Dobuten no yoru no ame (Canaletas establezimenduko gaueko euria) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Dobuten no yoru no ame (Canaletas establezimenduko gaueko euria)

Shigemasa, Kitao

Japonia, 1739 - Japonia, 1820

Inprimatze xilografikoa koloretan

24,8 x 18,4 cm

c. 1770-1800

82/766

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Edoko (Tokio) Suharaya Mohei izeneko argitaldari garrantzitsuaren semea izan zen Kitao Shigemasa. Familiaren etxean jaso zituen lehen arte eskolak, Palacio Bilduman irudikatuta dagoen Nishimura Shigenaga maisuaren ikasle bihurtu baino lehen. Bere ibilbidean nijin-ga edo emakume ederren generoan eta liburuetarako ilustrazioetan espezializatu zen, bere garaiko argitaletxe garrantzitsuenentzat lan egin zuen eta eragin handia izan zuen ukiyo-e arteari emandako hurrengo belaunaldian. Ukiyo-e artea lantzen zuten artisten artean eguneroko pasarteak irudikatzeko joeraren erakusgarria da hemen aurkeztutako eszena, artista horiek beti nahasten baitute klasikoa egunerokoarekin. Zortzi leku ospetsuren beste horrenbeste ikuspegi biltzen dituen seriea osatzen du eszena honek. Hakkei deritzo zortzi paisaia hautatzeko arteari, oso zabalkunde handia izan zuen Japonian Erdi Aroko txinatar poesiaren eraginaren ondorioz, izan ere, Konoe Naomichik nazioko zortzi paisaia aukeratu baitzituen 1500. urte aldera Omi probintzian. Gaiak eta gai horren aldaerek zabalkunde handia izan zuten arte eta literatura nipondarrean.

Kasu honetan, konparazio bat planteatzen du Shigemasak parodia eginez; ilunabarreko euriak ustekabean harrapatu ditu Canaletas (Dobuten) deritzon establezimenduaren aurrean dabiltzan oinezko batzuk. Ikuspegi honek Karasakiko gaueko euriari (Karasaki no yau) egiten dio erreferentzia jasoa. Bertan euri asko egiten duelako da ospetsua Karasaki, artista askok betikotu dute bertako euria. Argazki baten bizitasuna du eszena honek; goiko aldean, soilik txinatar karaktereez idatziriko kyoshi poema komikoa irakur daiteke. Bi emakume ederren begiradaren aurrean ustekabean harrapatu ditu euriak bi gizon kalez kaleko postu batean gelditu direnean soba tallerino bete goporra afaltzeko asmoz. Euritakoa edo kasa hautsita, zapi batez estali dute burua jateko beroari muzin egin gabe. Euri erasoaren aurrean hobe prestatuta doan beste gizon bat ari da ondotik igarotzen. Ilunabarreko eszena dela adierazten digu paperezko argiak. Diagonalean marraztutako marra batzuen bidez dago irudikatuta euria. Bestalde, uhin formako marra batzuen bidez irudikatu du Shigemasak kalez kaleko sukaldeari darion lurruna. Sukalde horretatik zintzilikatutako beste argi batean zortzi zenbakia (hachi) ageri da zirkulu batez inguraturik, seriearen izenburuko zortzi ikuspegiei egiten die erreferentzia; baina izan liteke baita argitaldariaren marka ere. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 258-259, n° cat. 66.