Bohemio bat (Pablo Urangaren erretratua) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bohemio bat (Pablo Urangaren erretratua)

Zuloaga, Ignacio

Eibar (Gipuzkoa), 1870/07/26-Madril, 1945/10/31

Ikatz-ziria kartulinan

62,8 x 29,7 cm

Igo. Zuloaga (eskuineko beheko angelua)

1892

82/2053

Guillermo Col Irazábal jaunaren legatua 1976an

Pablo Uranga 1889. urtean iritsi zen Parisera, Madrilgo Pintura, Eskultura eta Grabatu Eskola Berezian igaro zituen urteetan bere lagun onenetakoa izan zenak deituta: Paco Durrio eskultorea. Hasten ari zen beste artista bat ezagutu zuten han, euskalduna hura ere, hiri hartara urte hartan bertan iritsia Erroman egonaldi bat egin ondoren: Ignacio Zuloaga. Zortzi hilabete aski izan zituen han margotzen zena ez zela berak hartu nahi zuen bidea jakiteko. Hiruak bizi izan ziren eta sortze lana egin zuten Santiago Rusiñol-ek bere Arte inpresioetan erretratatutako Paris bohemio hartan. Orduantxe sortu zen haien arteko adiskidetasuna, eta iraun egin zuen, gorabehera batzuk izan arren, beren bizitzaren gainerakoan.

Urangak eta Zuloagoak elkarri zioten maitasun handi haren testigantza dira hemen aurkezten ditugun bi marrazkiak, hogeita zortzi urteko aldearekin eginak, adiskide bereizezinak izan baitziren bizitzako nahiz arte laneko esperientzia askotan. Zuloagak Urangari egin zizkion erretratuetan lehenengoa da 1892. urtean marraztutakoa. Parisen sinatua eta datatua, Uranga betilun agertzen digu, hogeita hamar urte baino gutxi gehiagorekin, egiazko bohemio gisa jantzia: soingainekoa, zapia lepoan, bizarrarekin eta kalparrak txapelaren azpitik agerian. Marrari eta modeloaren jarrerari erreparatzen badiegu, eta erreferentzia espazialik ez dagoela kontuan hartzen badugu, lotura garbia egingo genuke Ramon Casasen marrazkiekin, Parisko beste lagunetako bat hura ere.

Erretratu hau 1892ko neguan egingo zuen segur aski, Eibarren familiarekin denboraldi bat igaro aurretik. Martxoaren erdialdean itzuli zen Eibartik Parisera. Orduan utziko zuen Bilbon? Baliteke, maiatzean aipatu baitzen El Nervión egunkarian aterako zela: "Parisen bada Elgetako bohemio bat, Elgetako bohemioa bai, horixe esan dut; haren perfilak EL NERVIÓN egunkarian ikusi ahal izango dira hemendik egun batzuetara. Zuloagaren marrazkia, ederra benetan (...)".

Halaz ere, oraindik urte erdia baino gehiago igaro behar izan zuen iragarritako marrazki hura bere orrialdeetan azaltzeko, eta ez zen eguneroko zenbakietako batean izan, baizik eta egunkaria sortu zeneko bigarren urteurrenean harpidedunei beren leialtasuna eskertzeko argitaratu zuen egutegian. "El libro de El Nervión" deitutako hark Ricardo Becerro de Bengoaren, Juan Arzadunen, Óscar Rochelten eta Miguel de Unamunoren testuak zituen, besteak beste, eta azala, berriz, Anselmo Guineak marraztua, motibo nagusi gisa angula harrapatzaile bat zuela. Urangaren erretratua honako inskripzio honekin agertu zen: "Tipo paristarra. Bohemio bat"; hauxe da, Elgetako bohemioa. Nolanahi ere, ez da Zuloagak urte haietan egin zuen bere lagunen marrazki bakarra, gutxienez beste bat baitago (bilduma partikularra). Hartan ere Uranga gorputz osoz ageri da, baina hondoan bere tailerraren zati bat ikus daiteke. Ez da ilustraziorako erabili zen bakarra ere. 1894. urtean, Santiago Rusiñol-ek beste bat erabili zuen margolari gasteiztarrari eskainitako lerroak ilustratzeko Bartzelonako La Vanguardia egunkarirako egin zituen artikuluetako batean, handik hiru urtera Arte inpresioetan bilduko zituenak.

Beste erretratu bat bakarrik ezagutzen dugu lehen horien eta Museoak erosi berri duenaren artean egina, 1905. urtean olioz margotu zuena, tamaina naturalekoa, Segovian egin zuen egonaldi batean (La Habanako Arte Ederren Museo Nazionala). Horrenbestez, hurrengoa, eta ezagutzen ditugunak ikusita, ikatz-ziri lan hau izango litzateke, 1920. urtean Zumaian txeraz eskaini ziona. "Oinazearen ohean marrazten" deitzearen arrazoia izan zen urte hartako udan pasa behar izan zuen gaixotasunetik suspertzen ari zen garaian egin zuela Zuloagak marrazkia. Lafuente Ferrariren arabera, "bere adiskide leial Urangak lagun egin zion gaixorik egon zen bitartean, eta hala zegoela, ohean egin zion Zuloagak bere lagun zaharrari erretratu on horietako bat marrazki hutsean".

Obra honetan jada nabari dira Zuloagaren marrazki helduaren ezaugarriak. Trebetasun handia nabari da marretan eta marrazki guztiz indartsua izan da emaitza. Artistak irudiari ematen dio garrantzi guztia, eta hondoa, Santiago-Etxetik ikusten den Zumaiako itsasadarraren ikuspegia, pixka bat zirriborratua besterik ez dago. Hala, bere arreta piztu duen zerbait -Zuloaga gaixoa agian- lumaren bidez paperera eramaten bere baitan bildua, nahita bilatutako jarreran ageri da Uranga, irudiari denboragabetasuna, iraunkortasun ideia, eman ahal izateko.

Geroagokoak dira, 1929. urte ingurukoak, Urangak ikatz-ziriz egindako beste hiru erretratu, eta beste olio pintura bat; hartan paleta eskuan duela ageri da margotua (Reina Sofia Arte Garaikideko Museo Nazionala, Madril). (Mikel Lertxundi Galiana)

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 174. (Con el título Un artista).
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 118-121, n° cat. 46.