Bilduma online eta irudien salmenta

Dama gaztea lorategi batean
Madrazo, Raimundo de
Erroma, 1841/07/24-Versailles (Frantzia), 1920/09/15
Olioa mihisean
98,5 x 73,5 cm
R. Madrazo (ezkerreko behe-angelu)
1900. urtearen ondoren
69/166
Isidoro Delclaux Aróstegui jaunaren dohaintza 1941ean
Raimundo de Madrazok behin baino gehiagotan erabili zuen banku batean eseria dagoen neska gaztearen irudia, oinetan loreak eta hondoan lorategia dituela. Hainbat aldaerarekin, 1870. hamarkadaz geroztik margotu zituen horrelakoak, Parisko goi gizarteko giroetan ospe handia eman zion pintura galai horretan espezializatzen hasi baitzen urte haietan. Kasu guztietan diagonal samarra da bankuaren egokiera, eta horri esker, ikuslearen aurrean naturaltasun handiz aurkezten da neska gaztearen irudia.
Jantzien kolore argiei erreparatzen badiegu eta bere lehenagoko garaietan baino distira txikiagoko argiak erabili dituela aintzat hartzen badugu, XX. mendearen lehen urteetatik aurrera datatuko genuke obra hau. Garai hartan, XVIII. mendeko pintura frantsesaren oihartzuna nabarmenagoa zen bere lanetan, emakumezko motiboen interpretazioari dagokionean bereziki, generokoak nahiz, kasu honetan bezala, erretratuak izan. Nolanahi ere, Madrazoren jantzi espainiarrekiko gustua ekartzen digu gogora parpailazko mantelinak, neska gaztearen jarreraren sentsualitatearekin loturik, margolariarengan ohikoa dena eta behin baino gehiagotan errepikatu zuena. Aurpegia ere oso sentsuala da, batik bat ezpainak, oso ondo nabarmenduak.
Irudiaren kolore argiak ongi nabarmentzen dira lorategiko hondo ilunean. Oso lorategi trinkoa da, eta bertan, gaztaina koloreak gailentzen dira, artistak oso gustuko baititu grisekin eta urdinxkekin batera, Madrazok oso ongi ezagutzen zuen pintura ingelesean hain ohikoak ziren lorategiak eta basoak gogora ekarriz. Neska gaztearen bakardadeak eta bankuaren oinetan eroriak ageri diren arrosek, hostobagetuak eta zimelduak, itxarotearen desilusioa erakutsi nahi digute. Duen jantzia ikusita, soineko arrosa zabala darama, papar handikoa eta parpailaz apaindua, ilean begizta gorri handi bat mantelinaren azpian eta satin loreduneko txapinak, hitzordu galaia dela pentsa genezake, Parisko goi gizarteak, eta baita iparramerikarrak ere, eskatzen zuen generoa, artistak sarritan erabili zuena. [Javier Barón, 2008]
Bibliografia hautatuta
- Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 75, n° cat. 166. (Con el título Joven dama en el jardín, y atribuido a MADRAZO GARRETA, Raimundo).
- Los Madrazo : una familia de artistas [Cat. exp.]. Madrid, Concejalía de Cultura, 1985. p. 186. N° cat. 99
- Tesoros del Museo de Bellas Artes de Bilbao : pintura, 1400-1939 [Cat. exp.]. Madrid, El Viso, 1989. pp. 104-105, n° cat. 37.
- Arnáiz, José Manuel [dir.]. Cien años de pintura en España y Portugal, 1830-1930. Madrid, Antiqvaria, 1991. p. 93.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 292-293, n° cat. 53
- El espíritu de una época : Boldini y la pintura española a finales del siglo XIX [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 2019. pp. 228-229, n° cat. 48.