Bilbao Agosto 1935 / Exposición / de / Industria y Comercio - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bilbao Agosto 1935 / Exposición / de / Industria y Comercio

Anonimoa

Aguada eta aerografoa paperaren gainean

68,5 x 49,9 cm

1935

84/21

1984an eskuratua

Industria eta merkataritza erakusketek oso harrera ona izan zuten hasiera-hasieratik. Izan ere, hedabideetan zabalkunde handia izateaz gain, parte hartzaile eta bisitari asko izan zituzten erakusketa horiek. 1935. urteko edizioan 200dik gora stand izan ziren, eta jai egitarau oparoa eskaini zen: dantzak, berbenak, modeloen desfileak, haurrentzako jaialdiak, iturri argitsua eta arte erakusketak. Hala bada, Unión Arte elkarteak antolatutako eskultura, pintura eta dekorazio artearen erakusketa izan zen azoka horren esparruan. 1933. urtean fundatutako elkarte horrek antolatzen zuen hirugarren erakusketa zen, eta bertan Fernando Maidagan, Julio Infante, Enrique Barros eta Luis Lasheras Madinabeitia artistek parte hartu zuten, besteak beste. Miguel de Unamuno Institutuko 7. eta 8. geletan eskainitako erakusketa horretan 195 artelan jarri zituzten ikusgai 56 artistak.

Abuztuaren 15 eta 31 bitartean izan zen 1935eko Industria eta Merkataritza Erakusketa. Erakusketa hori iragartzeko afixa lehiaketaren bidez aukeratu zuten, egile kopuru handia aurkeztu zen. Afixen garrantzia eta eragina handia zen inolaz ere, parte hartu zuten zirriborroak epaimahaiak erabakia hartu eta hilabete batzuetara jarri baitziren ikusgai Erakusketako lau standetan, aurreko edizioetan horrelakorik egin ez bazuten ere. Egile ezezagunaren lan hau izan zen lehiaketara aurkeztutako afixa asko eta askotatik bat, Luis Lasheras Madinabeitiak proposatutakoa izan zen aukeratua. Gouache hau, baina, ez zen garailea gertatu, eta ondorioz, sekula ere ez zen haren kopia litografiko bakar bat ere egin.

Kartel honen ikonografiak leloaren edukia modu grafikoan nabarmentzeko joera erakusten du. Sei fabrikak irudikatzen dute industria, fabrika horietatik ateratzen den kearen gainean merkataritzaren irudi nagusia ageri da, Merkurio alegia. Argi dago jainko mitologiko hori marrazteko erreferentzia historikoa Juan de Boloniak (1529-1608) 1564an landutako eskultura dela. Hala eta guztiz ere, ez dugu ahaztu behar afixaren egileak segur asko oso kontuan izango zuen bertako erreferentzia bat, Pedro Guimón arkitektoak eraiki berri zuen Merkataritza Bankuarentzako eskultura bat egin baitzuen Moisés Huerta (1881-1962) eskultoreak 1922an. Sei metro garaierako pieza handi hori BBVAren eraikinaren fatxadaren goiko aldean ikus daiteke egun, Mazarredo Zumarkaleak eta On Diego Lopez Haroko Kale Nagusiak bat egiten duten lekuan.

Merkurioren irudiaren erabilera, industriaren eta merkataritzaren aurrerabidearen ikur gisa, ez da bere horretan aurkikuntza bat, ikur hori sarritan erabili baitzuten nola azokak eta erakusketak iragartzeko afixetan hala ilustrazioetan. Adibide batzuk dira Jose Arruek (1885-1977) 1924. urtean Vida Vasca aldizkariarentzat landu zuen azala, Vicente Canetek (1907-1997) 1930eko Valentziako Erakusgaien Azokarako sortutako kartelak eta Nicolás Martínez Ortizek 1934ko Bilboko Industria eta Merkataritza Erakusketari begira landu zuen afixa. Era berean, erakusketako egitarau ofizialaren azalean antzematen dira aipatu jainkoari egiten zaizkion erreferentziak (hegal zabaleko kapelu hegalduna ikus daiteke). Gainera, kea darion tximinia bat ikusten da San Anton elizaren atal bat irudikatzen duen hondoaren gainean. Afixa horren originaltasuna motiboan ez baizik eta erabilitako baliabideetan eta hizkuntza formalean datza. Izan ere, halako modernotasun batez irudikatuta aurkezten du egileak nolabait ere desitxuratu egiten duen Merkurioren betiko irudia. Mazizoaren eta hutsunearen arteko konbinazio horrek (halaxe baitago irudikatuta jainko mitologiaren gorputza) Pablo Gargallo eskultoreak (1881-1934) bere lan batzuetan erabili zituen mintzairetara eramaten gaitu.

Afixaren hondoa da beste elementu aipagarri bat, fabrikek eta tximiniei darien keak eratzen dute hondo hori. Honenbestez, argi eta garbi ikusten dugu nola forma bitxiak eratzetik urrun, kea kaduzeo bihurtzen den, Merkurioren oinarrizko ezaugarri, alegia. Elementu sotil horrek are indar handiagoa hartzen du Lasheras Madinabeitiaren afixa irabazlean, artistak lanabesak eta suge kiribilduak konbinatuta islatu baitzuen kaduzeo bat. Hogeita hamargarren urteetako Bilboko azken Industria eta Merkataritza Erakusketa iragartzeko balio izan zuen haren proposamenak. 1936an beste edizio bat egiteko prestaketa lan guztiak egin ziren, baina uztailean Gerra Zibila piztu eta bertan behera geratu zen erakusketa. Hurrengo erakusketa 1941ean egin zen, urte hartan egin zen Bilboko V. Erakustazoka. (Mikel Bilbao).

Bibliografia hautatuta

  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 402-403, n° cat. 147.
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 231, 318, n° cat. 159.