Attisen burua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Attisen burua

Anonimoa, II-III. mendeak

Brontzea

3,4 x 2,93 x 1,79 cm

82/914

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gazte baten burua, hazpegi biribilduak ditu. Zuzena da ahoa, eta handiak erliebe angelutsua marrazten duten arku formako bekainen azpiko begiak. Txikia du sudurra, punta kolpe baten ondorioz zanpatuta. Kopetaren erdialdetik abiatzen diren uhin paraleloen bidez du irudikatuta ilea, uhin horiek ile xerlo kiribil bihurtzen dira aurpegiaren alboetan, eta behera erortzen dira paraleloan antolatutako uhin formako ile xerloetan. Punta kurbatua duen txano malgu bat du buru gainean, beherantz itzulia, ebaki batzuen bidez irudikatutako toles erradialetan. Hutsa du gibelaldea, lauan ebakita du. Oso higatuta dago ale honen azal osoa.

Inolako zalantzarik gabe Attisen irudikapena da. Frigiako artzain gaztea da Attis, Zibeleren laguna, eta eskuarki txano frigiar deritzon txano puntadun batez irudikatzen da, eta gorputz osoko irudietan, zangoak gurutzatuta dituela. Haren fisonomia oro har gazteagoa bada ere, sarritan bereganatzen ditu haurrei dagozkien hazpegiak, eta Erosen irudiekin edo haurren itxurarekin aurkezten diren jainkoen irudiekin, esate baterako Dionisorekin, nahasten da sarritan, baina frigiar txanoa Attisi berezkoa zaion ikonografian baizik ez da ageri. Antzeko aleak ugari dira museo askotan, eta ugari dira fisonomian ere aldaketa batzuk ageri dituztenak, badira oso haurren itxura dutenak eta badira helduei dagozkien hazpegiak dauzkatenak, esate baterako, Kordobako Arkeologia Museoan dauden bi aplikeak, horiek ere altzari batean erabiltzekoak baitira. Poyato de Peñacabran (Muriel, Guadalajara) aurkitutako Attis bat, gaur egun Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean dagoena, zalgurdi bateko uhalak igaroarazteko piezari dagokio, eta txano garai eta luze bat du. Antzeko ale hispaniarren artean hurbilena izan daiteke hazpegi berdinak eta neurri bertsuak dituen buru bat, "Giza mozorroa frigiar txanoarekin" modura sailkatua, Antonio Vives Escudero jaunaren bilduman zegoena, Jaengo Félix García jaunari erosi eta gero. Ez du leku egingo zion altzariarekin elkartzeko moduaren aztarnarik kontserbatu, baina, tresna bati baino arka edo kutxa bati atxikita egongo zela ematen du. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 427-429, n° 86.