Bilboko zubi esekia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bilboko zubi esekia

Losada y Pérez de Nenín, Manuel

Bilbao, 16/10/1865 - Bilbao, 09/10/1949

Pastela paperean

69,4 x 98,6 cm

Manuel Losada (eskuineko beheko angelua)

c. 1924

82/2523

1995eko usukapioa

Zubi eseki hau XIX. mendearen erdialdera proiektatu zuen Felix Uhagonek lehendik zegoen beste baten lekua hartzeko. Zubi zaharra Antonio Goicoecheak eraiki zuen, baina kalte larriak jasan zituen Lehenengo Gerra Karlistan zehar. Argitalpen batzuek, esate baterako 1852ko martxoko Semanario Pintoresco Español aldizkariak, Goicoechearen obraren ospearen berri eman zuten. Zubi horri eskainia da herri kanta ezagun bateko pasarte hau: "no hay en el mundo puente colgante más elegante que el de Bilbao". Abesti hori gero bere egin zuen Losadak pastel lan honetan kolore biziekin irudikatu zuen zubiak. Bilboko bigarren zubi esekia suntsitu zutenean bederatzi urte zituen Losadak. Kontuan izanik familia Santanderrera joan berria zela gerra karlistatik ihesean, haurtzaroko gertaera honen inguruko oroitzapenak seguruenik lausotuta izango zituen egileak, edo ez zen ezertaz ere gogoratuko.

Sarritan izan da hizpide Losadak amestutako edo birsortutako Bilbo, baina gutxitan azaldu da egilearen pastel lanen eta argazkiaren arteko harreman interesgarria. Errealitatearen aurreko ikuspegia aldatzen lagundu zuen XIX. mendeko asmakuntza hori, historian zehar pinturak izandako nagusitasuna bereganatu zuen asmakuntza hori -errealitatearen atzemate ikonografikoari dagokionez-, sarritan erabili zuten tresna gisa margolari askok eta askok. Manuel Losada ez zen salbuespen izan, eta Luis Torcidaren ("Lux") argazkiak baliatu zituen irudi horietako batzuk lantzeko, agian haurtzaroan ezagutu izanagatik gogoan ez zituen edo, besterik gabe, zuzenean ezagutu ez zituen irudiak lantzeko.

Zentzu horretan, Bilboko 1874ko setioan zehar suntsitu zuten zubiaren irudi bat eskaintzen digu lan honek, ibaiaren eskuinaldeko ertzetik begiratuta. Beste aldean nasaren zati bat ikusten dugu, baita Martzana kaleko etxe batzuk ere, izan ere, bertan bizi izan baitzen artista bere emaztearekin eta seme-alabekin ia hogei urtean, 1917an Begoñako etxebizitza batera joan ziren arte. Argazkiaren eta pastel lanaren arteko konparazioak ez du zalantza izpirik uzten. Izan ere, argazkia oso argigarria da ñabardura askotan, pastel lanean lausotu egiten baitira ñabardura horiek, kasu batzuetan ikuslearen begietara oharkabean igarotzeko moduan, molde hori lantzeko teknikak hartaratuta. (Mikel Bilbao)

Bibliografia hautatuta

  • Llano Gorostiza, Manuel. Losada. Bilbao, Espasa - Calpe, 1975.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 79. (Con el título El puente colgante de Bilbao).
  • Bilbao entre dos siglos [Cat. exp.]. Bilbao, Laida, 1990. p. 12.
  • Larrinaga Bernández, José Antonio. Manuel Losada, 1865-1949 : catálogo razonado : óleos, pasteles, dibujos. Bilbao, Asociación para el Estudio y Catalogación de los Artistas Vascos ; Galería Mun, 2004. pp. 65, 210, il.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 114-115, n° cat. 44.
  • Barañano, Kosme de ; Espel, Miguel. Manuel Losada : catálogo razonado. Madrid, El Lotófago, 2021. p. 198, il.