Bilduma online eta irudien salmenta
Dantza espainiarra
Canals, Ricard
Bartzelona, 11/12/1876 - Bartzelona, 07/01/1931
Akuafortea eta urtinta paperean
36,7 x 28,1 cm (papera) 25,3 x 32,5 cm (orbana)
Canals (ezkerreko behe-angeluan)
1903
89/27
1989an eskuratua
Canalsek akuafortearen teknika gaztetandik ikasi bazuen ere, 1899. urtean Picassori lagundu baitzion bere aurreneko plantxa -Ezkerra- zabaldu zuenean, ia ez da grabatzaile gisa egindako alerik kontserbatzen. Ildo horretatik, akuaforte batzuk eta urtinta batzuk ezagutzen zaizkio, esate baterako Kaleko eszena (c. 1901) eta Zezenketa izenburukoak, baita koloretan landutako beste lan batzuk ere, esate baterako, Paseoa zezenketaren ostean. Era berean, egile horrena da 1917 urte inguruan landutako akuaforte bat, Lehen Mundu Gerran aliatuen alde egiteko xedean antolatutako Kataluniako batzordearekin zerikusia duena. Burura eramandako lan grafiko urriaren baitan Canalsek halako interesa agertu zuen dantzarekin lotutako eszenen aurrean, horren erakusgarri dira Espainiar dantza izenburuko margolan honetaz gain, Andaluziar dantzaren eszena zinkografia eta Emakumea dantzan punta lehorra.
Dantza pasarteak irudikatzen zituzten obren aurreko egile honen interesari dagokionez, gai hori hasiera-hasieratik landu zuela esan behar dugu. Horrenbestez, 1898an, La Plume aldizkariak Parisko Galerie de Barc de Boutteville galerian egin zen "Exposition d'oeuvres de MM. Ricardo Canals et Nonell-Monturiol" erakusketa hizpide hartuta, "Parisko inguruetan dabiltzanen, atso kuxkuxeroen eta Nonellen Kataluniako mendialdean zirriborratutako ergel mota bitxien krokisa" nabarmentzeaz gain, honako hau azaldu zuen Ricard Canalsen lanei erreparatu eta gero: "bere herrialdeko bazter zuloek liluratuta dago egilea, eta ijitoak, arrotzak, zitalak eta basatiak aurkezten ditu dantzan".
Hala eta guztiz ere, Espainiar dantza izenburuko obra honetan Espainiako herri bateko plazan gertatzen den dantza bat irudikatzen den arren, giro atsegina dario eszenari, protagonistak herritarrak dira, ez dute zerikusirik Boík Nonellekin batean eta 1896. urtean margotu zituen "ergelekin". Bestalde, frantsesek Espainiako munduaren aurrean agertzen zuten interesak -Bigarren Inperioaren garaian iritsiko zuen goren unea- ez zuen etenik izan garai honetan, batik bat inpresionisten gustukoak zirelako halakoak. Hain zuzen ere Parisen egin zuen egonaldian zehar geratu zen agerian Canalsen obretan zer eragin handia izan zuten Degas, Renoir eta Toulouse-Lautrec bezalako maisu handien lanek.
Denise Bonnaffouxek Images d'Espagne en France au détour d'un siècle obran adierazten duen bezala, funtsean askatasunaren irudikapen ezin hobea zelako agertzen zuen mundu frantsesak halako interesa espainiar dantzaren aurrean XX. mende hasierako urteetan zehar. Adibide bat ematearren, Courrier français kazetak 1903ko apiriletik aurrera dantza flamenkoarekin lotutako irudi sorta bat argitaratu zuen orrialde betean, eta Allan Osterlinden akuaforte ugari argitaratu zituen kolore betean. Kazeta horrek tarteka hainbat artistak landutako grabatuak ekarri zituen bere orrietara, horien artean Ricard Canalsen Dantza flamenkoa izenburuko akuafortea, 1904ko otsailaren 7ko zenbakian.
Bestalde, Dictionnaire de l'Estampe en France (1830-1950) hiztegian jasota dagoen bezala, Espainiar dantza izenburuko lana estu lotuta dago 1897ko urritik 1908ko ekainera arte argitaratuko zen L'Estampe Nouvelle (elkarte bihurtuko zen) hiruhilekoarekin. Ildo horretatik, argitara eman baino lehen, obraren gutxieneko argitaraldia estanpatzen zuten; ale bana kide bakoitzarentzat -bere garaian berrogeita hamar bazkide ziren-, bi ale artistarentzat, hiru lege gordailuarentzat, bat Elkartearen agiritegirako eta beste hamar ale saltzeko.
Elkartearen Urtekarian (1897-1908) plantxa nagusien berri ematen zen, horien artean zeuden Mary Cassatt, Theophile Alexandre Steinlen, Jacques Villon eta Joaquim Sunyer artisten obrak eta Ricard Canalesen honako hau. Zehazki 1903ko otsailean azaldu zen lan hau Danse espagnole izenburuarekin -ale honen ifrentzuan Bal populaire (Herri dantza) irakur daitekeen arren-, eta berrogeita sei probatako gehi beste hiru saiotako argitaraldia izan zuen. Museoko obra hogeigarren zenbakiko probari dagokio, sepia kolorean dago inprimatuta. Aldi berean, obraren ifrentzuko inskripziotik ondorioztatzen denez, baliteke bederatziehun aleak lagundu izana argitalpen horri. (Javier Novo)
Bibliografia hautatuta
- Bailly-Herzberg, Janine. Dictionnaire de l'estampe en France 183-1950. Paris, Arts et Métiers Graphiques, 1985. p. 355.
- Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 150-153, n° cat. 59.
- Pinturas traducidas : el grabado de reproducción en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 38, 67, 98, n° cat. 17.