Daiko Rokusaburô (Rokusaburô arotza) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Daiko Rokusaburô (Rokusaburô arotza)

Kunisada, Utagawa

Japonia, 17/06/1786 - 18/04/1864

Inprimatze xilografikoa koloretan

37,6 x 25,3 cm

Gototei Kunisada ga

1814

82/773

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Utagawa Kunisada XIX. mendeko ukiyo-e arte generoaren grabatzaile artista handiena izan zen, oso artista oparoa izan baitzen; lan gehienak Toyokuni izenaz sinatzen zituen bere maisuaren omenez. Horregatik hain zuzen ere, Kunisada izenarekin ez baizik eta Toyokuni III.a izenarekin da ezagunagoa. Artista honen produkzio handiak, zenbaitetan irregularrak eta errepikatuak, ez zuen arrakastarik izan garaiko bildumagileen artean, nahiz eta bere garaian japoniarrek generoko artista handienekotzat zuten. Bildumagileen balorazio bidegabe hartatik salbuespen dira, inolako zalantzarik gabe, antzerkietarako landu zituen aurreneko eszenak, zehazki, Oatari kyogen no uchi izenburuko serie hau, kalitatearen ikuspegitik Utamaro eta Sharaku bezalako artista handien estanpen parekoak baitira serieko eszenak. Luxuzko argitaraldia da, mika hautsezko geruza batez estalita du hondoa, eta aurreko aldean ageri dira antzezlariak marrazturik, ez gorputz osoz, ohi zenez, baizik eta lehen planoan. Laukiratze horrek aukera ematen zion artistari antzezlariaren interpretatzeko nortasuna xehetasun osoz transmititzeko. Aurpegiaren estanpazioaren gune zuriak (shibori kanoko) efektu handia eragiten du ikuslearen begietara, antzezlariaren espresioan kontzentratzera eramaten baikaitu.

Estanpa honetan Onoe Matsusuke II.a aktorea (1784-1849) irudikatzen da Rokusaburo arotzaren rola jokatzen, Rokusaburo baita Mijikayo ukina no chirashigaki izenburuko kabuki antzezlanean protagonista; antzezlari horrek berak interpretatu zuen Edon, Nakamura-za antzokian, 1813ko udan. Soilik 1809tik 1813. urtera arte erabili zuen Onoe Matsusuke II.ak izen hori, Onoe Eizaburo I.a, Onoe Baiko III.a, Onoe Kikugoro III.a eta Okawa Hashizo I.a izenez ere zen ezaguna. Oso antzezlari moldakorra izan zen, era guztietako rolak jokatzen arrakasta handia izan zuen bere ibilbidean, eta garaiko izar handien parean (tartean zegoen Ichikawa Danjuro) ibili zen. Serie honetako estanpa ezagunenak, ukiyo-e arte generoaren araberako maisulanen bilduma gehienetan jasota baitago, Ichikawa Danjuro VII.a antzezlari ezaguna aurkezten du Kan Shojoren rola eginez. Gainerakoetan ikus ditzakegu Bando Mitsugoro III.a Kajiwara Gentarena eginez, Iwai Hanshiro V.a Yaoya Oshichirena, Matsumoto Koshiro V.a Banzuin Chobeirena, Nakamura Matsue III.a Akoyarena eta Nakamura Utaemon III.a Yojiroren rola eginez. Garaiko kabuki antzerkiko izarren bilduma bat da, beren rol ospetsuenak ari dira jokatzen. Estanpa garrantzitsu honen kopiak (kimonoaren tonalitateetan aldaketa batzuk antzematen diren arren) badaude beste museo batzuetan, esate baterako Bostongoan (Museum of Fine Arts) eta Genovakoan (Museo d'Arte Orientale Edoardo Chiosso). (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 35. N° cat. 14
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Museo de Bellas Artes de Bilbao : maestros antiguos y modernos. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1999. p. 161.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 89.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 217, 290-291, n° cat. 82.