Diadema laua duen eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Diadema laua duen eskaintzailea

Anonimoa, II. mendea, K.a.

Brontzea

7,33 x 2,32 x 1,90 cm

82/913

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Tunika batez dago jantzita, beheko aldetik eskuinetarantz biratuta duen eskuineko oina ikusten zaio, eta ezkerreko zangoa aurrerantz eramana du. Tunikaren gainean mantua du, aurretik ezkerreko sorbaldan behera erortzen zaiola, besoa agerian utzirik, eta atzeko aldetik diagonalean antolatutako bi toles sorten bidez irudikatuta duela. Gibelaldetik nabarmen lautua eta forma ahurrean kurbatua du gorputza. Eskuineko besoa erabat du galduta, eta ezkerrekoa aurrerantz tolestuta du eskuko goporra betetzen ez duen objektu txiki bati heltzeko. Garaia eta lodia du lepoa, burua esfera formakoa, kopetan diadema lisoa, eta ile kizkur sorta harro batzuk irteten dira diadematik. Aurpegian, aho txikia, sudur motza eta lodia eta begi handiak eta obalak. Gorputzari legokiokeena baino handixeagoa du burua.

Gure bildumako beste eskaintzaileekin partekatzen dituen antzekotasunen barruan, ale honek zehatzago eta handiago ditu irudikatuta tunikaren eta mantuaren tolesak, eta gainera zangoen jarrera ikusten uzten dute, eskuinekoa zuzen eta bertikalean gorputzaren pisuari eusteko eta ezkerrekoak belauna apur bat tolestuta duela, tunikaren azpitik hauteman daitekeen bezala.

Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean bada oso jantzi eta jarrera bertsuak dituen ale bat, Venusen iruditzat hartua da, ezkerreko eskuarekin heltzen duen objektua sagarra delakoan. Ale horri eskuineko eskua falta zaio, eta beraz nekez aurreratu dezakegu zer objekturi edo eskaintza motari helduko zion. Hala eta guztiz ere, gure alearen forma trauskilagoek eta goporrak daramatzaten italiar estilo garbiko beste eskaintzaileekin duen antzekotasun estilistikoak eramaten gaituzte gurea ere giza jainkozale baten irudia dela esatera, jainkosaren ikonografiari berezkoak zaizkion antzeko ezaugarriak bereganatu dituen giza jainkozale baten irudia.

Veronako Arkeologia Museoko ale bat (A4, 382. Inb. zk.) guztiz bat dator gurearekin jantziei dagokienez, diadema motari dagokionez eta buruaren tamainari dagokionez. Era berean eskuineko besoa falta zaio, eta lore bati heltzen dio ezkerreko eskuarekin, eta beraz, elementu hori eramaten duten jainkosekin lotzen da, Junorekin eta Venusekin. Horrek guzti horrek eta aurreko piezarekiko hurbiltasun estilistikoak eramaten gaituzte gure irudi hau helenismotik eratorritako artearen une aurreratu batean kokatzera. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 370-372, n° 70.