Bakantea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bakantea

Benlliure, Mariano

Valentzia, 1862/09/08 - Madril, 1947/11/09

Akuarela paperean

89 x 64,5 cm

Mariano B. (ezkerreko behe-angeluan)

c. 1888

82/284

Gregorio de San Pelayo legatua 1928an

Mitologia klasikoan, bakanalak deitutako ospakizun kolektiboetan parte hartzen zuten jainkosa orgiastikoak ziren bakanteak edo menadeak. Bako askapenaren, neurrigabekeriaren eta alaitasunaren jainko grekoaren ohoretan egiten ziren, eta alkohola eta sexua izaten zen haietan nagusi. Erdi biluzik eta marmolezko banku batean erdi etzana, akuarela honetako bakanteak tirsoa du eskuineko eskuan, harriz inguratutako makila, mahats mordo moduan errematatua. Harekin jotzen zituen bere gorteko satiroak lotsagabetzen zirenean. Makilaren falo formak eta amaieran duen mahats mordoak sexualitatearen eta emankortasunaren ikur dira, eta baita bularrak agerian edukitzea eta konposizioan zehar banatutako arrosak ere. Era berean, kredemona edo mahatsondo hostoz egindako koroa darama buruan, Bakoren eta alkoholaren ezaugarri, tirsoa eta bigarren planoan dagoen anfora inguratzen duten aihen-belarra eta mahats parra bezala.

Azkenik, bassaraz estalia dago, hauxe da, pantera edo lehoinabar larrua, Bakorekiko gurtzaren Asiako hedapenaren ikurra, eta baita alkoholak eragiten duen indarkeriarena eta indarrarena ere, bakanteek animaliak txikitu baitzitzaketen gordinik jatera iritsi arte. Irudia dagoen marmolezko bankuaren ertzean egokitutako alegiazko animaliak ere sinbolizatzen du izugarrikeria elementu hori. Erdi etzana eta indar-hustua dago bakantea, ezkerreko eskuan duen panderoari horditurik begira, bere oinetan isuritako kopa ardoak erritoaren amaiera adierazten duen bitartean. Azkendu da katarsi bakikoa.

Irudia dagoen gela, hormako koloreak, apaingarriak, eta lehen aipaturiko elementuetako batzuk ere, ezagunak izango ziren eta Benlliure-k margotuak 1884. urtean Ponpeiara egin zuen bidaian. Era honetako irudikapenen ikonografiaren jakitun handi gisa aurkezten da Benlliure. Ikonografia hori sarritan erabiltzen zuten garai hartako artistek, zuen eduki sentsualagatik neurri handi batean. Teknikari dagokionean, eskultorea izan arren, noizean behin akuarela landu zuen Benlliure-k, besteak beste, Flandriako oinezko tertzioak, mosketariak, mairuak edo espainoladak irudikatzeko, lan haiek aski azkar egiteko modukoak baitziren eta egiteko gastua ere ez baitzen handia. Horrenbestez, dirua lortzeko modu azkarra zen haiek saltzea, eta era berean, munta handiagoko beste obra batzuekin bateratzeko aukera ematen zuen, bere eskultura lanekin, esate baterako. (Javier Novo González, 2007)

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 75, n° cat. 359. (Con el título Una bacante, y atribuido a Mariano Benlliure)
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 32. (Con el título Una bacante).
  • Los Benlliure [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa = Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren Erakusketa-Aretoak, 1987. N° cat. 53
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 188-191, n° cat. 253.
  • Enseñat Benlliure, Lucrecia ; Azcue Brea, Leticia (dirs.). Mariano Benlliure y Nueva York. Madrid, Centro de Estudio Europa Hispánica, 2020. p. 88, il.