Bilduma online eta irudien salmenta
Desfilea, atzean San Nikolas dagoela
Losada y Pérez de Nenín, Manuel
Bilbao, 16/10/1865 - Bilbao, 09/10/1949
Pastela paperean
69,5 x 98,6 cm
Manuel Losada (eskuineko beheko angelua)
c. 1924
82/2524
1979ko usukapioa
1874ko maiatzaren 2an amaitu zen Bilboko hiriak gudaroste karlistaren eskutik jasan zuen hilabeteetako setioa. Egun horretan bertan desfilea egin zuten Hareatzan barrena Concha Jenerala buru zuten gudaroste liberalek, eta garaiko kroniken arabera, garaile iritsi ziren San Anton zubian barrena, eta Erriberako kaleetan barrena ibili ziren Hiriko biztanleen txalo eta bozkariozko oihuen artean. Adinagatik gertatutakoaren lekuko izan zitekeen arren, Losadaren familia Santanderren bizi izan zen 1874 eta 1876 bitartean, eta beraz, honakoa bezalako obra baten inspirazio iturri izan zitekeen jazoeratik urrutira egongo zen artista. Egia esan, bere pastel lanetan oso gutxitan irudikatu zuen Bilbo setiatuta, eta gai horri heldu zion gutxietan, eszena lasaiagoak eta atseginagoak irudikatu zituen, sekula ere ez zuen gerrari datxekion izugarrikeria modu erreal batean irudikatzeko saiorik egin.
Bilboko Bulebarraren (egungo Hareatza kalea) ikuspegi hau Erriberako kaletik begiratua da, Bilboko hiriaren askapen egunaren harira egindako desfile bat irudikatzen du. Margolan hau konposatzeko, Luis Torcida ("Lux") bilbotar argazkilariaren agiritegiko argazki bat erabili zuen Losadak iturri ikonografiko gisa. Errealitatea lan koloretsu honetan irudikatutakoa bezain atsegina ez bazen ere, nola formatua hala laukiratzea ia berdin berdinak dira argazkian eta pastel lanean. Losadak argazkiak eskainitako ñabardura asko eta asko errespetatu zituen beren horretan, esate baterako, ilaran dauden soldaduak, antzokiaren alboko hormaren zati bat bere kale-argiarekin eta Antonia Hotel zaharreko sotoak eta balkoietako ateak babesten dituzten zakuak bete lur; garaiko kroniken arabera, bonbek oso kalte larriak eragin zituzten Antonia Hotelean eta antzokian.
Ñabardura horiei eta beste ñabardura batzuei dagokienez, harritzeko modukoa da egilearen pastel lanen eta garaiko argazki batzuen artean dauden bat etortzeak, agerian geratzen da argazkiak baliatu zituela gertaeren egiazko irudia eskaintzeko. Hala eta guztiz ere, kopia hutsak egitetik urrun, artistak bere eskuko xehetasun ugari gehitu zizkion margolanari, desfile koloretsu eta bizi bihurtu zuen irudia. Horretarako apaindu egin zituen balkoiak, berdetu zituen Hareatzako zuhaitzak, kolore kontraste handia sortu zuen arkitekturen eta zeruaren artean, eta ekitaldira bilduko zen jende andana urduria gehitu zuen. (Mikel Bilbao)
Bibliografia hautatuta
- Llano Gorostiza, Manuel. Losada. Bilbao, Espasa - Calpe, 1975.
- Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 80. (con el título Desfile con San Nicolás al fondo).
- Larrinaga Bernández, José Antonio. Manuel Losada, 1865-1949 : catálogo razonado : óleos, pasteles, dibujos. Bilbao, Asociación para el Estudio y Catalogación de los Artistas Vascos ; Galería Mun, 2004. pp. 20, 192, il. (Títulado Entrada de Alfonso XII en Bilbao)
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 110-111, n° cat. 42.
- Barañano, Kosme de ; Espel, Miguel. Manuel Losada : catálogo razonado. Madrid, El Lotófago, 2021. p. 180, il. (titulada ”Entrada de Alfonso XII en Bilbao”)