Atena Promakos - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Atena Promakos

Anonimoa, III. mendea, K. a.

Brontzea

9 x 2,85 x 2,25 cm

82/839

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Zutik dago irudia. Ezkerreko hanka aurreratuta du, bertan hartzen du atseden irudiaren pisuak, eta oin punta ageri zaio tunikaren azpitik. Atzera eramana duen eskuineko hanka zuzen egongo da, eta soina ezkerretarantz inklinaraztera eramaten duen aldaka apur bat tolestera eramaten du horrek. V formako lepoa eta mahukak dituen tunika batez dago jantzita, oinetaraino iristen zaio, eta peploz estaltzen da, gerrian estugune handi bat eragiten duen eraztun formako gerriko batez bildua dena. Peploa apoptygma edo toles handietan luzatzen da tunikaren gainetik zangoetako belaunetaraino. Bularraldearen gaineko peploaren modelatuak babesgarriaren forma, dagokion gorgoneionarekin, gogorarazten du, baina ez da osagarri horretan ohikoak diren elementu bakar bat ere zehazten. Besoak galarazita ditu erabat, baina besoen abiapuntuei eta sorbalden formei erreparatuz gero, besoak gorputzari atxikita eta beherantz izango zituela esango dugu, nahiz eta baliteke ukondoa tolestuta izana eta lantza edo goporra bezalako objekturen bati heldu izana, edo hontza bezalako elementu sinbolikoren bati. Oso handia du burua, bisera handiko kasko batez estalita du. Kaskoak buru osoa inguratzen du, gainalde garaia du, atzerantz dago proiektatuta zabaldutako hego baten modura, baina ez du bestelako apaingarririk. Formaz erdizirkularra du aurpegia, ahoa eta sudurra txikiak, begiak bi globuluren formakoak, bekain handi batzuek mugatutako zuloetan sartuak.

Oso lautua da irudiaren konfigurazioa, eta horregatik uste dugu Italia aldean egina dela, han arruntak baitira gisa honetako estilizazioak, bildumako beste pieza batzuetan ere ongi asko antzematen den bezala. Veronako Arkeologia Museoko bi ale (A4, 228 eta A4, 236. Inb. zk.) eredu berekoak dira, batik bat bigarrena, nahiz eta alde batzuk nabari diren besoen jarreran; hala eta guztiz ere, ezin dira zalantzarik sorrarazi gabe zehaztu, biek ala biek baitituzte besoak hautsita, gure aleak bezala. Pieza horiei kronologia berantiarra esleitu zaie, K.a. III. edo II. mende aldera datatu dira, nahiz eta zuzeneko erlazioa duten Fidiasek Atenasko Akropolian landu zuen Atena Promakosekin, mundu klasiko osoan zabalkunde handia izan zuen ikonografia hau sortzeko balio izan zuen obrarekin.

Nolanahi ere den, ez da soilik Italiako produkzioari berezkoa zaion irudi mota bat, izan ere, ezagutzen dira antzeko irudiak beste herrialde batzuetan. Halaz ere, ezaugarri guztietan antzekotasuna orokorra denez, guk uste dugu gainerako italiar brontzeekin batera iritsiko zela pieza hau Taramona bildumara, italiar brontze horiek baitira bilduma horretan gehienak. Lehen aipatutako Veronako bi pieza horietatik lehenengoa kalitate handiagokoa da, gure piezaren antz handiagoa du jantziei bagagozkie. Bigarrenak antz handiagoa du estiloaren ikuspegitik, etruriar estiloko piezatzat hartua da, baina alderantziz dauzka kokatuta hankak, eta goratuta du ezkerreko besoa lantzari eusteko; beraz, antz handiagoa du Fidiasen ereduarekin.

Palermoko "Antonio Salinas" Eskualdeko Museo Arkeologikoan dagoen antzeko beste ale bat K.a. III. edo II. mendeetako italiar produkzioko obratzat hartua da, goporra eta lantza eramailetzat hartua da bera, baina elementu horiek ez baizik eta beste batzuk ere izan litezke. British Museum museoan bada prototipoa eragin zuen arte grekoari gehiago hurbiltzen zaion irudi bat, ongi asko antzematen zaizkio xehetasunak, eta agerian uzten du gerora tokian tokiko estiloko obrak sortuko ziren italiar giroetan nola ezagutu ahal izan zen. Hain zuzen ere tokiko estiloko artearen baitan kokatu behar dugu gure brontzea. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 110-113, n° 5.