traineru-estropadak
Arteta, Aurelio
Bilbao, 02/12/1879 - Mexiko DF, 10/11/1940
Koloretako litografia paperean
112,2 x 100 cm
A. Arteta (ezkerreko behe-angelua)
1930
82/1947
1981ean eskuratua
Donostiako Udalak sustatuta, 1879. urtean egin zen Kontxako badian aurreneko estropada txapelketa ofiziala. Ordutik aurrera, uda amaierako ikuskizun garrantzitsuenetako bat bihurtu zen Donostian eskifaien arteko lehia. Baina lehia horiek kostaldeko herri batzuetako betiko arrantza jardueran dute jatorria; izan ere, iraganean arrantzale askoren beharra izan zena kirol bihurtutako antzezpen antzekotzat har daitezke gisa honetako lehiak.
Jatorrian antxoa eta sardina bezalako espezie txikiak harrapatzeko (hondoratzen zen sarea erabiltzen zuten horretarakoa) diseinatu zituzten ontziak dira traineruak. Behin sarea bota eta gero, traineruak hura inguratu behar zuen poltsa handi bat sortzeko, eta edukia ahalik eta lasterren eraman behar zen portura arrainaren kalitateari eusteko eta enkantean ahalik eta preziorik onena lortzeko. Izan ere, XIX. mendearen azken laurdenean estropada txapelketa ofizialak sortu zirenean, kirol esparrura ekarri zituzten mekanizazio prozesu baten ondorioz (arraunlariaren indarraren ordez trakzio mekanikoa nagusituko baitzen) pixkana-pixkana ahuldu egin zen lanari atxikiriko ezaugarriak.
XX. mendeko lehen hamarraldietako euskal margolari batzuen obretan arraunlariak ikus ditzakegu, besteak beste Ignacio Ugarte (1858-1914), Ramón de Zubiaurre (1882-1969), Manuel Losada (1865-1949) eta Aurelio Arteta (1879-1940) bezalako artisten margolanetan. Hala eta guztiz ere, afixaren izaera iragankorra baita, gutxi dira hamarraldi haietan sortu eta gure artera iritsi direnak. Afixa interesgarrienetakoen artean daude Eduardo Lagardek 1929ko estropadak iragartzeko landu zuena, Enrique Ortiz de Urbinak 1932an egindakoa eta Aurelio Artetak hogeigarren urteetako Donostiako estropadak iragartzeko apailatu zuena.
Artetak 1924ko edizioko estropadak iragartzeko landu zuen jatorrizko gouachearen irudian oinarritzen da 1930. urteko estropadak iragartzeko afixa. Beraz, lehenagoko afixa bati begira landutako motiboa errepikatzen da honetan, arraunlari handi honen irudiak jaso zituen kritika onak agerian utzirik. Izan ere, estropaden hainbat ediziotako afixetan erabiltzeaz gain, Ciaboga aldizkari espezializatuaren 1930. urteko azalean argitaratu zuten. Antzeko zerbait gertatu zen Maitena euskal pastoral lirikoa (1909) iragartzen zuen afixaren marrazkiarekin, Artetarena era beran, Bilboko Abesbatza Elkarteak XX. mendeko lehen hamarraldietan sustatuko zituen euskal giroko ikuskizun liriko asko eta asko iragartzeko afixak lantzeko erreferentzia bihurtu baitzen.
Eduardo Lagarderen eta Enrique Ortiz de Urbinaren proposamenetan ez bezala, artista horiek gisa honetako lehiaketek berezko duten talde lana azpimarratu baitzuten, Artetak erabat nabarmentzen du arraunlaria, ia oharkabean igarotzen dira konposizioa osatzen duten beste pertsonaiak. Artistak afixa honetan kirolariari ematen dion protagonismoa ez da bere horretan berrikuntzatzat hartu behar, ezaugarri hori antzematen baita lehendik landutako irudi batzuetan, esate baterako, Ramón Rigol Fontek (1891-1976) 1917ko Kataluniako Arraunketa Txapelketa iragartzeko landu zuen afixan. Baina bi margolanek elementu komunak dauzkaten arren, esate baterako, arraunlaria arraunari helduta, ura eta hondoko arraunontzia, guztiz bestelakoak dira emaitzak.
Indarra eta kontzentrazioa dira afixa honetako pertsonaiari darizkion oinarrizko nolakotasunetatik bi. Hori lortzeko, idealizazioaren eta modernotasunaren arteko oreka egokia lortzeko asmoa duen mintzaira erabili zuen Artetak. Izan ere, a priori klasiko hutsak diruditen ezaugarri batzuk -gorputzaren goraipamena, arraunlariaren tentsioa- kutsu kubista argiko sintaxiak ezkutaturik geratzen dira, egile honen obra askotan bezalaxe. Horrenbestez, gorputzari emandako tratamendu idealizatua (gihartsua, bizkar zabala, lepauztai nabarmenak...) nahasi egiten du formak sinplifikatzeko joera agerikoarekin. Hori guzti hori oso ingurune argian baina sorta kromatiko aski txikiarekin.
Afixa egile gisa egin zuen lanaren lagin interesgarriak utzi zituen Aurelio Artetak, horien artean lehen aipatutako Maitena iragartzekoa, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Liburutegikoa (1910) eta Euzkadi egunkariarentzat egin zuen publizitate afixa. Hala eta guztiz ere, handia izan zen afixa horrek utzi zuen arrastoa, sortu eta hamar urte geroago Ciaboga aldizkariak afixa goraipatzen zuen artikulu bat eskaini baitzion. Beraz, ez da harritzekoa haren arrastoa antzematea antzeko gaia iragartzen duten beste afixetan, esate baterako, Luis Lasheras Madinabeitiak (1896-1948) Bilboko 1935eko estropadak iragartzeko landu zuen afixan. (Mikel Bilbao)
Bibliografia hautatuta
- "Carteles en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Guía de Exposiciones, n° 86. 1987. n° cat. 16.
- Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 386-387, n° cat. 140.
- Bilbao Salsidua, Mikel. La colección de carteles del Museo de Bellas Artes de Bilbao : estudio y documentación de un fondo heterogéneo, 1900-1975 [Inédita]. [Beca Museo de Bellas Arte de Bilbao-BBK], 2011. pp. 257-260, il.
- Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 22.
- Álvarez Arregui, Federico ... [et al.]. Pinceladas : dos raíces, dos tierras, dos esperanzas. Ciudad de México, Sotomayor y Horz, 2014. pp. 24-225.
- Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. p. 220, n° cat. 104.
- Bilbao Salsidua, Mikel. "El cartel en el País Vasco en los años veinte y treinta, un acercamiento a través de los carteles impresos en Gráficas Laborde y Labayen de Tolosa", Modernos a pesar de todo. I simposio de historia del diseño. 2016. pp. 8-9, il..
- Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 72, 73, n° cat. 36.