Cornelis Claesz Ansloren erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Cornelis Claesz Ansloren erretratua

Rembrandt, Harmenszoon van Rijn

Leiden (Herbehereak), 1606/07/15 - Amsterdam, 1669/10/04

Akuafortea eta punta lehorra

20,3 x 16 cm (papera) 18,7 x 15,8 cm (orbana)

Rembrandt (besaulkiaren bizkarraldean, eskuineko alboan)

1641

82/824

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Cornelis Claesz Anslo (1592-1646) ehun merkatari ospetsua zen eta, zuen fede handiagatik eta mintzalari gisa zituen dohainengatik, gida izpiritual eta predikadore izendatu zuten Amsterdamgo mennonita Waterlandse Gemeende kongregazio protestanteko kideen artean. Haiek uste zuten, fedea zabaltzeko, hitza hobe zela irudia baino, eta horrek pentsarazten digu, hondoan eskuinaldean dagoen estanpan (Rembrandtek bere sinadura jarri zuen hartan) ageri den objektua, hormatik kendu eta paretaren kontra jarritako koadro bat izan litekeela. Beste teoria bat da (Royalton-Kishek jasoa, 2000- 01, 196. or.) idazteko oholtxo bat izan zitekeela objektu hori, bertan izenen zerrenda bat idazteko, eta horman ageri den iltzea, berriz, kongregazioa biltzen zen elizaren izenari, Grote Spijker, egindako aipua, nederlanderatik "biltegi handi" edo "iltze handi" gisa itzul baitaiteke.

Anslok ezkerreko eskuarekin Eskritura Santuak erakusten dizkio ikusleari, eta eskuinekoa beste liburu baten gainean jarria du, segur aski berak idatzia, hatzen artean duen lumak adierazten duen bezala. Royalton-Kishen arabera (1992, 91. or., 5. oharra) konposizio honek lotura izan dezake Cesare Riparen enblemarekin; hark emakumezko irudi gisa agertzen du Adierazgarritasuna, eskuineko eskuan liburu batekin, ezkerrekoa altxatzen duen bitartean, hatz erakuslea zuzen duela.

Rembrandtek grabaturiko predikatzaileen erretratuetan dramatismo txikiena duena da hau. Hondoaren soiltasunak, pobrezia ia (aurreko erabilera guztiz ez ezabatu izanagatik agian, xaflak dituen akatsez baliatu da) pertsonaiaren ideologia islatzen du, bakuntasuna predikatzen baitzuen ohituretan, daraman jantziak egoera ekonomiko sendoa zuela erakusten badu ere. Era berean, oso soila, baina eraginkorra da Rembrandtek planteatu duen argien eta itzalen jokoa. Konposizioa bi erditan banatu du lerro zeihar baten bidez; beheko aldean, ilunagoa hura, teologoaren eskua eta idatzi duen liburua nabarmentzen dira, eta goiko aldean, berriz, burua, hark arreta erakartzen baitu hormaren hondo argian. Erretratuaren beheko aldeko sendotasuna hautsi egiten du kapelaren hegalaren ondulazio dotoreak. Lan honetan erabili duen objektuak eta jantzia moldatzeko modu ordenatu eta monotono samarra, oso trazu fin paraleloekin eta erregularki gurutzatuak, oso bestelakoa da, esate baterako, 1639ko autorretratuan erabili zuenarekiko. Horrek pentsarazi zuen agian bere ikasleetakoren batek, Ferdinand Bol-ek, esate baterako, esku hartu izango zuela, baina teoria hori baztertu egin da.

Bada prestatze marrazki bat, oso bukatua bezeroari erakusteko moduan eta grabatura pasa zelako trazuekin, Londresko British Museum museoak kontserbatu duena (Benesch 758), eta beste bat Parisko Louvre museoko Rothschild bilduman, Rembrandtek margotu zuen koadro handi batekin (Anslorena hura ere) loturik dagoena, Eskritura santuak bere emazteari azaltzen. Berlin, Gem:TM)

(Elena de Santiago, 2005)

Bibliografia hautatuta

  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 176, n° cat. 50-a. (Con el título Retrato de Cornelis Claesz Anslo, y atribuido a Rembrandt Harmenszoon van Rijn).
  • Rembrandt en la Biblioteca Nacional : de lo divino a lo humano [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. pp. 176-177.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 60.
  • Dibujos y grabados, siglos XV-XVIII : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2005. pp. 44-47.
  • Goya : estampas de invención : Caprichos, Desastres, Tauromaquia y Disparates [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. pp. 55-56.