Buruzapirik gabeko eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Buruzapirik gabeko eskaintzailea

Anonimoa, III-II. mendeak, K.a.

Brontzea

9,04 x 3,13 x 2,17 cm

82/851

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Mahukarik gabeko tunika batez eta mantu batez dago jantzita. Bi hanken gainean hartzen du atseden, eta tunikaren azpitik oinetakoen puntak ageri dira. Mantuak ezkerreko sorbalda estaltzen dio eta bizkarraldean behera erortzen zaio diagonalean antolatutako toles handi lautan, aurreko aldean gerriaren bueltan bilduta duen bitartean. Laminarra da gorputzaren egitura, gibelaldea ahurra eta kurbatua gorputzaren aurreko aldeko formei laguntzen dien mugimenduarekin. Ezkerreko besoa bertikalean du saihets aldeari itsatsita, eta besaurrea tolestuta du, esku ahurra zabalik. Eskuineko besoa arku forman du gorputzetik bereizirik, eta hautsita du, beraz ez da eraman zezakeen objektua kontserbatzen. Lepoa lodia eta burua oso handia, kopetatik garondoraino iristen diren kizkur bakunek aurpegia inguratzen diotela, ile adatsak garondoan motots txiki batean bilduak. Oso espresiboa da aurpegia, ahoa erdi irekia du, sudurra laburra du eta begiak globulu formakoak.

Siluetaren erritmo kurbatua da irudi honetan aipagarriena, izan ere, aldaken mailan ezkerretara inklinatzen da buruaren mailan berriz ere bertikaltasuna berreskuratzeko, eta horretarako bereizi egiten du eskuineko besoa gorputzetik. Irudiaren mugimendu hori ez dator hanken jarrerekin bat, itxura batean zuzen jarrita baitaude. Hiru puntako diadema duen aurreko eskaintzailearen (katalogoko 67. zenbakia) antzekoa da, italiar motako eta estilo helenistiko aurreratuko botozko irudien seriean sailkatua den irudiaren antzekoa. Pieza honetan, baina, oso nabarmena da kurbatura, eta aurpegiaren keinuak halako antzerki itxura ematen laguntzen du.

Gure irudiaren aurrekari aipagarriena 1861. urtetik ezagutzen den irudi ospetsu bat da, 1863an Vatikanoko Museoek eskuratu zuten. Idulki angeluzuzen baten gainean dago, eta idulkian etruriar inskripzio bat irakur daiteke, arrazoi paleografikoak tarteko K.a. IV. mendean datatzen dena; eta data horrekin bat datoz ezaugarri estilistikoak, S bikoitzean antolatutako siluetaren osaeran jatorri praxitelestartzat har daitezkeenak. Vatikanoko aleak hizketan ari delako keinu garbia egiten du, besoak zabalik eta esku ahurrak irekita dauzka, eta jantziak bikain landuta ditu; gure piezan, baina, askoz ere laburragoa da dena, zangoak irudikatzeko zailtasunak saihesteko luzatu egin zuen egileak tunika, eta askoz ere modu laburragoan adierazi zituen tolesak. Veronako Museo Arkeologikoko eskultura batek (A4, 390. Inb. zk.) ezaugarri bertsuak ditu, baina proportzio are laburragoak ditu, tolesak lauak, eskuak oso era eskematikoan adieraziak eta hazpegiak goxatuak, helenismotik gertuago dagoen bertsio bat balitz bezala.

Vatikanoko Gregoriar Etruriar Museoko bilduman bada antzeko erritmoa duen beste ale bat, beste aldera inklinatuta, eskaintzaileen serie batean kokatzen dena; horietan bularren behe aldean lotzen den tunika da ohiko jantzia, eta horiek ere halako keinu nabarmenak egiten dituzte buruarekin. K.a. III. mendean datatuak dira, horixe litzateke gure irudiari begira kronologiarik aspaldikoena, baina gure irudiaren mehetasunak eta berau lantzeko laburtasunak taldeko berrienen artera sailkatzera eramaten gaituzte.

Nola gorputzaren forma laminarrak hala hazpegien itxura orokorrak erlazio handia dute lehen adierazitako piezekin (9, 60, 66 eta 70. zk.). Horietan brontzea lantzen zuen artisau berezi baten estiloa nabari da, eta hark landutako irudi asko eta asko Nemi aintzira ondoko Diana Nemorensis santutegian egon ziren botozko opari gisa. Hortaz, Despuig kardinalak leku hartan egin zituen aurkikuntzen artean kokatu beharra dago pieza hau. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 373-376, n° 71.