Bilduma online eta irudien salmenta
Bosatsu edo Bodhisattva
Anonimo japoniarra. XV. mendea
Tinta
77,7 x 38,1 cm
82/732
María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an
Zetan egindako pintura hau kakemono (pintura zintzilikaria) batekoa izango zen, baina marko konbentzional batera egokitu da, kristal batez babestua. Horri esker, hobeto kontserbatu da jatorrizko kolorea. Irudi budista bat da, loto lore baten gainean, garbitasunaren ikurra erlijio horretan.
Zein irudi den zehazteko moduko datu ikonografikorik ez dugu. Federico Torralba irakaslearen iritziz, Seishi Bosatsuren irudikapena izan liteke, Kannon Bosatsurena baino gehiago, beti pentsatu bada ere huraxe zela obra honetan irudikatua dagoena. Pertsonalki uste dut Kannon Bosatsuren irudia dela, eskuetan loto lore formako tronu bat duela irudikatzen baitzuten Seishi Bosatsu, Amida budarekin batera, harrera egin behar dion fededunaren arimari hura eskaintzen. Ezkerreko eskuan halako pordoi edo zetro luzanga bat eramateak (muturrean irudi baten aurpegia duena) aurreko haragitze batzuk agertu nahi izango ditu agian, jada Bosatsu gisa ageri den azkena baino lehenagokoak. Nolanahi ere, zetroaren ikur ikonografiko hori ez da batere ohikoa budismoan. Eskuineko eskuaren keinuak, dena emateko zabaldua, Kannon Bosatsuren irudikapenetan beti agertzen den kualitatea adierazten du: babesteko eta fededunei eskatzen dioten guztia emateko prest dagoen eskua. (Fernando García Gutiérrez, 2014)
Bibliografia hautatuta
- Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 124-125, n° cat. 2.