Bilduma online eta irudien salmenta
Dama baten erretratua arrosa eta zurian
Cortellini, Ángel María
Sanlucar de Barrameda (Cádiz), 1819/09/27-Madril, 1887. urtearen ondoren
Olioa mihisean
226,5 x 141,5 cm
Angel M.ª Cortellini - lo pinto (eskuineko beheko angelua)
1855
69/67
Florencio Milicua jaunaren dohaintza 1963an
Zutik eta gorputz osokoa da erretratua, egongela aberats baten barruan, bere eskuinaldera hiru laurden biratua ageri da emakumea, begitarte dotore eta begirada hotzarekin, zuzenean ikusleari begira. Federico de Madrazok (1815-1894) Madrilgo ibilbidea hasi zuenetik hoberen gauzatutako erretratu eredua erakusten digu margolan honek. Mimesi formalaren jarrera horrek baldintzatu zuen Cortelliniren ekoizpena Gortean erretratugile gisa eman zituen urteetan zehar. Lehenbizi, Vicente López (1772-1850) valentziarraren oinarri formalak egin zituen bere, eta geroago, bere arrakasta ondo asko lortua zegoenean, Madrazorenak erabili zituen.
Hala bada, naturaltasunez eta trebeziaz egokitua dago irudia espazioan, inguruan duen hondo apainduegian arinki nabarmendua argi leun baten bidez, eta horrek areagotu egiten du erretratatutakoaren giza azalaren kolorearen moldatze lan leuna. Teknika marraztu eta zehatzarekin, damaren soineko arrosa eta zuri garestia azaltzen du margolariak, pintzelkada zabalagoak erabiliz, parpailetan zehar jarritako zeta zuriko xingolen gainean argiaren efektua hautemateko, baina haien egitea bereziki landuz bigarren mailako apaingarri batzuk ere azaltzeko, bainikak eta gipurrezko muturrak, esate baterako. Hori dela-eta, obra honetan protagonismo handieneko elementu bilakatzen da soinekoa, modeloaren aurpegi espresiogabearen gainetik ere, Cortellinik leialtasun errealista harrigarriarekin antzematen duena.
Erretratuko damak daramana bezalako emakumezkoen soineko deigarriak, garai hartan toilette dotore gisa ezagutzen zirenak, etiketa handienekotzat hartuak ziren Isabel II.aren erreinaldiko gorteko protokoloan. Papar handiko soinekoa da, gona harroa eta parpailez apaindua. Une bakoitzeko modaren eta modeloaren nahien araberakoa izaten zen parpaila kopurua. Dindirria eta gainjantzia, berriz, gala handietarako erabiltzen ziren. Kasu honetan, margolana egin zen garaiko gustuetara egokitu zen erretratatua; garai hartan hiru parpaila eramaten ziren gonan, handik gutxira halakoak erabiltzeari utzi bazitzaion ere. Kronologia zehatz horretako ezaugarriak dira halaber, apaingarri gisa daramatzan bitxiak, eskumuturretan daramatzan eskumuturrekoa eta gustu orientalistako besokoa aipagarrienak, garai hartan modernitate handikotzat hartzen zirenak Europako hiriburu guztietan. XIX. mendeko berrogeita hamargarren hamarkadaren erdialdean ohikoa zen antzeko jantziak zeramatzaten emakume erretratatuak aurkitzea, une hartan oso modan baitzegoen kolore zuria eta arrosa konbinatzea, arinkeriaz ostadar deitua, Maria del Pilar Osorio, Fernán Núñezen dukesaren erretratu bikainak erakusten duen bezala (Bilduma partikularra, Madril), Federico de Madrazok egina eta 1854. urtean hain zuzen ere. Gainera, harekin nolabaiteko antza badu Cortelliniren margolan honek.
Konposizioaren hondoan trebetasunez azaltzen dira marmolaren islak lurrean, baina hondo hori arindu egiten du aldameneko gelan, eskuinaldean, paisaia batera irekitzen den ihes marrak. Era berean, paisajista gisa dituen gaitasun hoberenak erakusteko parada ematen dio margolariari, Manuel Barron margolari sevillarraren ondoan ikasi zituenak, hain zuzen ere. Federico de Madrazoren erretratu eskemen mendekotasun hori izan arren, orain dela gutxi arte argitaratu gabe zegoen obra hau erretratu hoberenetakotzat eta margolan garrantzitsuenekotzat hartua da Cortelliniren ekoizpenean, orain arte ezagutzen diren margolari honen obra gehienen gainetik.
[Carlos G. Navarro, 2008]
Bibliografia hautatuta
- Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 30, n° cat. 67. (Con el título Retrato de dama, y atribuido a Ángel María Cortellini)
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 82-83, n° cat. 13.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 82-83, n° cat. 13.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 82-83, n° cat. 13.
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 174-176, n° cat. 22.